Aurtengo mobilizazioak immigrazioaren aurkako Italiako gobernu-hitzarmena izango du jomugan. Izan ere, Mugak Zabalduz karabanaren ustez, "Italia berria xenofobiaren 'x'-z idazten da". Deitoratu dutenez, Europak Afrikagaz dituen mugak kanporatzeko asmoz hartu dituen neurrien islada da Italia: "Giza eskubideen urraketa sistematikoak burutzen dituen Libiarekin egindako sasi-akordioez gain, Italia Bruselak ematen dituen laguntzen hartzaile nagusia da". Era berean, egoera horrek okerrera egin dezakeela uste dute, herrialdeko gobernu berria izendatzeko atarian, 5 Stelle eta eskuin-muturreko alderdia den Lega Nortek gutxieneko programaren baitan hartuko dituzten neurri xenofoboen berri eman dutelako.
2016an, karabana Grezian izan zen, eta bertan EBren eta Turkiaren arteko "lotsaren ituna" salatu zuen, eta joan-etorri segurua zein harrera duina aldarrikatu zituzten, Siriako gerratik ihesi zeudenentzat. 2017an, Melillan, Europara heldu bezain lasterreko itzulketak, kontzertinadun hesiak eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak salatu zituzten, baita joan-etorrian dauden emakumeek jasan beharreko indarkeria, mugen arteko langileen lan-esplotazioa eta Marokorekiko mugak azpikontratatzeko akordioak ere.
Karabanaren helburuak
Karabanak izaera politikoa duen heinean, arreta berezia ipini gura du bortxatutako lekualdatzeen arrazoietan, "hertsiki lotuta daudelako egun darabilgun sistema kapitalista, patriarkal eta neokolonialarekin". Are gehiago, horrek ahalbidetzen du pertsonen esplotazioa, baliabideen ebastea, biolentzia, gerrak eta pertsonen erbesteratzea, azaldu dutenez.
Hala, iragarritako aurtengo karabanaren helburuak hurrengo hauek dira:
- Muga Franko-italiarrean, Sizilian eta Calabrian, pertsona errefuxiatu eta emigranteak hizpide dituzten EBeko gobernuen politikak sufritzen eta hauei aurre egiten saiatzen ari diren horien errealitate, auzi eta lorpenak ezagutzea.
- Herri hauetan gauzatzen dabiltzan borroka eredu eta bizipenetatik ikastea.
- Gobernu eta enpresa europarrek gurera hurbiltzeko saiakeretan hildako pertsonen, bertara heldutakoen giza eskubideen bortxaketen, eta Ekialde Ertain zein Afrikan jazotzen ari diren gatazka armatuetan eta beraien errekurtso lapurtzea duten erantzukizunaren aldarria egitea. Gudu hauek baitira, egun, babesleku seguruago baten bila lekualdatzeko arrazoirik nagusiena.
- Emakumeek migrazio prozesuetan duten presentzia ikustaraztea; emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeria espezifikoa agerian jartzeaz gain, egoera honen protagonista eta subjektu politikoak direla berresteko.
- Pertsona errefuxiatu eta emigranteen gaiari dagokionez hartutako erabaki eta jarrera politiko hauei aurre egiteko beta hartu duten pertsona eta kolektiboekin harremanak estutzea.
- EBk hartutako erabaki eta jarrera politiko hauei aurre egitea ahalbideratuko diguten erresistentzia eta babesleku seguruago baten bila Europara lekualdatzera behartuta ikusi duten horientzako harrera estrategiak aurrera emateko sareak jostea.
Egitaraua
13: Bilbo- Donostia –- Iruña - Vitoria-Gasteiz-/ Salt (Girona). Ekitaldi politikoa eta Karabanaren hasiera bateratua.
14: Salt-Ventimiglia: Muga franko-italiarrean manifestazioa, Italia eta Frantziako hango erakundeek antolatuta.
15: Roya haranera edo Bardonechia eta Ventimiglia herrietan lanean diharduten pertsona zein erakundeekin topaketa. Genovan ontziratzea, Palermora abiatzeko.
16: Palermora heldu. Harrera ekitaldiaz gain, afaria eta gaua bertan egingo dute.
17, 18 eta 19: Palermo-Catania. Ekintzak, bertako taldeakaz koordinatuta.
20: Riacera iritsi, ekintzak.
21: Riace-Civitavecchia. Bartzelonara bidean, ontziratzea.
22: 20:30ean Bartzelonara helduko dira, eta 8 ordu geroago etxean egongo dira.
Ibilbidearen nondik norakoak
Frantzia eta Italia arteko mugan, Ventimigliatik Briançonera, poliziak migratzaile eta errefuxiatuen kontra egiten dituen ekintzen alderdirik txarrena ikusten ari da azkenaldian: migratzaileen heriotzak ikertu barik, Alpeetako negu gorrian bizitza jokoan jarrita muga zeharkatzen ari direnen kontrako errepresioa, muga zeharkatzen laguntzen dieten pertsona solidarioen epaiketak… Hori gutxi balitz bezala, Europako, Frantziako eta Italiako neonaziak, nagusiki, mugako kontrolak antzezten ari dira.
Sizilian, Karabanaren ekintzen erdigunea izango den tokian, hauexek topatuko dituzte:
- Migratzaile eta errefuxiatuei dagokienez EBko politiken emaitzak guztiak batera: asiloa eskatu duten eta horren zain bizi- eta lan-baldintza izugarrietan dauden milaka lagun barneratzeko zentroak; agintarien jarraibideei jarraiki atxikitako erreskate-ontziak; azken urteotan ehunka mila lagun hartu dituzten portuak; eta Frontex-en egoitza nagusia nahiz haren ontzi batzuk, Mediterraneoan zaintza-lanetan dabiltzanak,
- Landa-eremuetan migratzaile eta errefuxiatuen esplotazio ankerra, neskato eta emakumeen sexu-esplotazioa, nekazari eremuetan egunero gertatzen diren emakumeenganako sexu-bortizkeriak, eskrupulurik gabe eta zigorgabetasun osoz ari diren enpresarien aldetik esplotazioa.
- AEBen base militarrak, zeinak Sizilia hegazkin-ontzi gisa baliatzen ari diren, bai Mediterraneoa zaintzeko bai Ekialde Ertainean eta Afrikan esku-hartze militarrak egiteko. Hala, milaka lagunen exodoa bultzatzen ari dira, gerrak horiek eragiten ari diren heriotzatik eta sarraskitik ihes egingo badute,
- Eta aspalditik irlara iristen ari diren pertsonei elkartasuna agertzen dieten Siziliako lagun eta erakundeen esperientziak; Italiako gobernuen eta EBko politikak salatzen dituzte, eta beren lurraldetik abiatzen diren esku-hartze militarren kontra ere egiten dute.
- Azkenik, Calabrian, zehazki Riacen, bertako Udalak gauzaturiko aparteko harrera-esperientzia bat ezagutuko dute, horretatik ikasteko. 1998an abiatua, ekintza horri esker Asiatik eta Afrikatik iritsitako ehunka lagunek atsedena aurkitu dute, bai eta bestelako bizimodua ere, Calabriako herri txiki horretan.