Urteak daramatzazu maila gorenean lehiatzen. Nola deskribatuko zenuke euskal pilotaren eta Uribe Kostaren arteko lotura?
Ba egia esan, lotura oso estua dela esango nuke. Uribe Kostan euskal pilota beti egon da presente, herri guztietan dago frontoi bat, eta txikitatik hasten gara bertan jolasten. Kirolaz gain, ohitura bat dela esango nuke, bizitzeko modu bat, eta lagunarteko giroaren parte. Uribe Kostak pilotarako grina handia dauka, eta hori nabaritzen da, bai entrenatzerakoan, bai lehiatzen garenean.
Zer rol izan du zure inguruneak pilotari gisa izan duzun prestakuntzan? Eskualdean harrobia dagoela uste duzu?
Nire kasuan, inguruneak funtsezko papera izan du. Hasieratik lagundu didate, bai familia, ikastolak, entrenatzaileak, klubak, lagunak… beti animatzen eta bultzatzen. Eta hori asko eskertzen da, batez ere gaztetan, zalantzak dituzunean edo momentu gogorrak pasatzen dituzunean. Familiarekin hasi nintzen jolasten, eta handik aurrera, pausoz pauso, beti egon da norbait alboan gidatzen. Eta bai, nik uste dut Uribe Kostan harrobi polita dagoela. Badago jende gaztea ilusioz eta gogoz dabilena, eta entrenatzeko aukerak ere badaude. Agian, beste toki batzuetan baino ikusgarritasun gutxiago dago, baina kalitatea badago, eta hori denborarekin ikusten da. Kontua da horri eutsi eta aukerak ematea.
Zer erronka ikusten dituzu gaur egun Uribe Kostako gazteak palara edo beste pilota modalitate batzuetara lotzeko?
Nik uste dut gaur egun erronka handiena dela gazteek hain aukera zabala dutela (kirol asko, futbola, teknologia,...) eta pilota ez dela beti lehenengo aukera izaten. Badaude oraindik pilotari gazteak, baina gehiago erakartzeko, pilota eskolak indartu behar dira, eta, batez ere, jolasteko guneak eta frontoiak bizirik mantendu.
Bestetik, uste dut komunikazioari ere garrantzia eman behar zaiola: pilota erakargarri bihurtu behar da, sare sozialetan presente egon, txapelketak eta ekitaldiak ikusgarriago egin… Azken batean, gazteei erakutsi behar zaie pilotak baduela lekurik gaur egungo munduan, eta, gainera, harrotasunez bizi daitekeela. Eta, noski, erreferenteek ere asko laguntzen dute. Bertako pilotariak ikusgai egotea, gazteek gertukotzat hartzea… horrek motibazioa handitzen du.
Innpalako kide izan zara azken urteotan. Nola eboluzionatu du zirkuitu profesionalak denbora honetan?
Nire ustez zirkuituak okerrera egin du azken urteotan. Ez da behar bezala zaindu, eta horrek nabarmen eragin du pilotarion egoeran. Baldintza ekonomikoak eta lan-baldintzak okertu egin dira, eta, gainera, palista profesionalen kopurua ere murriztu da, aukera gutxiago egonda gazteentzat eta baita jada zirkuituan gaudenontzat ere. Askotan, kanpotik ikusita ematen du dena ondo dagoela, baina barruan gaudenok bestelako errealitatea bizi dugu. Nahiz eta ilusioz lehiatzen jarraitu, argi dago pala eta beste modalitate batzuk gehiago zaindu behar direla, bestela zaila izango da etorkizun sendo bat izatea.
2025eko apirilean, Innpalak ez zuen zure kontratua berriztu. Nola bizi izan zenuen une hori, eta zer irakurketa egiten diozu horri?
Egia esan, momentu gogorra izan da. Ez da erraza urteak daramazkizunean profesionalki lehiatzen eta bat-batean zure kontratua ez berritzea jakitea, are gutxiago arrazoiaren atzean zer dagoen ikusita. Azken hilabeteetan, palistok ahotsa altxatu dugu gure lan-baldintzak hobetzeko, eta horren ondorio zuzena izan da hau. Ez dugu ezer arrarorik eskatu: egonkortasun pixka bat, baldintza duinak eta gure lanaren aitortza. Tamalez, ez dute inolako borondaterik izan gurekin adostasun batera iristeko, eta kontratuak amaitzen joan diren heinean, ez dituzte berritu.
Momentu honetan, Esteban Gaubeka, Ibai Perez eta ni gara kaleratu gaituzten hiru palistak, eta hori % 30a da guztira, zirkuituan hamar gara-eta. Orain zazpi pilotari besterik ez dira geratzen, eta horrekin ez dago modurik jaialdi bat ere antolatzeko. Ez dakit zein den euren asmoa, baina argi dago ez doazela bide onetik. Ni behintzat tinko nago esandakoarekin, eta uste dut gure jarrera beharrezkoa zela. Palaren etorkizuna ez da eraikitzen isilik egonda, eta, askotan, aldaketa bakarrik dator norbaitek lehenengo pausoa ematen duenean.
Egunotan greba abiatu duzue palista profesionalek; zer da eskatzen ari zaretena?
Gure eskaerak oso argiak eta zehatzak dira. Lehenik eta behin, eskatzen dugu palista guztion kontratua berritzea, gutxienez hurrengo lizitazioa irten arte. Hau da, ez du inork sinatuko, bederatziok kontratatuak ez bagara, ez baitago kirolari lotutako arrazoirik inor ez berritzeko.
Bestetik, hitzarmen kolektibo baten inguruan negoziatzeko eskatu dugu. Hemen honako baldintza hauek eskatzen ditugu: pala, prakak, zintak eta bestelako material guztia ordaintzea; aparkaleku-gastuak, bide-sariak eta kilometrajea, bai entrenamenduetarako, bai partiduetarako; soldata minimo interprofesionala ezartzea; partiduetan eta entrenamenduetan gure osasuna eta segurtasuna zaintzea (asistentzia medikoa izanda); prestakuntza fisiko egokia izatea, lesioak prebenitzeko. Hori guztia ezinbestekoa da, lehenik eta behin gure lana profesional gisa aitortzeko, eta, bigarrenik, etorkizunean gazteei aukera sendoak emateko pilota profesionalean hasteko.
Zure ustez, egiturazko arazorik al dago Euskal Herriko pilota profesionalaren kudeaketan?
Bai, nik palaren kasua ezagutzen dut eta honetan arazo nagusia da Aldundiak pala kudeatzeko hautatzen duen pertsonak negozio gisa ikusten duela hau eta pala ez zaiola batere axola. Pala kirola eta kultura da, eta horrela tratatu beharko litzateke, baina, horren ordez, pala profesionala kudeatzen duenak bakarrik ikusten du etekina lortzeko eta negozioa egiteko aukera. Horrek pala eta gure kulturaren balioa gutxitzen du, eta horregatik ezin da kudeaketa honekin jarraitu.
Zer aldatuko zenuke egungo ereduan, pilotarientzat bidezkoagoa eta iraunkorragoa izateko?
Eredu egonkor eta bidezkoa lortzeko, pilota profesionalaren kudeaketa profesionalagoa izan behar da. Kontratuak egonkorragoak izan behar dira, soldata minimo interprofesionala eta lan-baldintza duinak barne. Hitzarmen kolektibo baten negoziazioa beharrezkoa da, materiala eta beste gastu guztiak barne hartuz. Era berean, pilota ez da negozio bat bakarrik, kulturaren parte da, eta hori errespetatu behar da, pilotarien ongizateari eta prestakuntzari inbertituz.
Maila pertsonalean, nola aurreikusten duzu etorkizuna, frontoiaren barruan edo kanpoan?
Nire etorkizuna pala profesionalarekin lotuta ikusten dut, eta espero dut gauzak aldatzea eta maila gorenean jokatzen jarraitzea. Nire osasuna eta prestakuntza fisikoa asko zaintzen jarraitzen dut, eta horregatik, koadro profesionalean jarraitzea espero dut hurrengo urteetan. Hala ere, egia da pilota eta frontoiarekin nire lotura oso estua izan dela beti, txikitatik, eta horregatik, dena alde joanez gero ere, nire lotura horrek beti jarraituko du. Frontoia nire bizitzako parte garrantzitsua izan da eta izango da, bai barruan baita kanpoan ere.
Zer garrantzia dute herriko frontoiek kirolaren hauspotze- eta mantentze-lanetan?
Herriko frontoiak oso garrantzitsuak dira kirola eta pilota bizirik mantentzeko. Horiek dira gazteek entrenatzen eta jokatzen dituzten lekuak, eta horrela, pilota ikasi eta gustuko dutenek aukera dute aurrera jarraitzeko. Frontoiak herriko kulturaren parte dira, eta pilota ez da bakarrik profesionalentzat, baizik eta denentzako kirol eta aukera. Gune horiek mantentzeak eta babesteak pilota etorkizunean ere bizirik mantentzea ahalbidetzen du. Gainera, uste dut udalek gehiago lagundu behar dietela frontoiei eta herriko klubei, izan ere, horiek dira kirolaren sustapenaren oinarria eta pilota herrian mantentzeko giltza.
Azkenik, zein mezu bidaliko zenieke pala edo pilota bat hartu gura duten Uribe Kostako gazteei?
Pala bat, pilota bat eta pareta bat besterik ez dutela behar jokatzen hasteko. Horretarako, frontoi eta klub asko daude gure eskualdean, eta badaude lekuak non jokatzen hasi eta lehiaketetan parte hartzeko aukera ematen duten. Klubek ateak zabalik dituzte, baina uste dut oso garrantzitsua dela ere entrenatzaileek eta monitoreek egin behar duten lana pilotariak eta palistak klubetan eroso eta gogoekin jarraitzeko. Eta batez ere, garrantzitsuena, gozatzea da!