Izena duen guztia omen da

Jentilei buruzko aipamenek irauten dute oraindik ere han eta hemen

Aritza Bergara 2020ko mai. 15a, 12:55
Jentilarri dolmena. MARURI

Kaixo lagunok! Aurreko asteetan naturari lotutako errito eta sinesmenei buruzko artikuluak konpartitu genituen. Hemendik aurrera, berriz, gure mitologiaren pertsonai batzuk ezagutuko ditugu. Herri zaharren kulturetan izaki ezberdinak agertu ohi dira: ñimiñoak, erraldoiak, deabruak edo berarekin harremanetan daudenak, iluntasunean murgiltzen direnak, itsasokoak... Euskal Herrian ere halakoak topa ditzakegu, laster ikusiko dugun moduan.

Nondik hasiko gara? Askotariko aukerak daude, baina, nire kasuan, erraldoiek bereganatzen dute nire arreta. Haien artean, badaude aspalditik desagertu zirenak. Badakizue zeintzuk ziren erraldoi horiek? Jentilak.

Eta zergatik hasi Jentilekin? Kasu honetan, Uribe Kostako toponimian horien informazioa topa daiteke, hala nola Jentilkoban. Egon zarete inoiz? Irteera polita izan daiteke, ezta?

Jentilak nor ziren ulertzeko, antzinako arraza zahar bat dela esan behar dugu. Tamaina handiko pertsonaiak dira, lur-azpian edo urruneko haitzuloetan eta aranetan bizi zirenak, gizakietatik urrun, beraien bizimodua eta ohiturak mantentzeko asmoz. Indar handia zuten eta euskal geografia osoan haiek aisialdi hutsean airera jaurtiriko hainbat arroka ikus daiteke sakabanatuta. Inoiz ere, euren kontrako erasoak jasotzen zituztenean, Jentilek harri handiak botatzen zizkieten erasotzaileei euren burua babesteko.

Azken paganoak izan ziren, eta batzuen ustez, kristautasuna heldu orduko desagertu ziren erraldoiok. Beste batzuen iritziz, Aralarreko amildegitik behera bota eta bertan hil ziren. Jentil-harriaren azpian sartu ondoren desagertu zirela ere defendatzen dute beste askok. Modu batean edo bestean, jentil-aroaren beherakada eta kristautasunaren etorriaren berri ematen digu horrek.

Euskal Herri osoan zehar aurki daitezke Jentilen aztarnak toponimian, baita Uribe Kostan ere. Hala, Diman Jentilzubi ikus dezakegu kobaldeko bidean, edo Barandiaranen herrian, Ataun inguruan: Jentilbaratza. Jentiletxe Mutrikun, Jentilzulo Orozkon eta Leitzan, Jentilkoba Ispasterren…

Kondaira

Leitzan Jentilzulo izeneko koba bi daude, eta Ozparrungo zubitik distantzia gutxira kokatzen dira. Kontakizunek diote jentilen eta gertu kokatzen zen baserri bateko bizilagunen arteko harremanak onak zirela. Behin jentil talde bat bertara hurbildu zen eta hauspoa uzteko eskatu zieten baserrikoei. Haiek, mesfidati, erraldoiek zuten urrezko zuztarra entregatu ziezaietela eskatu zuten, eta jentilek baizkoa eman zieten. Hainbat egun igaro ondoren, erraldoiak hauspoa itzultzen eta zuztarra berreskuratzen saiatu ziren. Hala ere, Ozparrun baserrikoek azkar asko hartu zuten hauspoa, baina ezezkoa eman zioten behin eta berriro zuztarra itzultzeari. Aitzakia gisa jentilek irregulartasunen bat egin zutela jartzen zuten.

Jentilek, aldarte txarrean, alde egin zuten betiko toki hartatik, baserrikoen aurka hurrengo madarikazioa botaz: “Ozparrunen emaztea denak ez du inoiz osasun onik izango”. Esan beharrik ez dago hala izan dela handik aurrera.

Jentilak desagertu dira, bai. Baina arraza zaharrari buruzko aipamenek irauten dute oraindik ere han eta hemen. Kantabrian, Galizian eta Europako hainbat lekutan ere topatu ditugu Jentilei buruzko sinesmenak eta horrela, Neolitikotik datorkigula pentsa dezakegu, gizaki indoeuroparretatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun