Manifestazioaren ondorengo irakurketan gogoratu zutenez, ekainaren 28an, LGTBI+ Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean, sexu eta genero disidenteen altxamendua gogoratzen da, 1969ko egun horretan, sexu-langilea zen emakume trans beltz batek adreilu bat jaurti baitzion poliziari, Stonewalleko matxinada piztuz. Horretaz gain, duela 43 urte Espainiako poliziak Oreretan hil zuen Francis trabestia ere izan zuten gogoan, gertakari horietan bietan disidentzia sexualak hartu baitzituen kaleak. "Ez dezagun inoiz ahaztu lehen harrotasuna poliziaren aurkako istiluak izan zirela", nabarmendu zuten.
Horren harira, deitoratu zuten amorruz ikusten ari direla nola etekin ekonomikoa atera gura dutenak saiatzen ari diren "gure kolektiboa merkantilizatzen"; horren adibide moduan jarri zuten aurreko aste-akabuan Plentzian ospatutako Pride-a. Horrelako ekimenei boikota egiteko deia luzatu zuten, ekainaren 28a esanahia politiko eta iraultzailez hustu, eta "kontsumora zuzendutako aldarrikapenik gabeko jai batean bihurtu" gura dutelako.
Halaber, maiatzaren 27an sopeloztar batek jasandako eraso homofoboa salatu eta erasotuari elkartasuna adierazi zioten. Era berean, domekan, hilaren 26an, kontzertua ematen ari ziren Virgin Mari DJ taldeko kideek jasotako irainak eta mespretxuak ere gaitzetsi zituzten.
Era berean, feminismoaren izenean pertsona transen eskubideen aurka egitea onartezina dela deitoratu zuten, "jendartearen bazterretan daudenen aurka aritzea ez baita feminismoa". Adierazi zuten horrelako diskurtsoak arriskutsuak direla eta eraso
transfoboak elikatzen dituztela: "Guk argi daukagu badagoela transfoboa ez den mugimendu feminista Euskal Herrian, gehiengoa dena eta sexu eta genero disidentziaren aliatua dena. Azken finean, sistema berdinak zapaltzen gaitu, eta borroka honetan bidelagunak gara".
Bukatzeko, Uribe Kosta errotik aldatu gura dutela aldarrikatu zuten, horregatik, eskualdean antolatuta ez dauden trans, bollera, marika, bisexual eta gainontzeko sexu eta genero disidentziari elkartzeko deia zabaldu zieten.