Ibilbide luzearen ondoren, aurreko irailean Espainiako Senatuak partzialki onartu zuen EH Bilduk aurkeztutako Plentziako Errotabarri futbol-zelaiaren auzia eztabaidatzeko mozioa. Arazoa da instalazioak Itsas eta Lur-eremu Publikoan daudela, eta 2016ean horiek berritzeko lanak egin zituztenetik, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak 10 urteko lagapena eman ziola Udalari, beste kokapen bat bilatzeko baldintzagaz.
Ordutik, hiribilduko arduradunak hainbat aukera aztertzen aritu dira zelaiaren lekualdatzea gauzatzeko, besteak beste, Arpillao ingurua, hori baita udalerrian baldintzak bete zitzakeen lursail bakarrenetako bat. Hala ere, EH Bilduk azaldu zuenez, "hirigintza- eta ekonomia-arrazoiengatik ezetsi zen aukera hori". Elixabete Uribarri EAJ-ko alkateak ere zera adierazi zuen arazoaren inguruan: "Plentziak ez ditu antzeko tamaina eta ezaugarriak dituzten beste lursail batzuk, egungoak bezalako kirol-instalazioek har ditzaketenak".
Urteotan, alderdi politikoak eta SD Plentziako arduradunak lanean aritu dira lagapena luzatzeko ahaleginetan, eta, azkenik, 2026tik aurrera kontzesioa bost gehi bost urtez luzatzea lortu dute. EH Bilduko ordezkariek erabakia txalotu dute eta SD Plentzia zoriondu gura izan dute, zera adieraziz: "Bere borroka funtsezkoa izan da lorpen berri honetan". Halaber, Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak egindako lana txalotu eta "bere jarrera ona" ere goraipatu dute.
Hala ere, koalizio abertzaleko kideek luzapen handiagoa espero zutela deitoratu dute, hasiera batean, 2040ra arte izatea eskatu baitzuten, eta lagapena luzatzeko ahaleginetan jarraituko dutela iragarri dute; "partida oraindik ez da amaitu". Halaber, auzo horretan gainontzeko alderdiak mobilizatzeko egin duten lana ere nabarmentzekoa dela ere azpimarratu dute.