Usategi

Agur, Ansoneko!

Joseba Santxo 2024ko urt. 11a, 09:55

Dagoeneko hiru atal eskaini dizkiogu euskal Sanson harrigarri honi. Gehiago ere eman geniezaioke, baina ez da komeni atal hau monopolizatzea, gai interesgarri asko baitaude euskal kulturaren unibertsoan. Hori bai, gaztelaniaz apenas zekien euskaldun honen amaiera ez dugu kontatu barik utziko. Ezta hurrik eman ere! 

Ansonekoak hazitarako zekorrak zituen baserrian. Euretariko handi bezain suhar bat, kana bitik gora luze zena, sagarrondo bati amarratuta zegoen. Halako batean, zezenak arbola apurtu zuen soka tirakaden porasuz, eta artez joan zen belarra ebakitzen lasai-lasai ziharduen Ansonekoarengana. Honek eutsi egin zion animaliatzarraren abordadari bere gorputz gihartsua albait indartsuen trinkotuz, eta ondoren, esku eskoiaz ezker adarrari oratuta eta besteaz lepogainetik helduta, lurrera bota zuen Minotauro hura esfortzu titanikoa eginez.

Egitada hartan, baina, gure Herkules handia herniatuta lotu zen. Hura ez zenez izan urduliztarraren akabuko balentria, hernia okerragotu egin zen, harik eta gure kolosoa 1856ko abuztuaren 24an Urdulizko Ansone baserrian bertan hil zen arte, 44 urte zituela (Altzoko Handia 43rekin joan zitzaigun, biriketako tuberkulosiak jota).

Kontatuak kontatu, eta ondinokarren pertsonaia bihurtutako pertsona honen abenturen egarri lotu bazarete, jakizue Jose Arriagak bildu zituela haren ibilerak (nik hortixek tiratu dut gehienbat) 1931n Ansonekoa izenarekin argitaratu zuen liburuxkan, 1972an La gran enciclopedia vasca-k Ansonekoa, el forzudo vasco izenburupean berrargitaratu zuena. Argitalpen biak Jose Arrue margolari ospetsuaren irudi ederrez apainduta daude (behekoa barne).

Aipatu Jose Arriaga hori (Durango, 1872-Madril, 1857), Juan Crisostomo Arriaga musikari entzutetsuaren iloba-birbiloba zena, Algortatik abiatu zen lagun batekin udako arrastegi eder batean, eta paseoan abiatu ziren txaka-txaka, harik eta Urdulizko Santa Marina haitzak begiztatu arte. Urdulizera iritsita, bat-bateko ekaitz gogor batek baserri batean babestera derrigortu zituen. Baserria zein izango eta… Ansone baserria, Juan Bautista Artaza Iraolaga hezur-haragizko mitoarena. Haren andre Manuela Iturriaga alargunaren ahotik irten ziren HIRUKAko orriotan irakurri dituzuen pasadizo zurgarriak. Beiondeizula, Manuela!

Berba azoka

  • Ezta hurrik eman ere!
    • Pentsatu ere ez!
  • Hazitarako
    • Hazia lortzeko, semental.
  • Zekor
    • Txahala, bereziki arra. Hemen, zezena.
  • Suhar
    • Bizi-bizia, kartsua, sutsua.
  • Kana
    • Luzera neurria, metroa baino apur bat laburragoa.
  • Porazuz
    • Poderioz.
  • Abordada
    • Erasoa, oldarra. 
  • Eskoi
    • Eskuin, eskuma.
  • Balentria
    • Ausardia edo adore handiko ekintza.
  • Koloso
    • Estatua erraldoia.
  • Iloba-birbiloba
    • Lehengusu edo lehengusina baten bilobaren semea edo alaba.
  • Txaka-txaka
    • Astiro-astiro, pauso txikiak emanez.
  • Arrastegi
    • Arratsaldea, arrastia, arratsa.
  • Zurgarri
    • Harrigarria, txundigarria.
  • Beiondeizula
    • Ondo joan dakizula.
Erlazionatuak

Ansonekoa (3)

Joseba Santxo 2023 abe 28 Urduliz

Ansonekoa (2)

Joseba Santxo 2023 abe 27 Urduliz

Ansonekoa (1)

Joseba Santxo 2023 abe 26 Urduliz

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun