Burdin Hesia ezagutzeko antzeztutako bisita gidatua egingo dute domekan

Iker Rincon Moreno 2020ko abu. 11a, 10:46

Frentes de Euzkadi taldea Berangoko berregitean, artxiboko irudia.

Sopelako eta Berangoko Burdin Hesia eta horren inguruko historia beren-beregi ezagutzeko aukera egongo da domeka honetan, hilaren 16an, Jata-Ondo Uribe Eskualdeko Landa Garapenerako Erakundeak antolatutako antzeztutako bisitei esker. Frentes de Euzkadi elkartea arduratuko da, beste behin ere, inguruok 1937ko ekaineko giroa birsortzeaz. Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoak eta Orbelak ere parte hartuko dute egitasmoan. COVID-19a dela eta taldeak murriztuak izango dira eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da.

Milizianoen eta gudarien bizitzaren nondik norakoen berri izateko parada izango dute interesatuek domekan, abuztuaren 16an, Sopelan eta Berangon. Izan ere, Burdin Hesiaren aztarnak ezagutzeko antzeztutako bisita gidatuak antolatu dituzte zeregin horretarako. Goizeko 09:30ean jarri dute hitzordua, Larrabasterrako Urko aparkalekuan eta, antolatzaileek iragarri dutenez, egitasmoak ordu bi eta erdi iraungo du. Bisitak Sopela eta Berangoko Burdin Hesiaren aztarnak erakutsiko ditu, Frentes de Euzkadi elkarteko kideen laguntzagaz. Horiek, garaiko pertsonaien paperak interpretatuko dituzte, gerturatuko diren denen gozamenerako eta historia beren-beregi ezagutzeko. Hala, Areneburuko metrailadore-gune eta Urkomendiko gotorlekuak bisitatuko dituzte, besteak beste. Hala ere, horretan parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko da; taldeak murriztuak izango dira, 20 pertsonakoak, COVID-19aren protokoloak bermatzeko.

Bestelako bisitak

Sopela eta Berangokoa Jata-Ondok proposatutako bigarren txangoa izango da; joan den uztailaren 12an Urdulizeko aztarnak ezagutzeko aukera egon zen eta irailaren 6an Gamiz-Fika ingurura egingo dute salto.

Erlazionatuak

36ko gerra irudikatu dute Berangon

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2019 ira 23 Berango

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun