Uribe Kostako lehen sektorea

“Azoketara joateko ohitura gero eta txikiagoa da orokorrean”

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 9a, 09:53

Hasieran soloa lantzen eta kontsumo-taldeetan ibili ondoren, kontserbetan oinarritu du bere bidea Bengoetxeak.

Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, aitite eta amamaren baserrira bizitzera joan zen Haizea Bengoetxea getxoztarra. Nekazaritzan lehenengo urratsak eman zituen bertan, familiagaz, eta orain Gamiz-Fikan lekutu du lantokia, Olatxuko Laboreak proiektuari ekiteko.

Nekazaritza-ingeniaritza amaitu eta segituan argi izan zuen Haizea Bengoetxea getxoztarrak baserritik bizi gura zuela, “lurrarekin kontaktu horri eusteko”. Hala,  2011n, aitita-amamaren etxera bizitzera joan zen, Olatxu baserrira: “Nekazaritzatik bizi nahi nuen, modu agroekologikoan, eta horretarako lehenengo kontaktua familiako baserrian eman nahi nuela argi nuen”. Bertan eman zituen lehenengo pausoak, eta soloan landutako dena kontsumo-talde baten bitartez saltzen zuen.

Baserrian fruta asko zegoela ikusita, aterabide bat emateko kontserbak egiteari ekin zion; horixe izan zen gaur egun Olatxuko Laboreak proiektua denaren lehenengo urratsa. “Mundu hori gehiago gustatu zitzaidan, eta apurka-apurka horretan formatzen hasi nintzen”, azaldu du Bengoetxeak. Behin proiektua finkatuta, familiako baserria utzi eta beste bat hartu zuen Arrietan, alokairuan, 2013an. Lantokia ipini eta kontserbetan oinarritu zuen bere jarduna; gerora, gauza gehiago egiten hasi zen, hala nola marmeladak eta barazki-pateak. “Frutari aterabidea ematea zen helburua, hainbat modu eta formatan”. 

Orain dela urte bi, fruta-arbolaz betetako eta negutegidun lursail bat erosi zuen Gamiz-Fikan, bikotekideagaz, bertan lantegi berria eta baserria egiteko, “momentu horretan genuen alokairuak ez zigulako inolako bermerik ematen etorkizunari begira”. Getxoko gazteak azaltzen duenez, mota horretako jarduna aurrera eroateko beharrezkoa da erregistro sanitarioa izatea eta autonomoetan alta emanda egotea: “Modu horretara azokaz azoka ibili gaitezke gure produktuak saltzen, baita denda txikietan eskaini ere”.

Kontsumo-ohiturak

Gaur egungo gizartea oso azkar doa eta egoera horrek kontsumo-ohituretan eragina duela uste du Bengoetxeak: “Edozein lekutan edozer gauza kontsumitzeko aukera dago, eta horrek gure produktuak gizarteratzeko aukera gutxi ematen dizkigu”.

Plazaz plaza eta azokaz azoka mugitzen da Bengoetxea kontserbak zuzenean saltzen, hala ere merkatu horietara joateko ohitura galdu egin dela dio. “Aste-akabuetan jende gaztea etortzen da, baina astean zehar erosleen profila nahiko heldua da. Horrek esan gura du jende gazteak beste modu batera kontsumitu eta jaten duela”. Izan ere, elikadurari garrantzia eman eta jaten duguna zaintzen hasi garen arren, orokorrean oraindino erosketak supermerkatu handietan eta modu azkarrean egiten ditugula uste du nekazari gazteak.

Azokez gainera, komertzio txikiakaz ere egiten du lan. “Bitartekariak izan arren bestelako baloreak dituzte; asko eskertzen dute gureak bezalako produktuak izatea, ekoizpen diferentea nahi dute horiek, kalitatezkoa. Hortaz, astiro-astiro bada ere, harrera ona daukagula uste dugu”, azaldu du. Era berean, ikastaroak ematen ditu Bengoetxeak: “Jendeak gero eta interes handiagoa du gauzak etxean egiteko. Guk kontserbak egiteko gure jakintza nahi duenarekin elkarbanatzen diogu, modu erraz batean”.   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun