Ventimigliako manifestazio jendetsuan parte hartu du Mugak Zabalduz Karabanak

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018ko uzt. 15a, 13:14

Italiako, Frantziako eta Mugak Zabalduz Karabanako 4.000 pertsonatik gora elkartu zen atzo Ventimiglian (Italia) egindako nazioarteko manifestazioan. Bertan, pertsona migratzaileek europar bizileku-baimena eskuratu ahal izateko eskubidea aldarrikatu zuten, besteak beste.

Mugak Zabalduz Karabanak Ventimiglian egin zuen lehenengo parada Italian, alegia, Frantziaren eta Italiaren arteko mugan dagoen herrian. Manifestazioa deitu duen Progetto20K sareak gogorarazi zuen horixe dela Europako barne mugarik "hilgarrienetarikoa": "Mediterraneo itsasoa hilobia bada, Ventimiglia Europa ireki baten porrotaren ikurra da. Schengen akordioaren arabera, Europako barne mugak ez dira existitzen; hala ere, gaur egun muga horiek bikoizten dabiltza, baita militarizatzen ere. Hala, merkantziak modu librean garraiatu ahal diren bitartean, pertsonak hiltzen dira horietan", salatu zuten ekintzaileek manifestazioaren akabuan irakurritako manifestuan.

Liguriako poliziez, carabinieri-ez eta udaltzainez inguratuta, 16:00etan abiatu zuten manifestazioa. Martxan, 4.000 bat lagunek zortzi kilometroko ibilbidea egin zuten, euren aldarrikapenak Ventimigliako kaleetan ozen zabaltzeko. Askotariko mezuak entzun ahal izan ziren mobilizazioan, hala nola migrazio-fluxuen inguruan Italiak zein gainontzeko gobernuek hartutako politika "gogorrak" salatzeko, baita mugikortasun eta harrera-eskubide duina aldarrikatzeko ere. Gainera, pertsonen salerosketa eta pertsona migratzaileek pairatzen duten genero-indarkeria eta esplotazioa salatu zituzten.

Argazki-galeria (HODEI TORRES)

Mugak Zabalduz karabana 20180714 Ventimiglia

Ventimiglia, harreraren porrota

Ekintzaileek jakinarazi dutenez, Ventimigliara heltzen diren pertsona migratzaileek gurago dute kalean lo egitea, inolako osasun-baldintza barik, instituzioek kudeatzen duten egokitutako zentrora joatea baino, poliziak "uneoro" jazartzen dielako. Diotenaren arabera, mota horretako zentroak pertsona migratzaileak diziplinatzeko eta gutxiesteko erremintak dira: "Nortasuna kentzeko segregazio-eremuak dira; giza duintasuna kolokan ipintzen dute”.

Datuen arabera, gutxienez 16.500 etorkinek gurutzatu zuten Italia eta Frantzia arteko muga Ventimigliatik azkenengo hamabi hilabeteetan, eta horietatik denetatik, laurden bat adingabeak izan ziren. Horiek, askotan, 12 urtez azpikoak izaten dira, eta abusuak, atxiloketak eta legez kontrako itzultzeak pairatzen dituzte Frantziako Poliziaren partetik, Oxfam Intermón elkarteak txosten batean zabaldu duenez. Nabarmendu beharra dago, gainera, 2017ko abuztuaren eta 2018ko apirilaren artean 12 pertsona hil zirela muga hori zeharkatu guran, inguruan lan egiten duten hainbat taldek jakinarazi dutenez.

Atzoko manifestazioaren akabuan, hitza hartu zuen Mugak Zabalduz Karabanako bozeramaileak. Horrek, Europar Batasunean gailentzen dabilen faxismoari eta arrazakeriari aurre egiteko beharra nabarmendu zuen, eta azpimarratu zuenez, hori lortzeko beharrezkoa da gizartean modu antolatuan lan egitea.

Siziliara bidean

Orain Genovara bidean daude Mugak Zabalduz Karabanako kideak. Bertan, ferry bat hartuko dute gaur, bihar arrastian Siziliako Palermo hirira heltzeko.

Erlazionatuak

Giza eskubideek mugarik ez dutela aldarrikatu du Mugak Zabalduz Karabanak

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 14 Uribe Kosta

Abian da Mugak Zabalduz Karabana

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 13 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun