Euskal Herri osoko 650 menditara aldi berean igotzeko deialdia egin du Sare mugimenduak, preso, erbesteratu eta iheslariak etxera itzultzearen aldeko Izan Bidea ekimenaren barruan. Hain zuzen ere, Algorta, Barrika, Berango, Sopela eta Urdulizko herritarrei Munarrikolandara igotzera deitu diete; Gorliz, Lemoiz eta Plentziakoei Ermua igotzera; Erandiokoei Unbera; eta, azkenik, Itzubaltzeta-Areeta eta Leioakoei Kurkudira.
Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro ibiltzea da Izan Bidea ekimenaren erronka: 3.127.326. Uribe Kostan, berbarako, oinezko martxak egin ziren ekainaren 21ean. "Orain, gure aldarrikapenak mendien tontorretara eramateko erronka ezarri diogu geure buruari", azaldu du Sarek.
"Kilometroak eta urratsak batzen ari gara, helburu argi batekin: euskal presoen arazoari konponbidea ematea, eta bizikidetza eta bakea lortzeko aurrerantz joatea", dio Sarek, "gizartearen aktibazioa erakundeen lanarekin uztartuz egoera honi behin betiko irtenbidea eman dakiokeela uste dugu". Presoak Euskal Herrira ekartzeko gizartearen eta erakundeen kontsentsua dagoela azpimarratu du elkarteak.
Ekimenean parte hartzeko izena eman beharko da 650tontor.sare.eus atarian (herria eta gailurra hautatu behar dira). “Ekimen polita eta esanguratsua da, erakusteko prest gaudela urratsak emateko, aldapan gora edo aldapan behera, baina guztiok batera, euskal presoen eskubideen urraketa desager dadin”, Sarek berri eman duenez.