Nolakoa izan da lehen zenbaki hau sortzeko prozesua?
Hitz batean laburbiltzearren: aberasgarria. Symart Magazine argazki-aldizkariko erredaktorea naiz eta beraz aurretiazko esperientzia handia nuen, eta ez nuen zalantzarik ondo aterako zela. Baina UK FOTO aldizkariko kideak nola murgildu diren ikustea eta aldizkariaren atalak nola egokitu ditugun bizita, oso esperientzia aberasgarria izan da.
Zenbat kidek parte hartu duzue aldizkariaren sorkuntzan?
Fisikoki zortzi kidek parte hartu dugu, baina beste kideren baten babesa izan dugu iradokizunak eta ideiak emanez. Baina ziur nago izotza apurtu ondoren UK Fotoko bazkide gehiago batuko zaizkigula aldizkaria egiteko.
Zer izan da zailena?
Niretzat zailena beti da ekarpenik egin ezin ditudan zereginak. Kasu honetan, aldizkariko zailena maketazioa eta itzulpena izan dira. Maketazioa UK Fotoko kidea den Begoren esku utzi genuen. Emaitzari erreparatuz, primeran egin du, eta, gainera, proposatutako epeen barruan.
Laguntzarik izan duzue?
Bai. Kontziente gara euskarak duen garrantziaz eta kolektibo asko gure egunerokotasunean presente egon dadin egiten ari diren ahaleginaz, horregatik , argi genuen UK FOTO aldizkaria bi hizkuntzetan kaleratu nahi genuela. Aitzitik, taldeko inork ez zuen euskara hain ondo menperatzen itzulpena ganoraz egiteko, Naiara izan ezik, baina berak ez zuen horretarako denbora nahikorik. Hori dela eta, Uribe Kostako Mankomunitateko itzulpen-zerbitzuek laguntza eman digute zeregin horretarako.
Online aldizkari bat da, non ikus dezakegu?
Gure elkarteko webgunean ikus eta deskarga dezakezue. Paperean egiteari buruzko ideia ere bileretan aipatu dugu, baina oraingoz arreta jarri nahi dugu hurrengo zenbakiak aurrera ateratzen eta xehetasunak leuntzen. Behin hori guztia menderatuta, zergatik ez ausartu paperean egiteko erronkagaz?
Eduki bereziren bat aurreikusten duzue hurrengo zenbakirako?
Ez, printzipioz ez. Asmoa lan-ildo honetan jarraitzea da, UK FOTO aldizkariaren orrietan agertzen den idiosinkrasia sendotu nahi dugulako. Hala ere, zenbait aletan gure irakurleak harritzea espero dugu.
Nolakoa izaten ari da harrera?
Bada, bi bertsioen artean (gaztelaniaz eta euskaraz) 1.200 ikustaldi baino gehiago ditugu dagoeneko Calameon. Gainera, benetan harritu gaituzten datuak pdf bidezko deskargak izan dira: ez genituen hainbeste espero, batez ere, hain denbora laburrean eta Gabonak tartean zirela. Beraz, oso pozik gaude. Gainera, zenbait pertsonak interesa erakutsi dute beren etxeak aldizkarian ageri diren argazkiakaz apaintzeko, eta horrek asko motibatzen gaitu hurrengo zenbakira begira.