Plentziako Udalak Arpillaoko eraikinaren egoera aztertuko duela iragarri du

Ander Zarraga 2023ko urt. 27a, 09:07

Hesiak Arpillaoko lokaletan, artxiboko irudian.

Bi urtez itxita egon ostean, Plentziako Udalak Arpillaoko aparkalekuko eta lokaletako egituraren egungo egoera aztertzeko txostena eskatuko duela jakinarazi du. Atzoko Udaleko osoko bilkuran egin zuen iragarpenean gobernu-taldeak zehaztu zuen 18.000 euroko partida onartu duela zeregin horretarako eta ez zuen baztertu hobekuntzak egiteko kreditu-aldaketak onartzea.

Plentziako Udalak 2023rako 5,5 milioi euroko aurrekontua onartu zuen atzo, hilaren 26an, egindako osoko bilkuran. Bertan iragarritako neurrien artean, Arpillaoko eraikinaren egungo egoera aztertzeko txosten bat kontratatuko dutela adierazi zuen. Horren balioa 18.000 eurokoa dela zehazteaz gain, gobernu-taldeak ez zuen baztertu bestelako kreditu-aldaketak egitea eraikinean konponketa puntualak egiteko, bi urtez itxita egon diren aparkalekua edo lokalak zabaltzeko helburuagaz.

Udalak 2020ko abenduan eraikinaren itxiera "segurtasun arrazoiengatik" agindu zuenetik, polemika piztu da udalerrian. Izan ere, horren eraginez lokalak egun batetik bestera itxi zizkieten bai Arpillaoko lokaletan egoitza duten bost elkarteei –Arkote Arraun Taldea, Danontzat Gaztetxea, Plentzia Piraguismo Taldea, Plentzia Traineru Baltza eta AMBAR Elkartea–, baita bertako aparkalekuko 293 esleipendunei ere. 

Ordutik, elkarteek hainbat mobilizazio egin dituzte Udalaren ekintza eta gardentasun falta salatzeko; are gehiago, taldeak Arpillaoko Elkarteak Bizirik izeneko plataforman osatu, txosten independente bat egin eta Arartekoarengana jo zuten. Azterlan horretan, besteak beste, ondorioztatu zuten Gaztetxearen lokala "egoera onean" dagoela, eta "iragazketa-arazo puntualak" baino ez dituela, beraz, ez zuten beharrezkotzat jo hori zigilatzea. Era berean, aparkalekuko 293 plazaren emakidadunak ere batu egin ziren eta salaketa jarri zioten Udalari, "administrazio isiltasunagatik".

Bere aldetik, Udalak adierazi du ezin izan duela aurretik eraikinean jardun, aparkalekuko esleipendunek abiatutako eta oraindik irekita dagoen prozesu judizialagatik, El Correo komunikabideak batu duenez. Era berean, gobernu-taldeak adierazi zuen eraikina birgaitzea "herritarren eskaria" dela, baina iazko maiatzekan onartutako funtsean ezin izan zutela jaso.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun