Bilera horretan, Mecanerreko langileen egoera eta Stellantisen asmoak azaldu ditu enpresa batzordeak. Besteak beste, bileran hainbat gai azpimarratu gura izan dituzte.
Hasteko, mahai gainean jarri dute enpresaren erabakia plan estrategiko baten barruan dagoela: enpresa batzordeak deitoratu du "deslokalizazio-prozesu bat egin eta Urdulizko lantegia itxi dute irabazi-marjinak handitu eta kostuak murrizteko helburuagaz". Halaber, nabarmendu du Mecaner enpresa "bideragarria eta lehiakorra" dela. Hala, agerian utzi dute azken urtean lantokiak 606.000 euro irabazi dituela eta Stellantis taldeak 16.000 milioi baino gehiago.
Era berean, lantokiaren ixteak dakartzan ondorio negatiboak azpimarratu dituzte, lanekoak zein sozialak, baita zuzeneko eta zeharkako enplegua suntsitzearen inpaktua ere. Gainera, gogorarazi dute Stellantis taldeak EEE bat egin gura duela, Urdulizko instalaziotik alde eginez. Hori dela eta, nabarmendu dute gobernuek ziurtatu behar dituela jasotako diru laguntza publikoak itzuliko dituela. Modu horretan, "jasangarritasun ekologiko eta sozialeko irizpideen araberako industria-birmoldaketari ekin behar diote, betiere lanpostuak mantenduz".
Egoera hori aintzat hartuz, Mecaner lantokiko enpresa batzordeak eskaera zehatz bat egin du: instituzioek zeregin aktiboa izatea lantokiaren jarraipena ahalbidetuko duen irtenbide bat bilatzen parte har dezaten. Horretarako, langileek txosten bat egingo dute: "Enpresaren utzikeria eta zitalkeria ikusita, Mecanerreko langileok kanpoko adituen laguntzarekin txosten bat egin nahi dugu, bideragarritasun-plan bat, lantegiaren ixteko aukeraren aurrean, alternatiba bat ekarriko duena, beti ere, ikuspegi ekosozialetik". Hori egiteko laguntza ekonomikoa eskatu diete instituzioei, baita txosten horretan jasotako alternatibaren aurrean lankidetza eta babesa ere.
Hala, langileek salatu dute ez dutela onartuko "inposatu gura dieten etorkizun beltza": "Gure industriaren desmantelamentu progresiboaren aurrean, herri gisa borrokatzea eta erantzutea baino ez da geratzen".
✊🏽 Langile guztiek egin dute #greba Urdulizko #Mecaner deslokalizatzeko erabakiaren aurka#MecanerEZItxi‼️ #NOalCierredeMecaner‼️
— ELA Eskumaldea (@ELAEskumaldea) October 19, 2023
📲 https://t.co/oh5WZIGWs5 pic.twitter.com/mDeCvMgmjz