Domeka goizaldean, Plentziako hondartzan, 17 urteko getxoztar batek jasandako talde bortxaketa salatzeko manifestazioa egin dute gaur Algortan. Udalerriko mugimendu feministak deituta, protesta 20:00etan abiatu da, Telletxe plazatik. Mila lagunetik gora batu dira, "erasorik ez, erantzunik gabe!" oihuak ozen kalerik kale zabaltzeko.
Algortako erdigunea gurutzatu ondoren, San Nikolas plazan batu dira guztiak, mota horretako erasoez nazkatuta daudela azpimarratzeko. "Haserre gaude, osasun larrialdia ez da pairatzen ari garen pandemia bakarra. Igandekoa ez da kasu isolatu bat, ez eta ausazko gertaera bat ere", deitoratu dute mugimendu feministako kideek, eta mahai-gaineratu dute horiek "sistema heteropatriarkala errotuta dagoenaren seinale" dela: "Emakume gisa sozializatuta gaudenoi sistematikoki eraso egiten zaigu, bortxatzen gaituzte eta hiltzen gaituzte".
Horren ildotik, gizartearen ardura nabarmendu dute, askotan, biktimei jasandako erasoaren erantzule egiten zaielako. "Gugan pisua jartzen dute askotan: etxerako bidea bakarrik egiteko hautua egin dugulako, gure gogoen arabera jantzi garelako, mozkortzea erabaki dugulako... Etengabe epaitzen zaigu, erasoak nolabaiteko justifikaziorik izango balu bezala".
Horri erantzunez, baina, aldarrikatu dute ezerk ez diola inori emakumeen gorputzak eta bizitzak zapaltzeko eskubiderik ematen, "ez eta komunikabide batzuei gure kontura morboa eta diskurtso xenofoboak zabaltzeko eskubiderik ematen ere".
Kontuak horrela, antolatuta daudela ohartarazi eta azpimarratu dute euren arteko babes-sareak "gero eta indartsuagoak" direla: "Ez dugu beldurrik, eta erantzuteko prest gaude. Autodefentsa feministaz armatuta gaude!".
Hala ere, jendarte feminista bat eraikitzeko lanean jarraituko dutela jakinarazi dute, "ez dagoelako erantzun gogorragorik lanean segitzea baino, eta gizarte justuago eta feminista baten alde borroka egitea baino".
Bozeramaileen Batzordeak deitutako mobilizazioa, aurretik
Ordu erdi lehenago, 19:30ean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak deituta, mobilizazioa egin dute Telletxe kaleko puntu morean. Emakume elkarteei eta Berdintasun Kontseiluan parte hartzen duten erakundeek bereziki eskatu diete deialdiagaz bat egin dezaten.
Getxoko Udalak berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lana defendatzen jarraituko duela ere azpimarratu dute bertan; emakumeek sexu-harremanak nogaz, noiz eta nola izan gura dituzten askatasunez erabaki dezaketen gizarte baten alde, hain zuzen ere.