Metodikoa sortzez, bere bizitzaren zati handi bat udal-artxibo, liburutegi eta liburuen artean eman zuen Alberto Diezek. Horri esker, emaitza mardula izan du, hamabost bat argitalpen sinatu baititu. Besteak beste, Berango, 40.000 años de historia lana argitaratu zuen aurrenekoz 1990an, baina bigarren edizioa kaleratu zuen hamarkada batzuk geroago. Lan horretan, udalerri horretako historia kontatzen du, xehetasun guztiakaz.
Gorlizen jaioa, ezkondu ondoren Berangon finkatu zen 60ko hamarkadan, eta bertan bizi izan da urte hauetan guztietan. Lanbidez historialaria izan ez arren, bere bizitzaren erdia baino gehiago ikertzen ibili da, liburu artean, baina baita landa-lanean ere. Iñaki Libano arkeologian aditu barrikoztarrak gogoratzen duenez, Berangoko Agirremendi aztarnategia aurkitu zuen Diezek, 1985ean. Horrez gainera, heraldikari eta errotei buruzko hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste.