Herriz herriko eskaintza zabala proposatu du Korrika Kulturalak

Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 10a, 11:29

Korrika Kulturala egitasmoaren berri eman zuten atzo, otsailaren 9an, Derioko Baserri Antzokian. © KORRIKA

Aurtengo Korrika Kulturala aurkeztu dute Asier Amondo eta Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunek. Azaldu dutenez, berrikuntzen artean nabarmentzekoena izango da "Menua" izeneko egitasmoa; hau da, herriz herriko emanaldi kulturalak programatzeko AEKk osatutako katalogoa.

Asier Amondo Korrikako arduradunak aipatu duenez, aurtengoa, 22. edizioa, "trantsiziozkoa" izango da, eta, etorkizunean, Korrika Kulturalaren programa garatuko da AEKk eskainitako kultur-sorkuntzarako bekaren inguruan. "23. Korrikatik aurrera, Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEKk lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute", zehaztu du Amondok. Daborduko, aurtengo proposamenak jaso dituzte, eta epaimahaiaren esku daude; apirilean jakinaraziko dute bekaren irabazlea.

Dena dela, bekaren kontua hurrengo ediziorako gaia dela gogoratu eta, aurtengoan, "azken urteotan maiz erabili dugun formulari helduko diogu berriro; elkarlanari, alegia", azpimarratu du Amondok. Hala, beste behin ere, Loraldia Festibala izango da Korrika Kulturalaren bidelagun, eta Hautsi da Anphora ikuskizuna beren aurtengo ediziorako proposamena. Ruper Ordorikaren azken proiektua da hori, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldeagaz elkarlanean egindakoa. Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahal izango da hori: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Errenterian.

Halaber, bestelako sorkuntza-lanak sustatu eta hainbat herritara eramaten lagunduko du Korrika Kulturalak: besteak beste, eRRe eta Antigone edo ezetzaren beharra; azken hori Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea da.

Agenda osoa kontsulta daiteke korrika.eus webgunean; Uribe Kostako herrietan ez da aurreikusi ezer egotea.

Herriz herriko “Menua” osatzeko katalogoa

Aitziber Balantzategi AEKko eledunak aipatu duenez, "Korrika Kulturala jaio zen AEKk Euskal Herriari Korrikaren alde egindako lana eskertzeko, kalitate handiko kultur eskaintza zabala bueltan emanez". Ildo horretatik, herriz herri antolatzen diren ekitaldiak ere eraman gura dituzte Kulturalen agendara AEKkoek. "Harago joan nahi izan dugu aurten", azaldu du Amondok, "eta Korrikaren webgunean 'Menua' izeneko baliabidea txertatu dugu, hau da, 22. Korrika Kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, udalerri orori irekia".

"Menua"ren gaineko informazio guztia korrika.eus-en topa daiteke, "Kulturala" atalean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun