Mecaner lantokiaren eta euskal industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioa egingo dute urriaren 7an Urdulizen

Nahia Martinez Gondra 2023ko ira. 28a, 12:25

Mecaner enpresako langileek 24 orduko greba eta manifestazio jendetsua egin zuten irailaren 21ean.

Irailaren 21ean, Urdulizko Mecaner enpresako langileek 24 orduko greba eta manifestazio jendetsua egin zuten lantokia ez ixtea exijitzeko. Hala, hurrengo urriaren 7rako, zapaturako, beste manifestazio baterako deialdia egin dute ESK, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek. Modu horretan, Urdulizko udaletxetik abiatuko dira arrastiko 17:30etik aurrera euskal industriaren defentsa aldarrikatzeko, baita Mecaner lantegiaren etorkizunaren alde borrokatzeko ere.

Irailaren 15ean, Urdulizko Mecaner enpresako langileak lantokiaren aurrealdean elkartu ziren salatzeko Stellantis multinazionalak 148 langile kaleratuko dituela: irailaren 1ean, enpresak jakiarazi zien lantokia ixteko nahia zuela langileei Enplegu-Erregulazioko Espediente (EEE) bat ezarriz. Hala, guztira 148 langile lan gabe geldituko dira; 144 Mecanerrekoak eta 4 garbiketa azpikontratakoak. Azaldu dutenez, erabaki hori Mecaner barnekoa den Stellantis multinazionalak hartu du, Peugot, Citroen, Opel edota Jeep marken jabe dena. Halaber, langileek deitoratu dute multinazionalak "etekinak pertsonen aurretik jartzen dituela" eta, horren aurrean, argi adierazi dute euren lanpostuengatik borrokatuko dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun