Tokioko 2020ko Joko Paralinpikoetarako txartela erdietsi zenuen abuztuan Hungarian izandako pistako piraguismoko Mundialean. Zelan egin zenion aurre lehia horri?
Abuztu osoan sukarragaz ibili nintzen; eztarrian bakterio batzuk nituen eta antibiotikoakaz nenbilenez, ezin izan nuen asko entrenatu lehiaketan den-dena emateko. Azkenean nahiko ondo osatu nintzen eta aurreikus nezakeena baino emaitza hobea lortu nuen. Lehenik eta behin, helburua finalean sartzea zen; zaila zen hori, baina azkenean lortu egin nuen. Ondoren, bertan sorpresa hutsa izan zen; haizea zebilen, eta ez genekien onuragarria izan zitekeen edo ez, kalearen arabera. Azkenean, gaitz erdi, zazpigarren heldu nintzen helmugara, eta herrialde batek errepikatu zuenez, seigarren sailkatu nintzen.
Zer sentitu zenuen helmuga zeharkatu zenuenean?
Hasiera batean ez genekien zer gertatu zen, ezta zer pentsatu ere. Ez ziren denborak agertzen, suposatzen dut fotofinisha aztertzen zeudela, eta luze jo zien zuten emaitza esateak. Azkenean zazpigarren postuan heldu nintzela jakinarazi zuten, baina seigarrena taldetan. Hala, Joko Paralinpikoetarako txartela lortu nuen. Orduantxe poz-pozik jarri nintzen; urte hauetan denetan egindako lan gogorraren ordainsaria izan zen niretzat.
2016an eta 2017an maratoiaren modalitatean munduko txapelduna izan zinen, baina orain esprintean lehiatzen zara. Zer dela eta aldaketa hori?
Inguruotako klub denek maratoiaren alde egin ohi dute, ez dagoelako pistarako azpiegiturarik. Hala ere, kirol olinpikoa ez denez, modalitatez aldatzea erabaki nuen Joko Paralinpikoetan lehiatu ahal izateko.
Gogorra izan da aldaketa hori?
Bai, lan egiteko moduak guztiz ezberdinak dira batean eta bestean. Aldaketa fisikorako lan handia egin behar izan dut, masa muskularra handitu potentzia irabazteko. Kontrara, erresistentzia galdu dut. Aldaketaren lehenengo urtea zaila izan zen, bai.
Zelakoak izan dira entrenamenduak?
Hasiera batean Plentziako piraguismo taldean entrenatzen nuen, baina ondoren Barrikakora aldatu nintzen esprintean jarduteko nire entrenatzaileagaz. Bertan entrenamenduak askoz ere espezifikoagoak egin genitzakeen. Gainera, aurten apustua egin eta Sevillan eman genituen sei hilabete, neguan uretara jaitsi ahal izateko inolako arazorik gabe.
"Brasilen arraunlari oso onak daude, azpiegitura oso onak dituzte Rio 2016ko Joko Olinpikoen ondorioz, eta apustu handia egiten ari dira Joko Paralinpikoetan. Horiek dira menderatu beharreko aurkariak. Ondoren, Portugal eta Hungariakoak daude, beti oso indartsu ibili dira piraguismoan"
Tokioko Paralympic test eventean ibili zara egunotan. Datorren urtean aurkituko duzunaren aurrekaria izan da hori?
Bai; munduko lehenengo hamar sailkatuoi egin ziguten horretarako gonbitea. Hala, 2020an izango dena beren-beregi probatzeko eta informazioa batzeko aukera izan dugu, baita izan ditzakegun arazoak identifikatzeko ere.
Zelan hasi zinen piraguismoan?
2013an izandako istripuaren ondoren errehabilitaziorako zerbait egin gura nuen, baina hankak ezin nituen ondo mugitu. Pentsatu egin nuen, eta piraguismoa gustuko neukanez, horregaz hasi nintzen. Parakanoa edo egokitutako piraguismoa zegoela jakin aurretik izan zen hori eta asko lagundu dit bizi-kalitatean hobetzeko.
Zer ezberdintasun dago piraguismo "konbentzionalaren" eta parakanoaren artean?
Parakanoan dihardugun pertsonok ezgaitasunen bat dugu. Bestalde, arautegiak dioenez, piragua zabalagoak eta egonkorragoak izan behar ditugu, oreka mantentzea zailagoa delako guretzat. Sailkapenerako erabili dugun ontzia piragua polinesiarra da, alde batean patin moduko bat daukana oreka ziurtatzeko. Gutako asko ezin gara belauniko jarri piragua konbentzionaletan; hori dela eta, ontzi hauek erabiltzen ditugu.