Plentziako Udalak % 11 areagotu du bere aurrekontua

Ander Zarraga 2024ko urt. 30a, 16:55

Aurtengo Plentziako Udaleko aurrekontua 6,5 miloi eurokoa izango dira

Plentziako Udalak 6,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2024rako, iaz baino 900.000 euro gehiago. Kontuak EH Bildu eta Isuzkitzako Hautesle Taldearen aldeko botoakaz onartu dira; EAJ abstenitu egin da. 

Urte honetarako onartu berri dituzten aurrekontuetan, besteak beste, Udalak Arpillaoko lokaletarako, Isuzkitzako errepidearen epaiaren exekuziorako, Saratxagaren obretarako eta metro-geltokiaren inguruko obrak gauzatzeko gastuak aurreikusi dituzte. Horrez gain, Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra abian jartzeko 300.000 euroko diru-laguntza izango du, eta Europako funtsetatik ere dirua jasoko du zubia birmargotzeko. 

Aitor Garagarza alkateak adierazi duenez, aurrekontua areagotu egin den arren, zerbitzuen kostua ere handiagoa izango da, "beraz, inbertsiorako % 11 besterik ez da geratzen". Zentzu horretan, alkateak plaka fotovoltaikoen instalatzea, irisgarritasuna hobetzeko lanak, Aranzadigaz memoria historikoari buruzko akordioa edo eskola egokitzeko lanak ere aipatu ditu, Udalak egin gura dituen egitasmoen artean.

Bere aldetik, EAJ kritiko azaldu da aurrekontu horregaz, eta adierazi du plentziarrentzat onak diren partidak murrizten dituztela, hala nola garraioa eta auzoetako hobekuntzak, udalerriko ekonomia hobetzea eta eskubide sozialen alde borrokatzen jarraitzea. Halaber, kritikatu dute feminismoen eta parte-hartzearen zinegotzigoak aurrekontuaren % 0,45 baino ez duela kudeatzen, 29.000 euro urtean, aurreko aurrekontuan baino % 31 gutxiago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun