Elkarrizketak

Gotzone Butron: “Helburua jolastea zen, besterik ez”

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 12a

Aitziber Raya eta Gotzone Butron © GOTZONE BUTRON

Etxepare sariaren irabazleak diren Gotzone Butron idazleak eta Aitziber Raya ilustratzaileak  Orkestra zooragarria sortu dute, haur literatura eta musika klasikoa uztartzen dituen proiektu berezia. Liburua jolaserako eta gozamenerako gonbidapena da; mezurik gabea, baina emozioz betea.

Zer da zuretzat Orkestra zooragarria: ipuina, esperientzia edo mezua?

Ipuina da, literatura hutsa. Ez genuen mezurik transmititu gura; gozamenerako egindako lana da. Etxean musikariez inguratuta bizi naiz eta mundu hori oso gertukoa dut. Behin opera batean pentsatu nuen: “Soprano baten alaba nolakoa izango da?” Nik alaba bat dut eta bibolina jotzen pasatzen du eguna. Hortik abiatu ginen, helburu zehatzik gabe, istorio bat sortzera.

Zerk bultzatu zintuen musika klasikoa eta haur literatura uztartzera?

Musika klasikoa nire bizitzako parte da beti. Horregatik, nire esperientziatik eta ingurutik abiatu nintzen, modu naturalean. Ondo pasatzeko ipuin bat egin nahi nuen, besterik ez.

Nola hurbil daiteke musika klasikoa haurrengana, "serioegia" dela pentsatu gabe?

Umeei denetarik gustatzen zaie, baldin eta kalitatezkoa bada. Jaiotzean ez dute erabakitzen zein musika gustatuko zaien; eskaintzen zaiena ezagutzen dute. Gurasoek ohitura hori ez badute, haurrek ere ez dute entzungo. Horregatik, aurkeztea eta partekatzea da gakoa.

Liburuan gizakiak eta animaliak harremanetan jartzen dira. Zer sinbolizatzen du horrek zuretzat?

Animaliak haur literaturan ezinbestekoak dira; haurren ispilu bihurtzen dira. Horregatik, naturala egin zitzaidan haiek erabiltzea. Bremengo musikariak etorri zitzaizkidan burura, baina ez nuen kopiarik egin nahi. Helburua haurra erdigunean jartzea izan da, ez helduaren begiradatik idaztea.

Nolakoa izan da Aitziber Rayarekin lan egitea?

Iruñean ezagutu genuen elkar, Bikoteka tailer batean. Hasieratik sortu zen konfiantza eta ulermena. Nik testua sortzen dut, eta berak irudietan bizitza ematen dio. Bere sentsibilitatea eta nire istorioaren tonua bikain uztartzen dira; berarekin lan egitea plazera da.

Zer izan da sortze-prozesuaren unerik “zooragarriena”?

Lehenengo bozetoak ikustea. Irudietan nire pertsonaiak, nire umeak ikusten ditut. Dena amaituta ikustea polita bada ere, magikoena lehenengo ilustrazioak jasotzen dituzun unea da.

Zergatik gehitu zenuten QR bidezko kantuen ideia?

Zentzua zuen: liburuan aipatzen diren piezak entzun ahal izateak esperientzia osatuagoa eskaintzen du. Istorioa musikarik gabe irakur daiteke, baina musikarekin beste dimentsio bat hartzen du. Nire inguruko musikariei esker izan zen posible; gonbidapen modura ulertu genuen.

Eta “etxean egiteko orkestra” proposamena?

Musika ez da soilik soinua: edozer gauzarekin sor daiteke. Etxean tresnak egin genituen material birziklatuekin, gure “orkestra txikitxoa”. Liburuan bakoitzak bere istorioa alde batera utzi eta besteekin bat egiten du, orkestra osatuz. Hori da mezu nagusia: sortu eta partekatu.

Nola hartu zenuten Etxepare sariaren albistea?

Ez genuen espero. Sari hori oso preziatua da eta maila handiko lanekin lehiatu ginen. Poz handia izan zen guretzat, benetan kuttuna.

Eta orain, zertan ari zara? Beste ipuin musikal bat dator?

Aitziber eta biok proiektu berriak ditugu esku artean. Bata, 0–4 urteko haurrentzat sortua, Uribe Kostan aurkezteko asmoarekin. Beste bat fikziozko lana izango da, eta hirugarrena informazio-liburu baten hasiera besterik ez da oraindik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun