Elkarrizketak

"Feminismoak migratuen ibilbideak aitortu behar ditu"

Iker Rincon Moreno 2020ko mar. 6a, 08:14
"Cony" Carranza Castro, 2019ko Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria.

Epaimahaiak aho batez erabaki du 2019ko Emakunde Saria Cony Carranza Castro (El Salvador, 1963) herri-hezitzaile feministari ematea. Metodologia emantzipatzaileetan eta ekonomia feministan aditua, esperientzia luzea du El Salvadorren lanean, baita Euskal Herrian ere. Egoera ahulenetan dauden emakume migratuakaz egindako lana aitortu gura izan diote sari horregaz, baita aurrera eramandako prozesu dinamikoak nabarmendu ere.

Euskal Herriko 26 feministak zure izena proposatu dute 2019ko Berdintasunaren aldeko Emakunde Sarirako, baita epaimahaia konbentzitu ere. Zelan jaso duzu aitorpen hori?

Sorpresa handiz jaso dut saria eta asko hunkitzen naiz horretan pentsatzen dudanean. Daborduko albistea asimilatu egin dut, baina oraindino ere ez dakit bene-benetan merezi dudan aitorpen hori. Lan handia egin izan dut, bai, aitortzen dut, baina konpromisoagatik egin dut. El Salvadorreko emakumeek bizi duten zama daukat nire motxilan, eta merezimenduaz berba egiten dugunean ez dut egiten itxurazko umiltasun batetik. Esan nahi dudana da sari hori errekonozimendurik jasoko ez duten emakume horiei lotuta dagoela, eta horrek asko zirraratzen nau. Izan ere, oraintsu Adiskidetzearen Legea onartu dute El Salvadorren eta horrek erasotzaileen zigorgabetasuna eragingo du, baita ere gerra zibileko sufrimendu hori dena eta memoria historikoa borratuko duena. Hori onartezina da...

El Salvadorreko gerra zibilak (1979-1992) eragin handia izan du zure bizitzan. Zelan bizi izan zenuen gatazka hori?

Gaztea nintzenean salestarren eskola batean ikasi nuen; bertako mojak ez ziren politikoki konprometituenak, baina halako batean monsinore Romero (Óscar Arnulfo Romero) gonbidatu zuten ikastetxera eta berau ezagutzeko aukera izan nuen, 1979an. Hurrengo urtean gizona hil zuten tiro batez eta nire ikaskide asko gatazkan murgildu ziren. Nik, aldiz, ikasketak jarraitu nituen, unibertsitatera joan eta maistra izateko prestatu nintzen; gerra modu «erosoago» batean igaro nuela esan dezaket, eta ez nintzen horrenbeste nahasi. Hala ere, lanean hasi nintzenean sentsibilitatea handituz joan zitzaidan. FPL taldeak (Fuerzas Populares de Liberación Farabundo Martí) liberatutako guneetan egin nuen nire tesia, gerratik zetozen emakumeen inguruan eta herri-hezitzaileen errealitatea ezagutu nuen bertan. Horri esker, sentsazio eta sentimenduek gainezka egin zidaten, errora joaten zirelako bertan. Bizitzaz eta heriotzaz beteriko emakumeak dira horiek eta asko ikasi nuen eurei esker. 

Zaintzan, hausnarketan eta ekintzan oinarritzen den metodologia garatu duzu. Zertan datza?

Bai, herri-hezitzaileek Paulo Freireren lanean oinarritutako metodologia propioa dute: ekintza-hausnarketa-ekintza. Ni emakume horien errealitatean oinarritzen naiz, euren bizipenetan, ondoren hausnarketa bat egiteko. Izan ere, horixe da oinarria: ezer ez da kasuala, ezta zoria ere. Egoera baten aurrean argi izan behar dugu zer gertatu den eta zergatik. Hala, erreminta batzuekin emakumeak euren bizitza berreskura dezakete, euren barnetik egindako hausnarketa-prozesu baten ondoren. Gu bideratzaileak gara eta prozesu horiek bideratzeko laguntzak eskaintzen ditugu. 

Horretarako, hango eta hemengo zertzeladak hartzen ditut. Parte-hartzerako metodologiak erabiltzen ditut, eremu zirkularrak erabilita ahotsa eta hitza ibil dadin, betiere isiluneak errespetatuz. Metodologia hori garatzen joan naiz, baina migrazio-prozesuetan enfasi berezia jarrita klase-kontzientzia hartzeko. Izan ere, hori oso garrantzitsua da hemen, emakumea izatea eta gainera migratua egoera oso zehatza delako.

El Salvadorren jaioa, Emakunde Saria jaso duen lehenengo emakume etorkin eta arrazializatua da Cony.

Batez ere migratutako emakumeakaz lan egin izan duzu hemen, Euskal Herrian?

Bai, emakume etorkin eta arrazializatuekin lan egiten dut batez ere; eurekin identifikatzen naiz gehienbat. Horien denen artean, gehienak etxeko zaintzaileak dira eta zaila izaten da denbora bilatzea eurekin lan egiteko. Denbora gutxi daukate, beraz euren denboren eta errealitateen arabera lan egin beharra dut, asteburuetan batez ere. Euren beharrizanen arabera mugitzen naiz ni. Nik bilatzen dudana da eurak gustura sentitzea eta egindako lan dena praktikotzat hartzea. Hala ere, esan beharra dago bertoko emakumeek ere gero eta gehiago ikusten dutela darabiltzagun parte-hartzezko metodologiak garrantzitsuak eta erabilgarriak direla. Gauza asko zalantzan jartzen dituzte, hala nola gorputza eta emozioak, eta ulertzen dute hausnarketaren ideia garrantzitsua dela. Herri-hezkuntzarako eremu indartsuak daude hemen eta garrantzitsua da mota horretako praktikak garatzea. 

Zer da tailer eta prozesu horiekaz lantzen duzuena eta emakumeek bilatzen dutena?

Ikasi egiten dugu. Nik uste dut daborduko emakumeak ahaldunduta daudela, eta horretan jartzen dut enfasia. Egindako migrazio-bidaia ahalduntze horren sintoma da. Orain, nik egiten dudana da euren buruarekiko eta taldearekiko ahalduntze-prozesuak indartzea. Eurak gai dira aurkitzeko, erruak kentzeko, egindako esfortzua ulertzeko eta egindako bidaia beste modu batean ikusteko. Hala, denon arteko ahalduntze-prozesua egiten dugu.

Paulo Freireren pedagogia kritikoari lotutako metodologia darabil Conyk emakumeen ahalduntze-
prozesuetan.

Zuk ere migrazioa bizi izan duzu, El Salvadorretik Ingalaterrara, eta handik Euskal Herrira. Zelan bizi izan zenuen prozesu hori?

El Salvadorren askotariko ezbeharrak bizi izan ditut: lurrikarak, eskuineko diktadura, gerra zibila eta biolentzia. Nire inguruan biolentzia izan da nagusi, handia gainera. Garai batean asko arriskatu nintzen landa-eremuetako kooperatibistekin lan egitera joan nintzenean eta 2004rako biolentzia nagusitu egin zen gune horietan, marak direla eta. Talde horiek indartsu dabiltza gune txiroetan eta eurekin hitzartu behar ziren lan egiteko guneak. Halako egun batean, lagun batek gomendatu zidan hortik alde egiteko, mundua ezagutzera joateko. Hala, Ingalaterrara joan nintzen ingelesa hobetzeko asmoz; baina argi izan nuen hori ez zela nire lekua, eta Euskal Herrira etortzea erabaki nuen El Salvadorren ezagutu nuen lagun bati esker. 

Denboraldi baterako etorri nintzen hasiera batean, dirua egitera. Zaintza-lanak egiten hasi nintzen, baina handik gutxira ikusi nuen hau ere ez zela nire ametsa, oso zaila zelako dirua aurreztea. Halako batean, dena trunkatu zen, nire neba oso txarto zegoelako El Salvadorren; biolentziaz inguratuta zegoen eta arriskuan zegoen. Hori dela eta, erabaki nuen hiru urtez nire burua sakrifikatzea, egonkortasuna lortu eta nire neba eta bere alabak hona ekartzeko.

Soziologian lizentziatu zinen El Salvadorren; titulua homologatzea lortu duzu?

Bai. Daborduko lortu egin dut, baina ezinezkoa zait GKE-etan edo instituzioetan lan egitea, gauza zehatz asko eskatzen dituztelako. Nik esperientzia handia daukat, baina beste modu batekoa. Gaur egun, profil berdinean proiektuak garatzeko eta hezitzaile izateko gai izatea eskatzen dute, besteak beste, eta nik ez dut nire burua horretan ikusten. Koherentea naiz, eta badakit zer egin dezakedan eta zer ez. Hala, nire lana aitortzen duten guneetan gelditzen naiz eta apurka-apurka gauzak ateratzen dira. Gaur egun Ekonomia Feministako Eskolan lan egiten dut, eta emakumeen sare batekin ere tailerrak ematen ditut. Hala ere, berriro ere zaintza-lanak egiten hasi naiz; prekaritateari lotuta nago oraindino ere.

Zailtasun handiak bizi behar dituzte migratutako emakumeek hona heldutakoan?

Asko. Konturatu orduko ez duzu denborarik ezertarako. Beti galdetzen didate ea zergatik ez dudan gauza bat edo beste bat ikasi. Nire kasuan, baita migratutako emakume denen kasuan ere, izapide askori aurre egin behar izaten diogu atzerritarrak izateagatik. Atzerritartasun Legea izugarri sexista, matxista eta klasista da. Hala, bide horretan etengabeko estresa dugu: lan-kontraturik gabe ezin duzu ezer egin, ezta errolda-agiririk gabe ere. Gainera, baimenak lortzeko baldintzak gero eta zorrotzagoak dira. Energia asko inbertitu behar da horri denari aurre egiteko, mentala zein fisikoa. Apustu oso ausarta da migratzea. Nire kasuan, asko landu izan dut egoera hori, eta oraindino ere askotan galdetzen diot neure buruari ea zergatik utzi nuen nire herria. Erantzunak bilatzen saiatzen naiz, baina ez dut egin nahi erruduntasunetik, baizik eta erantzukizunetik. Nire sorterriari asko zor diot. 

«Lege hori gaur eguneko arrazismo instituzionalaren isla ikaragarria da; migratzaileon bizitza mendean hartzeko gai da»

Zelan definituko zenuke Atzerritartasun Lege hori?

Izugarria da. Erresidentzia-txartela eskuratzeko bidea oso luzea da, pauso ugari eman behar dira hori lortzeko: errolda-agiria, lan-kontratua, aurrekaririk ez izatea... Eta apurka-apurka hori dena lortzea gero eta zailagoa da. Beldurra da nagusi, baita ezjakintasuna ere. Gainera, lege hori arrazismo instituzionalaren isla ikaragarria da; gure bizitza mendean hartzeko gai dira. 

Askotan aipatzen duzu feminismoa pluralago izan behar dela. Zelan bizi dute emakume etorkin eta arrazializatuek feminismo hegemoniko edo zuri hori?

Argi daukat migratutako emakume arrazializatuen errealitatea oso ezberdina dela zuriek bizi dutenarekin alderatuta; ezaugarri ezberdinak ditugu. Borrokan ibili naiz bertoko feminismoarekin elkarguneak bilatzeko, 2008tik hona lanketak egin ditut Bizkaiko emakumeekin, eta metodologia berriak osatu ditugu. Gainera, Karta Sozialaren osaketan parte hartu dut eta oso pozik nago egindako apustuagatik. Orain, aldiz, borrokarako plataforma erradikalagoak daudela ikusten dut; erradikal hitza erabiltzea gustatzen zait, borroka batzuk indarra hartzen hasi direlako. Emakume horiek diskurtso oso indartsua dute, agresiboa zentzurik onenean, ezerosotasuna eta molestia eragingo duena, ez bakarrik zurien artean, baizik eta ni bezalakoengan ere, zubi-lana egiten gabiltzanongan. Ez dakit biderik onena hori den edo ez, baina onartu egiten dugu. Kide feministen arteko bilgune bat sortzen saiatu behar gara. Izan ere, orain arte ezagutzeko aukera izan dudan kideek koherentzia dutela erakutsi didate, eta ulertu beharra dago beste mundu bat bizi dutela, beste errealitate bat.

Zelan bizi dituzu zuk korronte berri horiek?

Daborduko nik ez dut 20-30 urteko emakumeen bizitasuna. Nik argi daukat zer egiten ari naizen eta zer egingo dudan, eta hori da emakumeekin lan egitea, hemen zein El Salvadorren. Balioa ikusten diot egiten ari naizenari, nik eurekin eta eurak nirekin, dena hartu-emana delako. Hala ere, arreta deitzen dit sortu berri den mugimendu hori, zirraratzen nau. Nire errespetu osoa du, baina argi daukat garai korapilatsuak datozela. Kide horiek dena kuestionatzera datoz, eta gauza asko jarriko dituzte mahai-gainean eta hori probetxugarria izango dela deritzot. Izan ere, aldaketa bat nahi duenak ezin du hori lortu laztanak egiten; hori lortzeko kolpe bat eman behar da mahai-gainean. Baina nik argi daukat hori ez dela nire bidea; orain arte egindakoarekin segituko dut, hitzaren eta eztabaidaren indarrean sinisten dudalako. Gatazka baliagarri izan daitekeela ere argi daukat, betiere hitzezkoa. 

Martxoaren 8ari lotuta, mobilizazio feminista indartsuak egon dira Euskal Herrian azken urteotan. Zer deritzozu sortu den mugimendu horri?

Esan bezala, oso pozik nago orain arte egindako lanarekin eta ezagututako emakume denekin bizi izandakoarekin. Hala ere, une honetan atzera egiteko beharra ikusten dut, jende berriari lekua egiteko. Dena dela, uste dut feminista zuriek gehiago entzun behar dietela migratutako emakumeei, paternalismorik gabe. Adibide moduan, ardatz antiarrazista bat sortu da orain, eta bertan daude bertoko emakumeak ere, duda barik borondate onenarekin. Baina nik galdetzen dut: hori horrela izan behar da? Zergatik egon behar dira emakume zuriak ere eremu horietan? Zergatik ezin dira bakarrik egon? Migratutako emakumeek euren lekua aldarrikatzen dute, bakarrik egon nahi dute eta eurek erabakiko dute noiz zabalduko duten euren bidea. Eta oraindino uste dut ez dela une hori heldu, baina badirudi daborduko gauzak egin behar dituztela, eta horrek egonezina eragiten die. Lasaitasunez egin behar da aurrera, lan eginez. Euren bidea egiten utzi behar zaie, kanpotik, eta horrek ez du esan nahi mugimendu hori axola ez zaigula; baina umiltasunez eta kontzienteki lan egin behar da. 

Emakume zuriek etengabe egin nahi dute aurrera, agenda propioa nahi dute; migratuek, aldiz, beste denbora batzuetan lan egiten dute. Ni eremu misto batean mugitzen naiz, alde bien artean. Baina argi daukadana da euren espazioak zaindu behar ditugula; hori eskatzen badute, bada, utz diezaiegun. Mendebaldeko gizarteetan dugun arazoa da hori, etengabe emaitzak behar ditugula. Baina gelditu, arnastu eta lan egin behar dugu, presarik gabe.

«Feminista zurien eta arrazializatuen arteko elkarguneak bilatu behar dira, bakoitzak bere errealitatea bizi duelako»

Komunitatearen beharra aipatu duzu inoiz emakumeek bizi duten arazo sozialei aurre egiteko. Zergatik?

Bai, komunitatea sortzea garrantzitsua dela uste dut, baina zaila da hori hemen lortzea. Komunitatean sinisten dut, zaintza kolektiboetan, eta horregatik elkartuta egoteko apustua egiten dugu. Parte-hartzeko eremuak sortu behar ditugu, horietan errekonozitzen direlako beharrezkoak diren laguntzak. Nik uste dut bizitzaz betetako komunitateak behar ditugula, eta horiek migratutako emakumeen erritmora garatu behar ditugula, euren militantziak denbora gehiago behar duelako eta energia gehiago behar dutelako. 

Latinoamerikako feminismo komunitarioan emakumeek eta gizonezkoek elkarregaz egiten dute lan. Zelan gara daiteke hori hemen?

Bai, feminismo komunitarioan emakumeak eta gizonak nahasten dira. Emakumeak lehentasuna izanda, nik uste dut gizonezkoekin batera ekintzak garatu behar ditugula, feminismoaren idiosinkrasia galdu barik betiere. Latinoamerikako emakume askok hori eskatzen dute, hori bizi izan dutelako euren herrialdeetan. Hala, eremu mistoak sortzeko unea dela uste dut, edo gizonek gidatutako gizonentzako eremuak euren errekurtsoak garatzeko, baina gure ardurapean. 

«Bizitzaren kontrako sistema batean bizi gara»

Zelako garrantzia du hezkuntzak emakumeen hilketei aurre egiteko?

Heriotzan oinarritutako sistema batean bizi gara. Kapitalismoa, heteropatriarkatua eta kolonialismoa bizitzaren kontrako sistemak dira. Nik uste dut aldez aurretik kontzientzia hartu behar dugula eta horretarako hezkuntza-prozesuak garrantzitsuak dira; ezin dira guztiz akademizistak izan, non gehiago irakurri duenak gehiago dakien. Lanketarako eremu berriak sortu behar ditugu, ezkerreko prozesu askotan ere galdu ditugulako. Atzera egin behar dugu, oinarrira bueltatu. Bizitzaz hitz egin behar dugu, dena zalantzan jarri eta gure prozesuen inguruko kritikak egiteko balentria izan. Etengabeko eztabaida eta mugimendua sortu behar ditugu. Biolentziei aurre egin ahal zaie, bizitzaren aldeko apustuak eginez eta esperantzarekin eta ilusioarekin. Izan ere, horretan sinisten ez badugu, ezin izango dugu ezer egin. 
Emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, argi izan behar dugu gure gorputzen kontra doan indarkeria dela, gure bizitzaren kontra. Hala, genero-kontzientzia piztu beharra dago, jasotzen dugun biolentziaren aurrean autodefentsa landu beharra dago. Era berean, biktimismoaren kontzeptua alde batean utzi behar dugu mugimendu askatzaile eta ahalduntzeei lekua egiteko. 

Erlazionatuak

Cony Carranza Castro

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Iriondo Urbistazu 2020 urt 22 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun