LABeko Mecanerreko beharginek lantokiaren itxiera ekiditeko politikak eskatu dizkiete instituzioei

Nahia Martinez Gondra 2024ko apirilaren 15a

Stellantisi EREa kentzeko eta Mecaner zabalik mantentzeko aukerak aztertzea eskatu diote. © LAB

Urdulizeko Mecaner automobilgintza lantokiaren jabe den Stellantisek 2023ko irailean jakinarazi zuen enpresa ixteko erabakia, eta orain Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epean murgilduta dago lantokia. Itxiera jakinarazi zietenetik, langileek erakutsi dute enpresaren bideragarritasuna eta jarraikortasuna posible direla, eta, egun, nabarmendu dute premiazkoa dela instituzioek beharrezkoak diren politikak martxan jartzea.

LABetik adierazi dute Euskal Herriko industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatuko duten politika industrialak behar dituztela, industriaren eta automobilgintzaren trantsizio "sozialki justua eta jasangarria" aurrera eramateko neurriak hartuz eta hori posible egiteko trantsizio batzordeak ere sortuz. "Enpresaren ixteko erabakiaren aurrean, eta instituzioen utzikeriaren aurrean, guri dagokiguna egin dugu, lanpostuak defendatzeko borrokatu baitugu", azpimarratu dute.

Hala, adierazi dute orain alderdi politiko eta instituzioen unea dela, "konpromisoak hartu eta bere ardura betetzeko". Hurrengoa eskatzen dute langileek:

  1. Stellantis multinazionalari: Mecaner ixteko erabakia estrategikoa dela nabarmendu dute, produkzioa merkeago ekoitziko duten leku batera eraman nahi dutelako lantokia. Horregatik, Stellantisi EREa kentzeko eta Mecaner zabalik mantentzeko aukerak aztertzea eskatzen diote.
  2. Eusko Jaurlaritzari: Paper aktibo eta erabakigarri bat hartzea, 144 lanpostuen eta Mecanerreko etorkizunaren defentsan. Gainera, Stellantisegaz eta langileakaz batera Mecanerren etorkizunaz hitz egiteko mahai negoziatzaile bat eratu gura dute. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak esku dituen baliabide eta tresna guztiak erabiltzea eskatu diote, betiere Mecanerrentzat etorkizun bat bilatzeko.

LABeko beharginek argi dute: "Ez dago aitzakiarik, plan bat dago, eta borondatea badago, Mecanerrek etorkizuna du".