Oposizioko taldeek elkarregaz argitaratutako idatzi batean Sopelako udal-gobernua osatzen duten EAJ eta PSEren gobernantza-estiloa eta adostasunak lortzeko interes eza salatu dute. Zehaztu dutenez, gobernu-taldeak Elkarrekin Podemosetik kaleratutako zinegotziaren babes esplizitua izan du, "gehiengo osoa balu bezala jokatzeko".
"Eskatzen dugu informazio batzordeetan zehatz-mehatz informatzea Udaleko arlo ezberdinetan eragina duten garrantzi estrategikoko gaiei buruz; izan ere, EAJ eta PSE gobernu-taldeak, Podemosetik kanporatutako zinegotzian oinarrituz, batzordeetan inolako eztabaidarik gabe hartzen ditu erabakiak; adibidez, Sopelako trafiko arazoei buruzko prozesu parte-hartzailea", azaldu dute taldeek.
Oposizioko alderdi politikoak deitoratu dute herrian jarritako panelen bitartez izan zutela prozesu parte-hartzailearen berri. Azaldu dute urtarrileko osoko bilkuran bilera espezifikoa egitea eskatu zutela IBATUZ parte-hartze prozesua egiten ari zen enpresagaz, "jasotako ideiei buruzko informazio zuzena jaso ahal izateko eta, horrela, adostutako soluzioei buruz eztabaidatu ahal izateko". Hala ere, oraindik erantzunaren zain daudela kritikatu dute oposizioko taldeak, eta, daborduko, Sopelako hiriguneko trafikoaren berrantolaketa-lanak hasi dituzte, hala nola Sipiri kalean noranzko bakarra ezarri dute Loroñoko bidegurutzea eta gero.
Udalak aurkeztutako aldaketen artean ideia interesgarriak egon daitezkeela aitortu arren, oposizioko taldeek zirkulazio-arazoaren irtenbide integral bat aldarrikatu dute: "Sopelako trafiko-arazoak konpontzeko saihesbideak bultzatu behar dira, hala nola Ingesta kaleko iparraldeko saihesbidea, Urko kaleko hegoaldeko saihesbidea eta Ripa/Artadi saihesbidea".
Gaineratu dutenez, EAJ eta PSE-EE hartzen ari diren erabakiak planifikazio faltaren emaitza garbia dira, "eta ondorioak oso kaltegarriak izan daitezke herriarentzat". Besteak beste, Sipiri kalearen noranzko antolakuntza berriagaz Sabino Arana kaleak jasoko duen trafiko-fluxu areagotuko duela nabarmendu dute.
Zinegotzi transfuga
Gogoratu beharra dago, gobernu-taldea Patricia de los Angeles Alfonso Sousa Elkarrekin Podemoseko zinegotziak 2021eko maiatzeko osoko bilkuran izandako ustezko arazo teknikoa baliatu zutela 15 gehi bost urteko kirol-instalazioen esleipena onartzeko. Gerora, gobernu-taldeak zinegotzia liberatzeko proposamena ere eraman zuen osoko bilkurara, esleipena aurrera ateratzeko jokaldi politikoa egon zela egiaztatuz.
Horren ondorioz, zinegotzi transfuga alderditik bota zuten, baina osoko bilkuretan liberatu moduan jarraitzen du, ez baitzuen zinegotzi-akta itzuli. Hori baliatuz, gobernu-taldeak hainbat auzi aurrera ateratzea lortu du; izan ere, EAJk eta PSE-EEk gutxiengoagaz agintzen duten arren, zinegotzi transfugaren abstentzioari eta alkatearen graziazko botoari esker, gehiengoa izango balu bezala aritu daiteke. Taldeek horrela salatu dute aipatutako idatzian: "Gobernu-taldeak ez du oposizioko alderdiekin adostasunik lortu nahi, ezta akordioetara iritsi ere, Podemosetik kanporatutako zinegotziaren babes esplizitua daukanetik".