Aurreko urtarrilaren 31n egindako azken osoko bilkuran, Sopelako Udalak Loroñoko lursaialari dagokion arau subsidiarioen aldaketa behin betiko onartzea erabaki zuen, bertan ikastetxe berri berria eraikitzea ahalbidetuz. EH Bilduko, Elkarrekin Sopelako, EAJko eta PSE-EEko 16 zinegotziek baiezko botoa eman zuten; aldiz, AVS/ASS abstenitzea erabaki zuen.
Irakaskuntzako Sistema Orokorrak zabaltzeko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren espedientea 2022ko urriaren 27ko osoko bilkurak erabakitako herritarren partaidetza-prozesuagaz hasi zen, eta, ondoren, ingurumen-izapideakaz eta eragindako erakundeen txostenakaz, 2023ko uztailaren 27ko osoko bilkurak hasierako onespena eman zioten prozesuari.
Jendaurreko erakustaldian alegazioak jaso zituzten, eta horiek aintzat hartu ondoren, agiri batean sartu zituzten behin-behinean onartzeko. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako Batzordera bidali zen, eta, irizpena eman ondoren, Udalak behin betiko onartu zezan.
Adostutako aukera
Egun aparkalekua dagoen Loroñoko lursail horrek 5.400 metro koadro inguru hartzen ditu, eta prozesu parte-hartzaile baten bitartez, Sopelako hezkuntza-komunitateak bertan Haur Hezkuntzako ikastetxe berri bat eraikitzeko lekurik egokiena ebatzi zuen. Proposamen hori 2021eko urtarrilean egindako partaidetza-prozesu baten bidez izan zen hautatua, eta, ondoren, udal-talde guztiek babestu zuten urte bereko otsaileko osoko bilkuran, inolako salbuespenik gabe.
2021az geroztik, hautabide hori defendatu dute udalerriko Hezkuntza Mahaiak, Zipiriñe eta Iberre ikastetxeetako hezkuntza-komunitateek eta udal-taldeek osatutako foroak. Egitasmo horren helburua da udalerriko ikastetxe publikoek pairatzen dituzten masifikazio-arazo larriei irtenbidea ematea: Haur Hezkuntzako eraikin bat Loroñon eraiki, lehen hezkuntza Zipiriñen eta bigarren hezkuntza eta batxilergoa Iberren.
Guruzne Carrasson alkatearen hitzetan, "dagoeneko lortu dugu Loroñoko lursaila hezkuntzarako erabiltzea. Orain, Abaroko lursaila lagatzea geratzen zaigu, Iberrek bere batxilergoa izan dezan. Sopelako Auzo Elkarteak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak prozesua zaildu du, baina desblokeatzeko lanean ari gara".
Bi IPI edo ezer ez
Hezkuntza Sailaren jarrerari dagokionez, Carrassonek honako hau adierazi du: "Eusko Jaurlaritzak berriro jakinarazi digu bi IPI nahi dituela (Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe integralak), bata Loroñon eta bestea Zipiriñen, eta batxilergoa egungo Iberren. Horretarako, 8.150 metro koadro inguruko azalera eskatzen digu Loroñon; edo hori edo ezer ez. Horretan ari gara lanean, baina gogorarazi nahi diegu hori ez dela Sopelako hezkuntza-komunitateak erabaki duena. Ez da Sopelak behar duena".
Daborduko Loroñoko lurzatiaren arau subsidiarioen aldaketa behin betiko onartu dutela jakinarazi diote jada Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari; beraz, 5.400 metro koadroko partzela hori Sailaren esku dago jada.