Zer sentimendu dituzu alkate gisa izendatu ostean? Zelan bizi izan dituzu lehenengo une horiek, eta zeintzuk aurreikuspen dituzu hurrengo lau urteetara begira?
Itzelezko pozagaz bizi izan ditut lehenengo momentu horiek, baita beldurrez beteta ere, izan ere, itzelezko ardura da. Edonola ere, prest ikusten dut nire burua erronka honetarako. Hurrengo urteak gogorrak ikusten ditut, baina, aldi berean, oso pozgarriak eta zirraragarriak ere. Errealitate bihurtuko ditugu hainbat proiektu zoragarri.
Esperotako emaitzak lortu dituzue azken hauteskundeetan?
Ni oso itxaropentsu nengoen, eta bai, emaitza hau espero nuen: bozka aldaketa espero nuen. Jendea nekatuta sumatzen nuen, eta erroldatu berrien bozka geure aldera ekartzeko kanpaina "potentea" egin genuen, ezinbestean. Bozka berri ugari gure aldera etorri dira; heldu berriek argi ikusi dituzte herrian dauden gabeziak.
Daborduko badakizue zer-zelako banaketa izango duen gobernu-taldeak, eta zeinek hartuko duen ardura bakoitza?
Bai, dena adostu zen uztaileko osoko bilkuran.
Zeintzuk helburu jarri dizkiozu zure buruari hurrengo lau urteetan alkate gisa?
Nire helburuak, alde batetik, programan markatuta daudenak dira, eta, bestetik, herritarrei eta langileei entzutea: Udaleko zerbitzuetako zein Udalak kontratatutako langileen iritziak entzungo ditut. Halaber, nire xedea da bideratzea herritarren kexak eta kezkak. Adibidez, auzotarren eskariei erantzunez, landako barbakoak itxi ditugu Udaleko osoko bilkuraren adostasunagaz. Langileen esperientzia oso garrantzitsua da eta haien iritziak jakitea oso aberasgarria izan da.
Zeintzuk dira udalerriak dituen erronka nagusiak eta zeintzuk izango dira horiei heltzeko zure estrategiak?
Udal zerbitzuak egungo eta etorkizuneko herritarren beharretara egokitzea izango da gure erronka nagusia. Dena dala, behin Udalera iritsita ikusi duguna da eraikinen mantenua eskasa edo hutsa dela. Horrexegatik, lehentasunetan eraikinen mantenua ere sartu behar izan dugu.
Nola sustatu gura duzu herritarren parte-hartzea eta gardentasuna udal-gobernuaren erabakietan?
Makila hartu baino lehen argi genuen gardentasuna eta herritarren parte-hartzea erdigunean ipiniko genituela. Eta horrela egin dugu. Herrian lan-taldeak sortu dira, Alkatetzari bidea erakutsiko diote eta denon artean udal politika eraikiko dugu. Halaber, herri-batzarrak egongo dira aldian-aldian. Lehenengoa, uztailean egin genuen lan-taldeak aurkezteko. Bigarrena, irailean egingo dugu Kultura lan-taldearen aurkezpena egiteko.
Zein da zure jarrera ingurumenari dagokionez eta zein dira udalerrian jasangarritasuna sustatzeko ezarri gura dituzun ekintzak?
Hiru puntu aipatuko nituzke. Lehena, mugikortasun jasangarria bultzatzea. Ez dugu ulertzen, adibidez, metroaren maiztasuna zergatik ez den oraindino handitu. Horregaz batera, bidegorrien sarea modu funtzional batean garatu nahiko genuke. Bigarrena, jasangarritasun energetikoa da: udal-mailan jasangarritasun energetikorako ekimen berri eta komunitarioak sustatuko ditugu, Udaleko eraikinetatik hasita. Eta hirugarrena, gure herriko ingurumena babesteko neurriak zehaztea. Orain arte izan dugun hirigintza ereduak kalte asko egin du, eta nahiz eta dagoeneko onartuta dauden zenbait proiektu atzera bota ezingo diren, lan egingo dugu aurre egiteko ingurumenak jasotako kalteei.
Zein neurri hartuko dituzu herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, hala nola hezkuntzan, osasunean eta enpleguan?
Lehen bi hilabete hauetan osasun-zentro berria lortzeko lehenengo bilera egin dugu Osakidetzagaz, eta ekinbide horretan arituko gara etsi barik. Bestalde, Urdulizko eskola txiki gelditu da eta Hezkuntza sailagaz gelditu gara irtenbidea lantzeko irailean.
Bestalde, orain arte Behargintza erakundeagaz bideratu diren aldizkako kontratazioak berrikusiko ditugu kalitatezko eta epe luzeko enpleguan duten benetako inpaktua baloratzeko. Iruditzen zait herrian berton enplegua sortzeko aukera handiak ditugula, biztanleria zelan hazi den ikusita. Udalari dagokio herria eta herritarrak aktibatzea Urdulizen enplegua eta lanbideak topatzeko aukerak balia ditzaten.
Gertura begira, proiektu berezirik duzu buruan?
Baditut proiektu polit bi buruan: bata, Urdulizko Kultur Etxea Kulturgune bilakatzea, kultura usaindu, bizi, eta gozatzeko eremu bihur dadin. Bestea, herrian Urduliz gozatzeko eta benetan bizitzeko eremuak sortzea adin guztientzako. Biak martxan ditugu bi hilabete hauetan.
Gehiengo osorik ez duzue lortu gobernatzeko, beraz, oposizioagaz hartu-emanean ibili behar zarete erabakiak hartzeko. Zelan aurreikusten duzu gainontzeko taldeekiko harremana?
EH Bilduk gehiengo osorik ez badu ere, hurrengo lau urtetan gobernatzeko akordioa sinatua du Elkarrekin Urdulizekin. Edonola ere, EAJ-gaz lankidetzarako giroa sortu gura dugu, izan ere, ez dugu errepikatu gura aurreko agintaldietan haiek udal-gobernuan egonda guk pairatutakoa. Bide horretan, jadanik elkarregaz egon gara burdin hesiko bidea eta eskalada puntuak ikusten, urtero egin behar den mantenua denon artean adosteko. Denok gaude prest elkarregaz lan egiteko, eta horrek izugarri pozten nau, politika ez baitut beste modu batean ulertzen.
Emakumea den lehenengo alkatea zara Urdulizen. Nola sentitzen zara afera horrekiko?
Gobernaburua hiru emakumeren artean daramagu, eta, horregatik, pozez kabitu ezinik nago. Historia egin dugula iruditzen zait. Urduliz ikuspuntu ezberdinetik ikusten dugu eta hiruon ikusmoldeak osagarriak direnez, ez dut zalantzarik baieztatzean aldaketak onerako izango direla.