Urrian egindako hautaketa-prozesuaren ostean, EH Bilduk jakinarazi du Unai del Burgo 40 urteko sopeloztarra izango dela koalizioko zerrendaburua herri horretan. Informazioa zabaltzeko emandako prentsa-oharrean adierazi dutenez, "Sopelako hainbat talde eta esparrutan ibilitakoa" da alkategaia. Haren ibilbidea "ekonomiari, unibertsitateari eta euskalgintzari" lotuta dago.
Unai del Burgo irakaslea da EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, eta ikertzaile dabil unibertsitate horretako GEZKI Institutuan. Gainera, UEUko ekonomia-saileko kide da, baita kontabilitate- eta administrazio-arduraduna ere.
Hauteskunde-zerrenda osatuko duten beste pertsonak aukeratzeko prozesua datorren urteko martxoan egingo dutela adierazi du Sopelako EH Bilduk. Horretan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da koalizioaren barne-erroldan izena ematea.
Hauteskunde-programa osatzeko parte-hartze saioak
Udal hauteskundeetan aurkeztuko duen programa egiteko hiru parte-hartze saio antolatu dituzte. Lehenengoa joan den azaroaren 14an egin zuten, herriaren egoera aztertzeko. Hilaren 28an izango da bigarren saioa, Sopelaren arazoei irtenbideak bilatzeko helburuagaz. Azkenik, abenduaren 13an bilduko dira, jasotako proposamenetatik abiatuta lehentasunak finkatzeko.