Europako bihotz biren taupadak sentitzeko aukera izan du HIRUKAk azken aldian. Lehenengo bidaia orain dela aste batzuk egin zuen, eta Ninbek eta Anderrek erakutsi zioten bidaiatzeko beste modu bat: mugikorrean! Hala da, ez ahaztu, kanpoan gaudenean ere, Uribe Kostaren berri izan dezakegula sakelakoaren, tabletaren eta abarren bidez, Internetez, www.hiruka.eus agerkarian sartuz!
Gainera, egunotako neguko hotza gainditzen lagundu digute Ninbek eta Anderrek, eskerrik asko! Argien Hiriburua, maitasunaren kabi delakoan izateak poztu eta piztu du HIRUKAren bihotza.
Bigarren bidaian, pasa den astean, urruntxoago baina gure kontinentetik irten barik, Europako erdialde-ekialdean, Hungariako hiriburua ezagutzeko aukera eman zioten Goizane eta Ainizek HIRUKAri. Aurreko astekaria motxilan sartu, eta Budapesteraino eroan zuten. Parlamentuaren aurre-aurrean ateratako argazkia helarazi digute, itzela! Benetan, eskerrik asko, Goizane eta Ainize!
Mila esker lauroi! Aupa zuek!
Eta, esan ohi dugun legez, besteek ere badakizue: ibili munduan, eta eroan HIRUKA motxilan edo sakelakoan! Eta argazkiak bidali HIRUKAri!
Besarkada bana!