Asteburu honetan, Gorlizeko Walitxo txosnak jasan duen erasoa gehiegizkoa izan da gorliztar askorentzat, eta, horregatik, uda honetan hainbatetan errepikatu den egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean. 50 pertsona inguru elkartu ziren txosna inguruan, ekintza bandalikoak eta kale-zurrutaren ondorioak salatzeko, eta agintariei exijitzeko neurriak har ditzaten.
Elkarretaratzea sare sozialetatik zabaldu den bat-bateko ekintza izan da, auzotarren haserrea eta ezintasuna kaleratzeko, hain zuzen ere. Deialdia egin dutenetako bat da Teresa Urionabarrenechea, eta azaldu duenez, "domekan, beste behin, dena zaborrez beteta aurkitu genuen, eta, oraingoan, txosna barrura ere sartu ziren barrualdea guztiz hondatuz. Hau gehiegizkoa da; nolabait geratu beharra dago".
"Goizero gaueko ekintza bandalikoakaz aurkitzen gara: ibilgailuen atzerako ispiluak apurtuta, zaborra leku guztietan, kristalak lurretik... Domekan txosnan gertatutakoagaz gure pazientzia agortu da", azaldu du Alicia Irusta Gorlizko udatiarrak. "Jendea nekatuta dago egunez egun gauzek berdin jarraitzen dutelako, eta agintariek ez dutelako ezer egiten, ezbehar bat gertatu arte".