Udal-hauteskundeak 2019

Josu Landaluze (EAJ) da Sopelako alkatea, DBgaz azken momentuan egindako akordioari esker

Unai Brea 2019ko eka. 15a, 09:59

Josu Landaluze, aginte-makila eskuan duela. UNAI BREA

Asteotako negoziazioen emaitza jakiteko ia azken momentura arte itxaron behar izan dugu: Denok Baterako (DB) zinegotziak bere buruari eman dio botoa, eta hala, Josu Landaluze izango da Sopelako alkatea datozen lau urteetan. DBk eta EAJk atzo gauean adostutako akordioa dela medio erraztu dute independenteek Landaluzeren izendapena.

Bigarren saiakeran (2011n ere aurkeztu zen, baina orduan EH Bildu izan zen garaile) lortu du Josu Landaluzek Sopelako aginte-makila. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gobernurako akordioa lortuta (DB ere horretan sar zedin saiatu dira, baina alferrik), eta PSE-EEk EAJri babesa emango ziola jakinda, DBk zuen giltza zortzinako berdinketa hausteko. EAJri edo EH Bilduri botoa eman  ezean, automatikoki Landaluze izendatuko zuten alkate, hauteskundeetan boto gehien eskuratu duen zerrendako buru izateagatik, eta halaxe izan da: alkatetzarako bere burua bozkatu du Jon Gerediaga DBko zinegotzi bakarrak, eta hala, jeltzaleek agintean jarraitzea ahalbidetu du.

Hainbat bilera egin ostean, bariku gauean adostu zuten behin betiko akordioa EAJk eta DBk. Gauerdi ostean zabaldu zuten independenteek, sare sozialen bidez, akordioa eginda zegoela, baina haren eduki zehatza ez dute zabaldu gaurko eguerdira arte. Goizeko osoko bilkuran azaldu duten gauza bakarra akordioak hemeretzi puntu dituela da.

DBren esanetan, EAJk bere independentzia errespetatu du, eta horregatik erabaki dute Landaluzeren izendapena ahalbidetzea. EH Bilduk, aldiz, "leialtasuna" eskatzen ziola adierazi du Jon Gerediagak. Gogoan izan beharra dago eurakaz eta Elkarrekin Podemosegaz batera hiruko gobernua osatzeko eskaintza egin ziola EH Bilduk DBri, atzo HIRUKAk argitaratu zuen bezala.

DB: "Gure konfiantza egunez egun lortu beharko dute"

Izendapena egin eta berehala, hitza hartu du Josu Landaluze alkate berriak. Karguan egotea berarentzat "ohorea" dela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie, lehenik, bere alderdikideei, eta ondoren PSE-EE eta DBri. "Sopelarako proiektu handinahia adostu dugu elkarregaz", adierazi du Landaluzek.

DBko Jon Gerediagarena izan da bigarren hitzartzea, baita mamitsuena ere. Azaldu duenez, "herriarentzat funtsezkoak diren hemeretzi puntuko akordioa egun dugu EAJgaz; horien artean daude lehenbailehen ezartzea udal kudeaketarako sistema bat, herritarrrei erraztuko diena behar dituzten espedienteak izapidetzea eta erantzuna jasotzeko itxarote-denbora laburtzea; baita ere gardentasunaren webgunea eta herritarren parte-hartzerako ataria martxan ipintzea". Akordioaren testua HIRUKAra ailegatu da; lehenengo puntuak dio DBk leku bat izango duela (independente mnidura) udalaren gobernu-batzordean.

Egunotako negoziazioei dagokienez, DBko zinegotziak esan du EH Bilduk "leialtasuna" eskatu ziela azkenean EAJgaz sinatu dutenaren antzeko akordio batera ailegatzeko, eta jeltzaleek, aldiz, euren independentzia errespetatzeko konpromisoa agertu dutela, "eta hori erabakigarria izan da Josu Landaluzeren izendapena ahalbidetu dezagun". Hala ere, udal gobernu berriak euren konfiantza egunez egun irabazi beharko duela nabarmendu du Gerediagak, "azken lau urteotan egon den taldeak ez du lortu eta".

EH Bildu: "Oposizio serio, kritiko eta eraikitzailea egiten jarraituko dugu"

Unai del Burgo EH Bilduren alkategaiak egin du berba azkenik. Bere taldeak azken lau urteotan (baita ere aurreko legegintzaldian, alkatetza zutenean) seriotasunez jardun izana defendatu du, eta aurrerantzean ere edukietan oinarritutako oposizio serio, kritiko eta eraikitzailea egingo dutela azpimarratu du, beti elkarrizketarako prest baina euren "proiektu eraldatzailearen" ildo nagusiekiko koherentziari eutsita.

Josu Landaluze alkate izendatu berriak Del Burgori erantzun dio EAJ beti ere elkarrizketarako prest izango duela esanez. Ondoren, HIRUKAri egindako adierazpenetan, berba horiei kritika egin die Unai del Burgok, jeltzaleek elkarregaz jesartzeko borondate eskasa izan dutela nabarmenduz: "Landaluzek hauteskundeetatik hona esan dizkigun lehenengo berbak izan dira". PSE-EEk ere EH Bilduren elkarrizketa-proposamenei erantzun ez izana salatu du koalizioko zinegotziak.

Azkenik, DBren "kontraesanak" aipatu dizkigu Unai del Burgok: "Gu beti saiatu gara programaz berba egiten, edukiez; euren erantzuna izan zen blokeetatik kanpo jardun gura zutela, eta azkenean PSE-EE eta EAJgaz egin dute akordioa, blokea osatuz". Bestalde, Del Burgok ukatu egin du EH Bilduk leialtasuna eskatu dionik DBri, "publikoa den gobernu-programa zehatz bati leialtasuna ez bada".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun