Elkarrizketak

Gorka Etxeberria: "Oso gustura nago egin dugun denboraldiarekin, hainbeste bandera lortu ez arren"

Ander Zarraga 2023ko abu. 30a, 14:07

Gorka Etxeberria Oliden oriotarrak lau urte daramatza Arkoteko Plentzitarra trainerua zuzentzen.

Plentzitarrako arraunlariak aste-akabu honetan eta hurrengoan, irailaren 3an eta 10ean, egingo den Kontxako Banderarako sailkapenean lehiatuko dira bihar, abuztuak 31. Horren aurretik, Gorka Etxeberria entrenatzaile oriotarra elkarrizketatu du HIRUKAk, bukatu berri den KAE1 denboraldiaren balorazioa egiteko. 

Etxeberriak horrela laburbildu du abuztuaren 20an bukatu zuten KAE1 liga: "Denboraldia oso ona izan da, gertatzen dena da hainbeste bandera irabazi ez ditugunez ez du hainbeste luzitu". Arkote Arraun Taldeko traineruak bi bandera eskuratu ditu aurten: Pedreñakoa eta Zarauzkoa. Hala ere, sailkapen orokorreko hirugarren postuan geratu dira, liga irabazi duen Sanpedrotarratik bost puntura, eta laugarrenari 20 puntu aterata. 

Zentzu horretan, entrenatzaile oriotarrak nabarmendu du denboraldiko 14 estropadetan erregulartasuna mantentzea lortu dutela, eta hori ere azpimarratzekoa dela. Deitoratu du "oso diferentzia gutxigatik" geratu direla garaipen gehiago lortu gabe, "baina hemen detaile txikienak ere kontatzen du".

Horrez gain, Arkotekoei hiru puntu falta izan zaizkie aurtengo play-offetan sartzeko, eta iaz ere puntu bakarragatik geratu ziren igoera-fasean lehiatzetik kanpo. "Hamar puntugatik kanpoan geratzea tira, baina hiru edo puntu bakar bategatik geratzen zarenean, estropada bakoitzean egindako lanak duen eragina aintzat hartzen duzu", azaldu du. 

Taldea eta harrobia

Urte batetik bestera taldeak dituen bajak kontuan hartzekoak direla ere aipatu du entrenatzaileak; izan ere, aurreko denboraldian egon ziren arraunlarietako seik utzi zuten kluba. "Talde askotan gertatzen den gauza bat da eta oso zaila da ondo ibili eta gero hainbeste bajarekin berriz ere hastea. Neguan ikusten nuen zaila izango zela udaran maila ona ematea, baina gero demostratu dugu ekipoa egitea lortu dugula", azaldu du. Etxeberriaren aburuz, beste klubei begiratuta, "taldeko blokea" mantentzea lortzen dutenak dira urteetan zehar maila onari eusten diotenak

Ostera, denboraldi honetan kadeteek Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako batel txapelketak irabazi ostean, harrobi indartsua duela baieztatu du Arkote Arraun Taldeak. Hala ere, oriotarraren ustez, "taldean entrenatzaile onak eta ilusioa egon arren, gizartean gertatzen dena da jendeak gauzak azkar lortu nahi dituela, baina konpromiso aldetik kosta egiten da arraunean geratzea, beste kirol denetan gertatzen den bezala". 

Imanol Garcia prestatzaile fisikoak eta Gorka Etxeberria tandemak laugarren urtea bete dute Plentzitarraren gidaritzapean, eta, egon daitezkeen erronkak gorabehera, jarraitzeko asmoa dutela iragarri du oriotarrak. "Gu gustura gaude eta ea klubak zer esaten duen; jendeak gogoak baditu gure lehen aukera hau izango da, zalantza barik", aurreratu du. 

Bitartean, bihar, abuztuak 31, Arkoteko arraunlariak beraien bertsiorik onena erakusteko prest daudela esan du Etxeberriak. Kontxako Banderarako sailkatzeko "ilusioarekin eta momentu onean" daudela azaldu du eta ligako beste taldeen aurretik geratzea eta sailkatzea da helburua. "Sailkapenean sartuko bagina kristona izango litzateke", hots egin du oriotarrak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun