Servicio Canino Bizkaia: "Gure lehentasuna da txakurren ongizatea"

Iker Rincon Moreno 2024ko eka. 18a, 08:00

Ivan, Jon eta Xabier, Urdulizen, txakur-haurtzaindegian.

Urdulizen, Zalbidea auzoan, maskotentzako dibertimendu eta ongizaterako lekua eskaintzen du Servicio Canino Bizkaiak, baita haurtzaindegi eta hotel zerbitzua ere, besteak beste. Bertara gerturatuta, elkarregaz jolasean eta korrika dauden 20 bat txakurrakaz topatu ditugu Ivan Pinilla Vela, Jon Aurrekoetxea Aresti eta Xabier Martin Orduna, maskotak eurenak balira bezala zaintzen. Haien proiektua ezagutzera hurbildu gara.

Txakurren jabeen beharrei erantzun eta animaliontzako leku abegikor bat sortzeko asmoz, Servicio Canino Bizkaia zerbitzua jarri zuten martxan Ivanek eta Xabierrek duela 10 urte. “Txakurrentzako haurtzaindegi-zerbitzua antolatu genuen, ikusten genuelako garrantzitsua zela jabeak lanean edo bestelako beharretan zeudenean txakurrak uzteko, haien beharrak bete zitzaten”, gogoratzen dute.

Hala, gura duenak bere maskota eroan dezake Urdulizko haien eremura, baina, gogoratzen dutenez, etxez etxe txakurrak jasotzeko zerbitzua eskaintzen diete bezeroei ere, “askotan ez delako erosoena honaino etortzea”. Gainera, haien haurtzaindegian daudela, txakurrakaz heziketa- eta jokabideak zuzentzeko saioak egiten dituzte, banan-banan.

Eskaintzaren pertsonalizatze horrek berehala irabazi zuen bezeroen konfiantza eta gogobetetasuna, eta eskari gero eta handiagoak negozioaren hedapen naturala ekarri zuen: "Jendea pozik zegoen gurekin, eta hezkuntzaz eta haurtzaindegiaz gain, hotela nahi zuten oporretara joaten zirenerako", gehitu du Ivanek. Eta eskatu eta egin; hotel-zerbitzua ere eskaintzen dute ordutik Servicio Canino Bizkaian, udan eta opor-egunetan batez ere.

Hasierako urte haietan, 3.000 metro koadroko lursail bat zuten, eta eskariak gorabehera, instalazioak txiki gelditu zitzaizkien. Hala, Urdulizera lekualdatu ziren, lehenago hotela zen eremu batera. Bertan egon ziren urtebete, gaur egun duten lekura mugitu ziren arte. “Hemengo hau erosi genuen, gure beharrak asetzeko egokia delako, eta lehenengo bi kokapenek zuten alde onak batzen dituelako”.

Zaintza pertsonalizatuaren filosofia

Ivan eta Xabiren filosofia beti izan da zaintza pertsonalizatua eta kalitate handikoa eskaintzea. "Guk ez genuen lan bolumen handia hartu nahi, kalitatea galtzen genuelako", dio Ivanek. Hala, 30 plaza inguru dituzte, eta txakur bakoitzaren ikuspegi indibidualizatuari eutsi diezaiokete horrela bertan dauden hiru beharginen bitartez. "Izan ere, txakurrek ondo pasatzea nahi dugu, eta etorri nahi izatea", nabarmendu du Xabierrek.

Kalitatearekiko konpromiso hori txakurrak maneiatzeko moduan islatzen da. "Guk ez dugu bereizketarik egiten. Txakurra baloratzen dugu, eta taldeagaz egoteko gai dela ikusten badugu, taldean egoten da lursailean, aske. Eta bestela hezi egingo dugu, taldean egoteko aukera duen arte", azaldu du Ivanek.

Ikuspegi pertsonalizatua eta gertuko tratua funtsezkoak izan dira negozioaren arrakastarako. "Ahoz ahokoak eraman gaitu honaino, bezero gehiago izatera", nabarmendu du Ivanek. Gainera, jabeekiko eguneroko elkarreraginak, bideo eta eguneratze etengabeen bidez, bezeroaren konfiantza eta gogobetetzea indartu ditu.

Ivanek eta Xabierrek haurtzaindegia eta hotela eskaintzeaz gain, txakurren heziketa eta portaera ere lantzen dituzte, Jonegaz batera. Heziketa kasu puntualetan egiten dute, oso saio pertsonalizatuak egiten dituztelako, banan-banakakoak. “Ez dugu taldeka egin nahi; pertsonan eta txakurrean oinarritzen gara”, diote.

Etengabeko konpromisoa

Urteetan zehar, Ivanek eta Xabierrek aldaketa bat ikusi dute gizarteak txakurren beharrei eta eurek eskaintzen duten zerbitzuei buruz duen pertzepzioan. "Jendeak azkenean ikusi du txakurra ez dela loreontzi bat, ezin dela bakarrik egunean ordubete atera. Kirola eta lana behar dutela ulertu da", dio Ivanek. Ulermen gero eta handiago horren ondorioz, handitu egin da haiek eskaintzen dituztenen gisako zerbitzuen eskaria.

Servicio Canino Bizkaiko lankideek egokitzen eta hazten jarraitzen dute, betiere txakurren kalitateari eta ongizateari begira. "Txakurraren kalitatea lehenesten dugu", nabarmentzen Xabierrek. Egiten dutenagaz duten dedikazioa eta maitasuna negozioaren alde guztietan islatzen dira, eta haien eskuetatik igarotzen den txakur bakoitzak ahalik eta arreta handiena jasotzen duela ziurtatzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun