Sakonean

Uribe Kostako palaren taupadak

Iker Rincon Moreno 2025ko mai. 7a, 14:12

San Nikolas plazan txapelketa egiten ari dira egunotan.

Eskualdeko frontoietan pala motzagaz zein larruzko edota gomazko paletagaz aritzen diren pilotari ugari ikus ditzakegu gurean. Afizionatuak dira nagusi, baina profesional mailakoak ere baditugu inguruotan. Azken egunotan, ordea, goi mailako palaren mundua eztabaidaren erdigunean dago, jokalariak borrokarako prest baitira euren lan-eskubideak aldarrikatzeko.

Adarraga, Astelena, Labrit edo Bizkaia bezalako izenak ez ditugun arren, Uribe Kostan ez da frontoirik falta, ezta pilotaririk ere. Eta palak, bereziki, erro sakonak ditu gurean: bertoko pilotari askorentzat ez da soilik kirol bat, baizik eta bizimodu bat, belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura, herri identitatearen parte. Pilotalekuak edo frontoiak Euskal Herriko paisaiaren elementu oso garrantzitsuak dira; pilotagaz kirola egiteko eremuak dira, baina beste hainbat funtzio ere betetzen dituzte: plaza publikoak diren heinean, herritarrak biltzeko gune ere badira eta, gurean, pilotaleku horiek bizitza sozial eta kulturala bizigarri egiten duten leku dira. 

Sopela, Lemoiz edo Getxo bezalako udalerrietan, palaren taupadak ez dira isiltzen: herriko plazetan, klubetan eta txapelketetan entzuten da kolpearen hotsa. Izan ere, palak bizirik dirau ez soilik tradizioagatik, baizik eta gaur egungo pilotariek eta zaleek egunerokoan egiten dutelako lan. Profesionalak bezainbat, afizionatuak, entrenatzaileak eta herritar arruntak dira kirol honen bizkarrezurra. Eta nahiz eta erronkak ez diren gutxi, Uribe Kostako palak badu zer kontatua: historia, grina eta etorkizunerako indarra.

Frontoiak, herriko kulturaren parte

Pilotalekuak askotarikoak dira, eta, gurean, biziki berezia da Algortako San Nikolas plazakoa. Arkupeez inguratuta eta zoru irregularragaz, urtero-urtero ehunaka pilotari batzen da hainbat zalek antolatzen duten pala-txapelketara. Lerrook idazterakoan, bete-betean murgilduta daude 183 bikote jokoan, neska, gizon eta umeen sei kategoriatan banatuta. Unai Garduño txapelketako antolatzaileetako batek azaldu duenez, udalerriko eta inguruko pilotari ugarik ematen dute izena herri-proba horretan, palarekiko afizioaren erakusgarri; aurten, gainera, herriko jendeari lehentasuna ematen saiatu dira; "hala ere, jende nahiko kanpoan gelditu da, eta txapelketako bigarren fasea, ligaxka zena, kanporaketa bezala jarri dugu aurten partidu nahiko kendu eta bikote gehiago sartzeko". Izan ere, nabarmendu duenez, aurtengo lehiaketan inoiz baino bikote gehiagok eman dute izena, eta azpimarratu du neska gehiago animatu direla eta umeen kategoria sortu dutela. Hala, pala-hotsa egunero-egunero entzuten da Algortako erdiguneko plazan, dozenaka lagunen begiradapean, ekaineko hirugarren astean finala nortzuk jokatuko duten zain.

Iker Gordon pilotari profesionalak, besteak beste, Sopela Pala Pro txapelketa irabazi zuen. © IKER GORDON

Sopelako Kurene Pilota Elkarteko kirol zuzendari Patxi Ziskarren ustez, "Getxon lan ona egiten ari dira" palaren hauspotze horretan, hurbileko txapelketek afizioa pizten eta komunitatea biltzen laguntzen baitute. Izan ere, txapelketak ezinbesteko tresnak dira palaren eta pilotaren indarberritzean: plaza publiko bihurtzen dute pilotalekua, ikusgarritasuna ematen diote kirolari eta gazteek maila desberdinetako pilotariak ikusiz ikasten dute. 
Bide horretan, pilotari lotutako askotariko txapelketak eta ekimenak antolatzen dituzte Kureneko lagunek, hala nola Komarkala, Kepa Deuna, Baserri KM0, Eskolartekoa eta profesionalen jaialdiak. Ziskarren berbetan, "ez gara aspertzen", urtero saiakera egiten baitute zerbait berria egiten.

Kureneko kideak dioenez, Sopela beti izan da herri palazalea, eta bertatik profesional asko eta afizionatu "bikainak" atera dira. "Kultura hori beti egon da presente". Hala, palaren presentzia oinarri sendoetan mantendu bada ere, Sopela Pro txapelketa inflexio puntua izan zen. 2024ko irailean ospatu zuten, eta udal-frontoia bete-bete egin zen jardunaldi guztietan: 400 lagun inguruko edukiera izan arren, sarrerak agortu egiten ziren egunero. Ziskarrek gogoratzen duenez, "inoiz ez dut ikusi frontoia horrela, jaietako eskuko profesionalen partidak kenduta. Benetan izugarria izan zen".

Ekitaldi horrek erakutsi zuen pala profesionalak ikusmin eta indar handia duela, behar bezalako baldintzak eskaintzen bazaizkio. Jaialdi horretan parte hartu zuten palistak —tartean Uribe Kostako lau kirolari: Armintzako Esteban Gaubeka, Jagoba Madariaga eta Iñaki Urrutia; eta Iker Gordon sopeloztarra, txapela jantzi zuena Roman Maldonado bikoteagaz batera— publikoarentzat ezagunago bihurtu ziren, eta sare sozialen bidezko zabalkundea funtsezkoa izan zen ikusgarritasuna emateko. 

Pala profesionala, krisian

Palak Uribe Kostan duen presentzia historikoa eta kulturala ezin daiteke uka, baina kirolaren mailarik gorena, pala profesionala, une erabakigarrian dago gaur egun. Innpala zirkuituko pilotariek greba abiatu dute baldintza ekonomikoak eta lan-baldintzak hobetzea aldarrikatzeko, eta horrek agerian utzi du kirol honen atzean dagoen egiturazko ahuldadea. "Askotan, kanpotik ikusita ematen du dena ondo dagoela, baina barruan gaudenok bestelako errealitatea bizi dugu. Nahiz eta ilusioz lehiatzen jarraitu, argi dago pala eta beste modalitate batzuk gehiago zaindu behar direla, bestela zaila izango da etorkizun sendo bat izatea", azaldu du Iker Gordon pilotari profesional sopeloztarrak, "ez dugu ezer arrarorik eskatzen: egonkortasun pixka bat, baldintza duinak eta gure lanaren aitortza, besterik ez". Gainera, kontratuak berritzeke geratu dira hainbat palista —horien artean Gordon bera, Ibai Perez sestaoarra eta Esteban Gaubeka armintzarra—, eta egoera horrek pilotarien artean elkartasuna eta batasuna ekarri du: "Gure eskaerak oso argiak eta zehatzak dira. Lehenik eta behin, eskatzen dugu palista guztion kontratua berritzea, gutxienez hurrengo lizitazioa irten arte. Hau da, ez du inork sinatuko, bederatziok kontratatuak ez bagara, ez baitago kirol-arrazoirik inor ez berritzeko".

Gaur egun, Innpala da profesionalen zirkuituan dagoen enpresa bakarra, eta horrek lehia osasuntsua ezinezko bihurtu duela deitoratu du Patxi Ziskarrek: "Beste enpresa bat sartuko balitz, pilotan bezala, kirolaren osasuna eta kalitatea hobetuko litzateke". Gainera, kudeaketa ikuspegi komertzial hutsetik egiten dela deitoratu dute Ziskarrek eta Gordonek, pala negozio moduan baino ez ikusita, eta bere balio sozial eta kulturala baztertuta. "Pilota ez da negozio bat bakarrik, kulturaren parte da, eta hori errespetatu behar da, pilotarien ongizatean eta prestakuntzan inbertituz", ondorioztatu du Gordonek.

Greba mugagabearen berri emateko egindako prentsaurrekoa, atzo. © ELA

Baldintzak hobetzeko beharra. Bestalde, profesional izanda ere, palaz ezin daitekeela bizi nabarmendu dute eta, ondorioz, pilotari guztiek beste lan bat izan behar dutela bizirauteko, profesionaltasunaren muina kolokan jarriz. Ziskarrek argi dio: "Baloratuta egongo balitz, jende gehiago egongo litzateke prest palan aritzeko".

Ildo horretan, Gordonek salatu du ezin dela zirkuitu profesional sendo bat eraiki oinarri ahul batean. Izan ere, Perez, Gordon eta Gaubeka kontraturik gabe utzita, zazpi palista profesional baino ez dira geratzen, eta "horrekin ez dago modurik jaialdi bat ere antolatzeko. Ez dakit zein den euren asmoa, baina argi dago ez doazela bide onetik".

Hasieran greba partzialak egiten hasi ziren pilotariak, jaialdien egunetan, baina hasiera-hasieratik ez zuten baztertzen egoera larriagotzea eta, atzo, martitzenean, greba mugagabea iragarri zuten. Palaren etorkizuna ez da ziurra, eta pilotariek lehen aldiz kolektiboki eman dute pausoa, aldaketarik ezean, pala profesionalak etorkizunik ez duelakoan. "Palaren etorkizuna ez da eraikitzen isilik egonda, eta askotan, aldaketa bakarrik dator norbaitek lehenengo pausoa ematen duenean", ondorioztatu du Gordonek, eta gaineratu du, nahiz eta ilusioz lehiatzen jarraituko duen, argi dagoela pala eta beste modalitate batzuk zaindu behar direla, "bestela zaila izango da etorkizun sendo bat izatea". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun