HIRUKA Jardunaldiak

Elikagai-ekoizle txikienak, kontsumo arduratsuaren alde

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko urr. 18a, 09:12
Jon Etxeandia garagardogilea izango da HIRUKAren jardunaldietako bigarren saioko anfitrioia. OSKAR GUTIERREZ

Elikadurari eta hurbileko salmentari arreta ipiniko die HIRUKAren jardunaldien bigarren saioak, eguenean, Urdulizko Etxeandia garagardotegian. 19:00etatik aurrera, lau ekoizlek euren ikuspuntuak azalduko dituzte.

Udagoieneko eguenetarako hainbat hitzordu proposatu die HIRUKAk Uribe Kostako euskaldunei. Herriz herri, zenbait gai jorratuko ditugu, abenduaren 13ra arte; bide batez, komunikazio-proiektuaren berri emango da.

Hala, eguen honetan, «Nori erosi behar diogu jatekoa?» goiburupean, elikagaien salmentako hurbileko zirkuituez jardungo dute inguruko lau gonbidatuk. Salmenta zuzenak dauzkan abantailak eta zailtasunak jorratuko dituzte Haizea Bengoetxea, Arrietako marmelada-ekoizleak, Jon Etxeandia, Urdulizko garagardogileak, Gabi Basañez, Sopelako baserritarrak eta Jabi Peña, Algortako barazki-ekoizleak. Moderatzaile-lanetan ibiliko da Unai Brea, HIRUKAko kazetaria.

Haizea Bengoetxeak aurreratu duenez, Olatxu baserriko bere eskarmentua azalduko du Urdulizen: «Produktore txikiak gara eta azoka eta komertzio txikien bitartez komertzializatzen dugu. Batez ere zuzeneko salmentaren bidez funtzionatzen dugu». Ekoizleen aldetik mugimendua ikusten du: «Apustu bat egin da agroekologiaren alde eta jendea badabil nekazaritzan lanean baina proiektu asko hasi berri daude; hor badago etorkizun bat, baina badago saretxo baten beharra ere, proiektu txiki guzti horiek plazara atera ahal izateko».

Bengoetxeak uste du kontsumo-ohituretan izandako aldaketek ez dietela ekoizle txikiei laguntzen. Haren arabera, gaur egungoa «momentuko kontsumoa da, berbarako, kozinatzea alde batera utzi duen kontsumoa, dena hartu, jan eta bota egiten duena». Kexu da ere, kontsumitzaileen ohituretan merkataritza-guneen ordutegiak eta modu «nahiko inpertsonalak» sartu direlako. «Kontsumo-eredua horretara doa, azkar ibiltzera, azkar jatera, kontsumitzera eta horren gaineko kontzientzia ez da hainbeste landu». Kontrako aldean, otzaren dinamikan sartuta dagoen jendea eta herriko komertzioetan kontsumitzen duten pertsonak eredugarriak dira Bengoetxearentzat, «baina orokorragoa da beste inertzia hori». Gabi Basañezek ere arreta ipintzen dio kontsumitzailearen rolari. Baserritar eta okela-ekoizleak uste du produkzio txikiak mantentzeari begira, «aldaketa kulturala» egin beharra dagoela. Jendeak jateko eta erosteko ohituretan aldaketarik egingo ez badu «ez da egongo modurik horri eusteko», bere esanetan: «Jendeak utzi behar dio gura duena, gura duen sasoian, moduan eta ordutegian erosteari. Hori da kapitalismoak eskaintzen diona».

Baserrietako produkzio txikiak mantentzeko, kontsumitzaileen taldeak beharko liratekeela ohartarazi du Basañezek: «Talde-lana». Oilaskoak ipini ditu adibide: «Hamar pertsonarentzat produzitzea egokiagoa da. Ezin ditugu oilaskoak produzitu jakin barik nori salduko dizkiogun». Planifikazioaren eta jarraikotasunaren defentsa egin du: pertsona edo talde bakoitzak aurretik adierazi beharko luke epe ertain batera zer erosiko duen, «baina horrek eskatzen du kontsumitzaile arduratsuak egotea; gaur egun, kontsumitzaile ardura bakoak ditugu».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun