Mecaner enpresako langileek Bilboko kaleak hartu dituzte euren lantokia defendatzeko asmoz

Nahia Martinez Gondra 2023ko urr. 11a, 13:45

Manifestazioa egin dute Bilboko Moyua plazatik Eusko Jaurlaritzaren eraikinera arte. © LAB

Urdulizko Mecaner enpresako langileek euren bigarren greba eguna burutu dute gaur % 100eko jarraipenagaz. Izan ere, Stellantis taldeak enpresa itxi gura du lantegia bideragarria ez dela argudiatuz. Horren aurrean, sindikatuek hori gezurtatu dute eta borrokan diraute euskal industriaren eta enpresaren defentsan. Hala, gaur Urdulizko lantokiaren aurrean piketeak egin dituzte 06:00etatik 08:00etara. Ostean, Bilboko kaleak hartu dituzte eta 09:00etan manifestazioa egin dute Moyuatik Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren  eraikinera arte. Bukatzeko, elkarretaratzea ere egin dute Glavista Autoglasseko langileakaz batera Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren  aurrean, 12:00etan.

Gaur goizean, Mecanerreko langileek euren bigarren greba egunari hasiera eman diote: goizeko 06:00etatik 08:00etara piketeak burutu dituzte enpresaren atarian. Ostean, Bilbon manifestazio egin dute Moyuatik Eusko Jaurlaritzaren eraikinera arte, izan ere, bertan enpresa komiteak bilera egin du lan-sailagaz. Bertan, enpresak alegatzen dituen kausak prestatu dituzte eta "arduraz" jokatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

© LAB

Bileraren ostean, Mecanerreko langileak Glavista Autoglass enpresako beharginen elkarretaratzera batu dira euren elkartasuna eta babesa adierazteko. Hala, eguna bukatu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean batera egin duten elkarretaratze bategaz.

© LAB

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun