"Oso pozik gaude, uste dugulako egun hau inflexio puntu bat izango dela" esan du Portugaleten, Bizkaiko Zubiaren ondoan 60 bat grebalarik egindako performance-ren ostean. Ezkerraldeko emakumeek Uribe Kostako etxeetan egindako zaintza-lanak gogorarazi dituzte, bortxakeria matxistak hildako andreak oroitzeaz gainera. Gaur bandera feminista dago Bizkaiko Zubiaren buruan.
Feministek eskularruak eskegi dituzte Canilla pasealekuan, irudikatzeko gaur ez dutela zaintza-lanik egingo. Modu berean, gogora ekarri dute gaur andre askok ezin izango duela grebarik egin ez dietelako utziko. Performancea bukatuta, dantzan ospatu dute ekimena. Uribe Kostara bueltan, gosari komunalaz gozatu dute Areetako Zubiko plazan.
Bitartean hainbat babes jaso du grebak gaurkoan. Besteak beste, Esnatu Leioak, Plentziako EH Bilduk edo Guk Getxok jakinarazi dute bat egin dutela. ELAk itxi egingo du Areetako egoitza lanuzteen ordutegian. Algortako Tres-bien kafetegiak ere lanuztea egingo du, 15:00etik 16:30era.
Hurrengo mobilizazioak
- Grebak eta lanuzteak: CNTk eta CGTk egun osoko grebara deitu dute; EHUko Ikasle Kontseiluak lanuzte akademikoa ezartzea eskatu dio unibertsitateari; euskal gehiengo sindikalak, lanuzteetara (11:00-15:00 eta 18:00-22:00), baita CCOOk eta UGTk ere (11:30-13:30 eta 16:00-18:00).
- 11:00 Hitzordua Algortako Telletxe plazan, manifestazioa eta eguneko kontuak prestatzeko.
- 11:00 Leioako bulebarrean, Andraken elkarretaratzea.
- 12:00 Algortako Telletxe plazan. Eskualdeko manifestazioa.
- 12:00 Erandioko Irailaren 23a plazan. Ekitaldia eta martxa Eskuen Lorategiraino.
- 12:00 Sopelako udaletxean. Itzarturen elkarretaratzea.
- 12:45 EHUko Leioako campuseko Mikel Laboa plazan, argazkitzarra eta manifestazioa.
- 13:00 Algortako Telletxe plazan, kontzertua, bertsolariak, dj-ak eta mikro irekia.
- 20:00 Bilboko Jesusen Bihotzean. Bizkaiko manifestazioa.
Mugimendu Feministaren prentsaurrekoaren bideoa
Itziar Gandarias eledunak eman ditu #M8 #M8planto #GrebaFeminista #ukgrebafeminista-ren datuak: jardunaldi “historikoa” izaten ari da, “inflexio-puntua” izango dena. “Poz-pozik gaude”. Daborduko, Euskal Herriko 100 herri eta auzoetan badira ekimenak. Batzeko deia egin du. pic.twitter.com/WV8LDluUZd
— Hiruka (@HirukaEus) 2018(e)ko martxoak 8
Mugimendu feministaren berbak, hitzez hitz
Hona deitu zaituztegu gure lehenengo adierazpenak emateko, Euskal Herriko mugimendu feministatik jada egun historikoa jotzen dugun honetan. Lehenengo aldia da emakume guztiak gelditzera deituta daudela, etxeetan, lan tokietan, kontsumoan eta hezkuntzan.
Egunak argitu besterik ez du eta jada badakigu hiriburu guztietan eta herri askotan ekintza ezberdinak gauzatzen ari direla. Hemen, gure atzealdean etxeko langileei zein zaintzaileei modu sinbolikoan gure elkartasun guztia ematen ari diegu. Eguna gaueko kazeroladekin hasi da, amantalak balkoietan, Gasteizen kalejirak egin dira hiri osoan zehar eta esan dezakegu hiri osoa kartelez josita dagoela. Donostian laster, 11:00tan bizikleta-martxa bat egingo da, eta Iruñean, goizeko zortzietatik hainbat pikete informatibo egiten ari dira. Esatea ere, herrietan gaurko eguna goizean goiz hasi dela, hamaika ekintzekin. Esan dezakegu Euskal Herri osoko 100 herri eta auzo baino gehiagotan grebarako ekintzak antolatu direla.
Oso pozik gaude, uste dugu egun hau inflexio-puntua dela borroka feministan eta horrek pentsarazi egin beharko diela agente politikoei zein instituzioei. Gaur emakumeok planto egiten dugu, gu barik mundua gelditzen baita; baina argi dago bihartik aurrera mundua berriro martxan jarriko dela eta gure bizitzek arriskuan jarraitzen dutela. Beraz, egun honetatik aurrera ezin izango da beste alde batera begiratu.
Emakume guztiak animatu nahi ditugu greba egitera, gurekin bat egitera. Eta gogorarazten dizuegu 12etan eta 20etan ekintza eta mobilizazio ezberdinak deituta daudela.
Gainera, gogoraraztea 16:00etan Gasteizen patxada gehiagorekin egun honen balorazioa egingo dugula.
Eskerrik asko.