Zenbat urtegaz hasi zinen lurra lantzen?
Oso gazte, 13-14 izango nituen. Bendejera gisa ere urte askoz gehiago barik hasiko nintzen. Nire familian sei seme-alaba izan ginen, baina jaiokeran bi hil ziren. Bi neba eta ni gelditu ginen. Aita 16 urte nituenean hil zen, eta ordurako urte bi baino gehiago egon zen gaixorik. Gero, neba batek kanposantu aurrean zegoen fabrikan olioak eta koipeak egiten lan egiten zuen, eta intoxikatu egin zen. Aldi batean gaixorik egon zen. Horregatik, nik lan egin behar nuen, handik edo hortik dirua lortzeko. Txikitatik ikusi izan dut etxean nola lantzen zen lurra. Beraz, egun gutxi joan nintzen eskolara.
Zeintzuk barazki landatzen zenituzten?
Jartzen genituen porruak, artoa, indabak, ganaduarentzako erremolatxa, naboak, zerbak, azak, bainak… Garia ere lantzen genuen. Butroiko erreka ondoan errota bat dago eta bertara eramaten genuen irina, taloak egiteko. Egungo beste barazkiak nik oraintxe ezagutu ditut, brokolia, adibidez. Barazkiak salduta, gero etxerako eraman ahal genituen olioa, azukrea eta kafea. Otzaratxu batean sartzen genuen, aste guztirako.
Zeintzuk ziren zure teknikak ortuariak saltzeko?
Regateo-a egiten nuen, kar-kar. Pezetakaz ibiltzen ginen. Udan sagarrak izaten genituen: sagar kiloa, pezeta bi. Orduak aurrera joaten zirenean saltzen ez nuela ikusten banuen, ahal nuen prezioan saltzen nuen etxera dirua eramateko. Nik saltzeko teknika, eskasa, kar-kar.
"Abadea zen nire
neba Gotzon Areetako
elizako mezara joaten
zen. Gero bertan
egondako andreak
bere atzetik etortzen
ziren sagarrak berari
erosteko, kar-kar"
Urdulizetik Areetara arte nola joaten zinen?
Astoa gainean eramaten genituen barazkiak geltokira. Egungo Urdulizko metro-geltoki ondoan "burrera" esaten zioten tunel bat zegoen garai hartan. Astoak han gorde eta Areetara trenez joaten ginen. Trenean bagoi bat zegoen bendejera eta esne-saltzaileentzako, jenderik gabe bertan joateko. Ordu erdi tardatzen nuen Areetara trenez. Plentziara ere trenez joaten ginen. Batez ere joaten ginen sanantolinetan, iraila hasieran, azoka berezia egoten zelako bertan. Areetan apur bat ezagutzen nuen jendea, eta lastima emango nien beharbada, kar-kar. Hain umetxu lanean. Udan, nire beste nebak, Gotzonek, ere saltzen laguntzen zidan. Abadea zen, eta urte osoa egoten zen seminarioan. Udan laguntzera etortzen zenean, otzarak kargatzen eta ekartzen laguntzen zizkidan, beste gauza batzuen artean. Areetako elizara mezara joaten zenez, gero bertan beragaz egondako andreak bere atzetik etortzen ziren sagarrak berari erosteko, kar-kar.
Zure ustez, zein zen bendejera lanaren gauzarik gogorrena?
Lurretik atera behar zena. Lurra lantzea eta gero hazten zena batzea. Kilo bat indaba hartzeko, horiek guztiak egin
behar zenituen aurretik. Den-dena maiatza baino lehenago hasten nintzen lantzen eta indabak batzen nituenerako abuztua zen. Bainak eta horrelakoak apur bat lehenago etortzen ziren, baina, zaila, dena zen. Ez da orain bezala. Orain traktoreak daude eta errazagoa da lurra lantzea. Laguntza askorik ez nuen izan lanean gaztean nintzenean. Pentsatzen
paratzen naizen bakoitzean negar egiteko gogoak etortzen zaizkit.
Garai hartan, esku-artean zenituen produktuak saltzerakoan, hartu-emanak euskaraz egin ahal zenituen?
Pentsa ere ez! Baten bat euskaraz topatzen zenuen beharbada. Nire kasuan, eskolan hasi nintzenean, ez nekien ezertxo ere ez gazteleraz. 6-7 urtegaz hasi nintzen eta "sí" eta "no" ere ez nekien, gure etxean ez delako erdararik entzun sekula. Baina zelan edo halan ikasi genuen eta ulertarazten ginen. Gainera, eduki genituen irakasleakaz ere, pentsa ere ez euskaraz berba egitea! Nahiz eta abizen euskaldunak eduki, ez zekiten euskaraz. Eta bihotzez ez ziren euskaldunak; hori are gutxiago. Miren deitzen zen ume bat zegoen, eta irakasleak oihuka esaten zigun "Será María!". Baina denbora gutxi egon nintzen eskolan. Zazpi urtegaz hasi baginen, 10 urte bete nituenerako utzi nuen, ardiakaz, behiakaz eta amamagaz egon behar nintzelako.
Bendejari buruzko zerbait positiboa?
Dena ondo saltzen zenuenean. Bestela, bada positibo… kar-kar. Zerbait ondo salduta zegoenean
eta gauza apur bat gehiago etxera eraman ahal zenuenean pozik etortzen zinen.
"Egungo Urdulizko metro-geltoki ondoan burrera esaten zioten tunel bat zegoen garai hartan. Astoak han gorde eta Areetara trenez joaten ginen"
Urdulizek aldaketa nabarmena izan du azken urteotan; zelakoa zen zure garaiko tokiko landa eremua?
Gaur egungo Urduliz ez dut ezagutu ere egiten. Neuk ere ez dakit non nagoen neu. Nire aitita eta amama koitaduek ikusiko balute... Ez du zerikusirik. Urte gutxi honantz nik uste desfasatu egin dela.
Gaur egun, garaiak hainbeste aldatu ostean, bendejaz bizi ahalko zinateke?
Ez. Handiek txiki denak jan dituzte. Lehen beste bendejera bat zegoen Urdulizen eta lan asko egiten zuen. Urdulizko metro-geltoki ondoan denda bat zegoen eta horra eramaten zituen barazkiak. Baina orain denda txiki guztiak hil dira. Handien kontra ezin da ezer egin. Ondo batzen dituzun barazkiak gehiago kostatuko du eta apur bat hobeto ordaintzen ez bada, ezin duzu dirurik atera. Ogirako ere ez, esaten den moduan.