“Lana aurkitzea da gura dugun bakarra, kartzela erraldoi honetatik alde egin ahal izateko”

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018ko uzt. 19a, 11:10

Asilo-eskatzaileen egoera beren-beregi ezagutzeko aukera izan zuten atzo Mugak Zabalduz Karabanako kideek. Mineotik 10 kilometrora dagoen CARAra (Asilo-eskatzaileak Atxikitzeko Zentroa, italierazko sigletan) gerturatu ziren, eta bertan ikusitakoaren ondoren, ekintzaile askok ondorio berdina atera zuen: "hori ez da atxikitze-zentro bat, kontzentrazio-esparrua da".  Gainera, zentro horretan labankada batez hildako emakume bati omenaldia egin zioten.

Lau mila pertsona inguru atxikita daude gaur egun Mineoko CARA horretan; Europan pertsona migratzaile gehien hartzen dituen zentroan, alegia. Mugak Zabalduz Karabanako ordezkariek jakinarazi dutenez, esparru horren gehienezko edukiera 2.000 pertsonakoa da, baina, gaur egun ia bikoizten du gehiengo hori. Migratzaileak 370 etxetan banatuta daude, eta horietako bakoitzean 10 pertsona bizitzea aurreikusita dagoen arren, batzuetan 25 gizon-emakume daudela salatu dute.

Mugak Zabalduz Karabanako ia 300 gizon-emakumeek manifestazio txiki bat egin zuten autobusak utzi zituzten lekuetatik zentrora heldu bitartean. Tarte horretan, apurka-apurka, CARAn atxikitako hainbat migratzaile hurreratu ziren protestaldira. Hasiera batean tentsio uneak bizi izan ziren arren, mobilizazioaren helburuaren nondik norakoak azaldu eta askok euren egoerak jakinaraztea eskatu zieten bertara hurbildutako kazetariei zein ekintzaileei, baita manifestaziora batu ere, banderolak eta guzti. "Leku hau ez da ona. Ezin dugu lorik egin, gure familiak atzean utzi behar izan ditugu, gure herrian", iragarri zuen manifestaziora hurbildu zen migratzaileetako batek. "Lana aurkitzea da gura dugun bakarra, kartzela erraldoi honetatik alde egin ahal izateko", zioten Afrikatik bizitza hobe baten bila Europara etorri diren beste hainbatek.

Sofiasek urtebete eta lau hilabete daramatza Mineoko atxikitze zentroan, eta azaldu zuenez, bertara heldu eta egun bira erditu zuen semea. Emakumearen arabera, ume nahikotxo dago zentroan, baina horiek euren amengandik urrun lo egin behar izaten dute gauero: "orokorrean egoera txarra bada hemen, familiek bizi behar dituzten baldintzak are okerragoak dira". Era berean, bertako polizien jarrera salatu zuen baita ere, "egunero ez bada, sarritan biluzarazten gaituzte. Burua gal dezagun da euren helburua".

Mineoko atxikitze-zentroa txarrantxadun hesi batez inguratuta dago erabat. Sarreran, gainera, carabinieriak, poliziak eta militarrak daude, asiloa eskatu gura duten eta bertan atxikita dauden pertsona migratzaile denen mugimenduak zelatatzen. Militarrek diote Mineoko CARAn dauden gizon-emakume denak "ondo" tratatzen dituztela, eta ez dagoela inolako indarkeriarik euren kontra. Egia da pertsona denek modu askean joan-etorriak egin ditzaketela zentrotik inguruko herrietara. Hala ere, kanpora irteteko baimena 20:00ak arte dute soilik, eta ordu horretarako zentrora bueltatzera behartuta daude denak. Gainera, handik gertuen dagoen herria Mineo da, CARAtik 10 kilometrora; hiri nagusirik handiena, aldiz, Catania, bertatik 50 kilometrora. Tartean, okre koloreko zelai-eremu lehor amaigabea.

Atxikitze zentro horretan dauden askok azaldu zuen egun osoan ez dutela ezer egiteko, eta gehienek bi eta lau urteren artean daramatzatela bertan, inora joan ezinik. "Blokeatuta gaude, ezin gara inora joan", salatu zuen Gineatik Italiara Libiako bidetik heldutako migratzaile batek. Horrek lau urte daramatza bertan bizitzen, eta oraindino ez ditu asilo-paperak lortu. "Zorigaiztokoak gara, askotan uste dugu sorterrian hobe egongo ginela", deitoratu zuen. Azaldu zuenez, bertan eman dituen lau urteetatik bi ikasten eman ditu, horrek paperak eskuratzeko prozesua bizkortu edo hobetuko zuelakoan, baina ez da hala izan: "ikastea ona dela esaten digute, baina egoera larritzen doa, gero eta gehiago. Abokatuek beti ezezkoa ematen diete dokumentu-eskaerei".

Euren egoera erregularizatuko duen dokumentu barik, Mineoko atxikitze-zentroan dauden gizon-emakumeek ezin dute inolako lanik lortu modu legalean. Hala ere, askok aitortzen dute lan txikiren bat edo beste egin ahal izan dutela, modu irregularrean, diru apur baten truke. Dena den, horrek arazo bat dakar: beharrezkoak diren paper barik lanean harrapatuz gero atxilotzeko arriskua dute, baita deportatuak izatekoa ere.

Mineoko CARAn egindakoen inguruko argazki-galeria (HODEI TORRES):

Mugak Zabalduz karabana 20180718 Mineoko migratzaileen atxikitze-zentrua

Mineoko CARAn hil duten Francis emakumea gogoan

Zazpi urte daramatza Mineoko CARAk indarrean. Tarte horretan, askotariko eskandaluak bizi izan dira bertan. Azkenengoa joan den urtarrilaren 1ean jazo zen: Francis Nigeriatik etorritako 26 urteko emakumea hil egin zuen bere senarrak, labankada batez. Hildako pertsona hori oroitzeko, performance txiki bat egin zuten Mugak Zabalduz Karabanako emakumeek.

Gizonezkoa zentrotik kanpo bizi zen, eta bertako sarreran segurtasunik ez zegoela aprobetxatuta, emakumea hil egin zuen. Cataniako Sare Antiarrazistak azaldu duenez, atxikitze zentroaren arduradunek ez dute onartu segurtasun-akats hori, ezta CARA hori "esperimentu arrazista eta segregazionista" bat denik ere. Ostera, inguruko elkarteek urteak daramatzate hori salatzen: "zentroaren gaineko eztabaida mediatikoak inguruko jatorrizko herritarren segurtasun-kontuetan oinarritzen dira soilik, inoiz ez migratzailearen ikuspuntutik". Deitoratu dutenez, horren helburua da zentroa bizirik mantentzea, horrek dakarren "negozio handia" bizirik irauteko.

Harrerarako beste eredu baten beharra

Arrazismoa eta xenofobia gero eta gehiago hedatzen dabiltza Italia osoan. Hori dela eta, pertsona migratzaileei harrera egiteko bestelako eredu bat beharrezkoagoa dela uste du Cataniako Sare Antiarrazistak, Mineoko CARA eredutzat hartuko ez duena. "Badaude alternatibak. Sizilian harrera egiteko esperientzia oso onak daude, pertsonen duintasuna bermatuko dutenak. Migratzaileen presentzia positiboki hartzen dute, bertako komunitatearen hazkundearen onerako, eta ez blokeatu beharra dagoen zerbait izango balitz legez".

Mediterraneo alde osoa zelatatzeko base militarra

Mediterraneo itsaso osoan jazotzen dena zelatatzeko base militarra du NATOk Rigonellan, Siziliaren erdian. Horretarako, MUOS (Mobile User Objective System, ingelesezko sigletan) sistema darabilte, eta horren kontrako mugimendua indarrean dabil inguruotan. Hala, Mineoko CARA bisitatu ondoren, Mugak Zabalduz karabanako kideak Misceni herrira hurreratu ziren atzo arrastian. 18:00ak aldera, No MUOS mugimenduak deitutako manifestazioan parte hartu zuten karabanako ekintzaileek. Bertan, sistema horren kontrako mezuak zabaltzeaz gainera, AEBko Armadaren kontrako oihuak ere entzun zitezkeen, besteak beste. Bitartean, espainiar Estatuko ekintzaileen talde txiki batek base militarra bisitatzeko aukera izan zuen, urrunetik bada ere.

Rigonellako base militarraren inguruko argazki-galeria (HODEI TORRES)

Mugak Zabalduz karabana 20180718 Rigonella base militarra

Miscenin egindako manifestazioaren argazki-galeria (HODEI TORRES)

Mugak Zabalduz karabana 20180718 Misceni No Muos manifestazioa

Erlazionatuak

Domenico Guarini: “Migratzaile hauek ez dira hil, hil egin dituzte”

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 18 Uribe Kosta

Europako politika "xenofoboak" salatu dituzte Palermon

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 17 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun