Sozialistak gaur goizean egin ditu adierazpenak Bizkaiko Batzar Nagusietan, Zigor Isuskiza EH Bildu taldeko bozeramaileak eskatutako agerraldian. Bertan, Isuskizaren galdera bati erantzunez foru arduradunak adierazi du Urdulizko ospitalera iristen den errepidea urbanizatuta egongo dela uztailaren hasierarako, hau da, irekiko den datetarako. Esan duen bezala, "orain irekita dago, baina erabat urbanizatuta esan nahi dut, behin betiko zoladuragaz, seinalizazioagaz, eta abar". "Dena dela, ospitalea abian jartzeko aurrez ezarrita dauden fase guztiak amaitu aurretik metroak normaltasunez funtzionatuko du".
Euskal Trenbide Sareko (ETS) iturriak aipatuz Vicente Reyesek azaldu du Urdulizko geltokia lurperatzeko obretan "zailtasun batzuk sortu direla euri-uren kolektoreren desbideratzean, baina Ur Partzuergoa, ETS eta Bizkaiko Garraio Partzuergoa batera dabiltzala lanean arazo horiek konpontzeko".
Euskal Herria Bilduk martxoaren 4an erregistratu zuen foru diputatua Urdulizko ospitalea dela-eta metroko lanen berri eman zezan Batzar Nagusietan agertzeko eskaera. Halere, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Batzordean agertu baino aste bat lehenago Reyesek berak erregistratu zuen beste eskaera bat, agerraldia eskatuz. Kasu horretan, ospitaleari dagozkion garraio denez mintzatzeko. Oraindino ez da zabaldu noiz izango den agerraldi hori.