Europako politika "xenofoboak" salatu dituzte Palermon

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018ko uzt. 17a, 18:45

Italiako eta Europako politika migratzaileak eta "xenofoboak" salatu zituzten atzo Palermon bi mila lagun baino gehiagok, nazioarteko manifestazio batean. Protestaldiaren ondoren, Mugak Zabalduz karabanako kideek migratzaileen hainbat kolektibogaz afaldu zuten Santa Chiara komentuan; bertan, zenbait esperientzia konpartitu zituzten.

Espainiar Estatutik Italiara abiatutako 300 lagunak Siziliara heldu ziren atzo, astelehenean. Palermon lehorreratu bezain laster, euren zain zegoen manifestaziora batzeko kalejira abiatu zuten portutik. Bateragunean Sizilia osotik etorritako beste bi mila lagun inguru zeuden, eta txalo artean jaso zituzten iberiar penintsulatik etorritakoak. Protestaldian, Italiako eta Europar Batasuneko politika migratzaileak eta xenofoboak salatu eta Sizilia osoan ematen dabilen militarizazioa deitoratu zuten. Modu berean, pertsona migratzaileak atxikitzeko zentroak arrazismo instituzionalaren instrumentuak direla salatu zuten, besteak beste.

19:00etan pasatxo hasi zen manifestazioa, Mugak Zabalduz karabana Freedom flotilla eta Palermoko eta Siziliako babes-taldeakaz batu ondoren. Siziliako hiriburua ordu bi eta erdiz zeharkatu zuten, kalerik kale, Europako politika migratzaile "xenofoboak" salatzeko eta pertsona migratzaileei euren babes osoa adierazteko. Manifestazio koloretsua izan zen; mezuak askotarikoak izan ziren, eta kulturartekotasuna ere nagusi izan zen ibilbide osoan. Afrikako hainbat pertsona migratzailek zabaldu zuten protestaldia, eta danborren doinuei jarraituz, inguruan zeuden den-denak dantzan jarri zituzten.

Manifestazioaren akabuan, Palermoko babes-taldeek protestaldira hurbildutako denei eskerrak eman eta Palermo hiri antifaxista eta antiarrazista dela aldarrikatu zuten; ondoren, Mugak Zabalduz karabanako bozeramaileek euren manifestua irakurri zuten, italieraz. Azkenik, Leoluca Orlando Palermoko alkateak hartu zuen hitza. Horrek ere arrazakeriaren eta faxismoaren garaiak atzean uztea lortu dutela nabarmendu zuen eta azpimarratu zuen Palermon ez dagoela migratzailerik, baizik eta Palermoko herritarrak direla: "Palermon zenbat pertsona migratzaile dauden galdetzen didatenean beti esaten dut berdina: hemen ez dago migratzailerik, hona heltzen den oro palermotarra da".

Argazki-galeria:

Mugak Zabalduz karabana 20180716 Palermo manifestazioa

Arte migratzailea, Santa Chiara komentuan

Manifestazioaren ondoren, karabanako 300 lagunak Santa Chiara komentura hurreratu ziren afaltzera. Bertan zain zituzten migratzaileen hainbat elkarte, etorritakoek tripak asetzeko hainbat plater prestatu ondoren. Afaldu ostean, komentuaren patioan bildu ziren denak, bertan egin ohi den jarduera baten berri eman eta horretan parte hartzeko: arte migratzailea. "Ez dugu profesionalik gura, bakarrik gogoak izatea”, azaldu zuen Afrikatik etorritako migratzaileetako batek, jardueraren nondik norakoak azaltzen zuen bitartean. Hala, hainbat lagun animatu eta askotariko kultur eskaintzaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek, hala nola kantak, batukadak, dantzak eta olerki-emanaldiak.

Erlazionatuak

Giza eskubideek mugarik ez dutela aldarrikatu du Mugak Zabalduz Karabanak

Testua: Iker Rincon / Bideoa: Hodei Torres 2018 uzt 14 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun