Amaierara arte borrokan jarraituko dutela iragarri dute Mecaner enpresako langileek

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 9a, 11:44

Stellantis taldeak Urdulizko Mecaner enpresa itxi gura du, eta 148 langile kaleratu –144 lantegiko beharginak eta beste lau garbiketako azpikontratakoak–. Herbehereetako talde haren arabera, lantegia ez da bideragarria, ezta produktiboa ere; hala ere, sindikatuek gezurtatu egin dute hori. Enpleguak mantentzearen alde eta tokiko industriaren defentsan, enpresa batzordeak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten zapatuan, hilaren 7an, Urdulizen.

Urdulizko Mecaner lantokiko beharginak borrokan daude irailaren hasieratik, hitzarmen kolektiboa berrizteko negoziazio-prozesuaren erdian fabrikako jabea den Stellantis talde multinazionaleko zuzendaritzak hura ixteko erabakia jakinarazi zuenetik, 148 pertsona kalean utzita, 144 Mecanerrekoak eta lau garbiketako azpikontratakoak. Horren aurrean, euren lanpostuak defendatzeko asmoz, langileak borrokan ari dira egunotan, eta iragarri dute hala jarraituko dutela, "amaierara arte".

Hala, zapatuan, hilaren 7an, manifestazio jendetsua egin zuten Urdulizen, tokiko udaletxetik abiatuta, lantokira arte. Bertan, ehunaka pertsonak babestu zuten enpresa-batzordearen deialdia. Horretan, Mecanerreko langileek azaldu zuten itxiera plan estrategiko baten barruko erabaki bat dela, "helburu argi batekin: mozkin-marjinak handitzea, deslokalizatuz eta kostuak murriztuz (normalean beste langile batzuen esplotazioaren bidez)". Horren aurrean, salatu zuten Stellantisekoek bideragarritasun- eta lehiakortasun-eza hartu dutela aitzakia gisa enpresa ixteko, "baita enplegua suntsitzeko, pobretzeko eta prekarizatzeko". Besteak beste, gogoratu zuten multinazional horrek 16.000 milioi euroko irabaziak izan zituela 2022an: "Lotsagabea izan behar da gero, etekin horiekin lehiakortasunik ezaz hitz egiteko!".

Enpresa ixtea, "ezer berri"

Haienaz gainera, beharginek gogoratu zuten azken urteotan Bizkaiko industria-enpresa ugari ixten ari direla, eta gogora ekarri zituzten hainbat, hala nola Dismodel, Trokenor eta Matricerias Deusto. "Itxierez gain, Uribe Kostan industriako eta kalitateko enplegua galtzen ari da etengabe, eta, ondorioz, industria-enplegua suntsitzen ari da. Horren adibide dira Alconzako kaleratzeak", gogoratu zuten.

Horien ondorioz, Euskal Herrian industriak gero eta pisu txikiagoa duela deitoratu zuten, eskualdea turismoari eta zerbitzuei leku eginez. Hala ere, Stellantisen erabakia "mugarri" bat izango dela iragarri zuten: "Ez dugu onartuko inposatu nahi diguten etorkizun beltza, inoiz ez da aukera bat izan guretzat. Eraso honen aurrean borroka besterik ez zaigu geratzen".

Gogoratu zutenez, Mecaner "erreferentziazko" enpresa da eskualdean, belaunaldi ugarik bertan lan egin baitute. "Fabrika historiko bat da, eskualde eta herri bateko paisaiaren eta historiaren parte direnak", azpimarratu zuten. Hori dela eta, Mecanerreko langileenaz gainera, eskualde osoko eta langile-klasearen borroka dela adierazi zuten, industria-ehuna defendatzekoa, hain zuzen.

Ildo horretan, instituzioei dei egin zieten industria-politika eraginkorrak abiatzeko, uste dutelako horren ondorio dela tokiko industria-ehuna gero eta txikiagoa izatea: "Eusko Jaurlaritzak zein Bizkaiko Foru Aldundiak beren gain hartu behar dute erantzukizuna, eta aktiboki parte hartu behar dute Mecanerren jarraipena ahalbidetuko duen soluzio baten bila. Eginkizun aktiboa izatea, eskualdeko industria- eta ekoizpen-ehuna mantentzeko politika errealak eta eraginkorrak gauzatuz, enpresak etengabe itxi eta deslokalizatzea eta enplegua suntsitzea galaraziz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun