Espainiako Vueltaren etapa Euskal Herrian egingo dela erakutsi gura du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 11a, 15:00

Guijarrubia, Agirre, Bravo eta Goikoetxea, atzoko agerraldian. CCBYSA EH BILDU

Espainiako Vuelta baliatuta, Euskal Herria munduan agertarazteko deia egin dute Nerea Guijarrubia Getxoko EH Bilduren zinegotziak eta Jasone Agirre legebiltzarkideak: "Garen bezala, bere etorkizuna askatasunez erabaki gura duen nazio bezala". Hala, Vueltari "herri izaera errespetatu" dezan eta euskara presente egon dadin eskatu diote.

Guijarrubiak eta Agirrek atzo egin zituzten adierazpenak, Aritz Bravo Durangoko zinegotziak eta Arkaitz Goikoetxea Munitibarreko alkateak lagunduta. Bilbon gogorarazi zutenez, bihar, eguaztenean, Espainiako Vueltak Uribe Kosta eta Bizkaiko beste eskualde batzuk zeharkatuko ditu. Hala, "berriro edukiko dugu aukera eder bat munduari erakusteko gure herria bizirik dagoen herria dela; bere hizkuntza, bere kultura, bere nortasuna duena", azaldu zutenez.

Txirrindulari txapelketa hori segitzen duten planeta osoko pertsonei komunikatzeko aukera zabalik dagoela uste du EH Bilduk; "esan ahal izango diegu munduan agertu gura dugula garen bezala, bere etorkizuna askatasunez erabaki gura duen nazio bezala", zehaztu zuen Jasone Agirre legebiltzarkideak. Halere, bere esanetan, "gaur egun hori ez da posible Espainia eta Frantziako estatuek ez dituztelako pertsona eta herri bezala ditugun eskubideak errespetatzen. Ez digute geure etorkizun politiko eta soziala erabakitzen uzten ezta nazioarteko txapelketetan gure herria ordezkatzen ere".

Hala, EH Bilduk bat egingo du Gure esku Dago mugimenduak egin duen gonbiteagaz. Horregatik, dei egin die "bere etorkizuna erabaki gura duten eta herri bat garela sentitzen duten" euskal herritarrei, hori erakuts dezaten Vuelta pasatuko den herrietan: "Aprobetxa dezagun txirrindulari-lasterketa horrek eskaintzen digun erakusleihoa argi azaltzeko munduari Vuelta gure herrian, Euskal Herrian, izango dela egun horretan", azpimarratu zuen Agirrek.

Euskara eta kostua

Horrez gainera, Vueltaren antolatzaileek "gure herri-izaera errespetatu" egin behar dutela uste du EH Bilduk: "aintzakotzat hartu behar dute geure hizkuntza eta kultura. Euskara presente egon behar da lasterketan eta probako komunikazio guztietan erabili beharko lukete antolatzaileek".

Amaitzeko, Bizkaian egingo den proba hori "ez dela debalde aterako" gogorazi zuen Jasone Agirrek: "Bizkaitarrok jakin behar dugu zenbat balio duen Vueltaren irteera eta helmuga hemen izateak, eta zenbat diru publiko gastatu den enpresa pribatu batek antolatzen duen ekimenean. Erakundeetan galdetuko dugu ze gastu publiko egin den".

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun