Lau urteren ondoren, bueltan etorriko da Korrika apirilean. Zelakoa izan da ekimenak utzitako hutsunea urteotan?
Pandemia orokorra izan denez, ez da horrenbeste nabaritu maila sozialean. Zenbaitek faltan bota dute, baina, orokorrean, egoera arraro batean geundenez, bertan behera gelditu den beste gauza bat izan da. Halere, ekonomikoki eragin handia izan zuen AEKrengan eta, ahal izan dugun bezala, neurriak hartuta, aurrera egin dugu jakinda aurten jada, nola edo hala, Korrika egingo genuela.
Euskaltegietako lana ekonomikoki babesteko balio du Korrikak. Zelan egin diozue aurre galera ekonomiko horri?
Egia esanda, espero genuena baino hobeto joan da. Alde batetik, Bultza kanpaina jarri genuen martxan iaz, eta jendeak ondo erantzun zuen; pozik gaude. Bestalde, euskaltegietarako matrikulen prezioak zertxobait igo genituen, gutxi, baina nahikoa aurrera egin ahal izateko. Aurten, gainera, ematen du matrikulazio-kopuruan ez garela gaizki ibili.
Gure aldarrikapena doakotasuna izan da betidanik. Eta zentzu horretan pausoak eman badira ere, bide luzea dugu oraindik aurretik. Administrazioei dagokienez, esan behar da euskaltegi eta gau-eskolei bideratzen dizkieten baliabideak ez direla nahikoak oraindik ere, horregatik, Korrika ezinbestekoa da herritarrei euskara ikasteko aukerak eman eta, aldi berean, langileon baldintza duinak bermatzeko.
"Administrazioei dagokienez, esan behar da euskaltegi eta gau-eskolei bideratzen dizkieten baliabideak ez direla nahikoak oraindik ere, horregatik, Korrika ezinbestekoa da herritarrei euskara ikasteko aukerak eman eta, aldi berean, langileon baldintza duinak bermatzeko"
Pandemiak eragina izan du euskararen erabileran inguruotan?
Daturik ez daukat, epe laburrean neurtu beharko litzateke, baina, azkenaldian, iruditzen zait inguruko herrietan, gazteen artean behintzat, euskara gehiago entzuten dela. Suposatzen dut urte askoko lanaren emaitza dela, ez gurea bakarrik (AEK), baizik eta euskalgintza osoak egindakoagatik. Niri baikorra izatea gustatzen zait.
Aurten, gainera, euskararentzako plaza erraldoi bi egongo dira: Korrika eta Euskaraldia. Zelakoa aurreikusten duzu urtea?
Bai Topaguneak bai AEKk adierazi zuten “hitzaren eta ekintzaren” urtea izango zela; hau da, nolabait hitzen bidez ekiteko urtea eta, aldi berean, hitzetik ekintzetara pasatzekoa. Nik uste dut izango dela urte bat instituzioei ere konpromiso gehiago eskatzekoa. Badakigu konpromisoa badagoela, Euskaraldiak ere lortu zuelako hori bestelako erakunde mota batzuetan, eta aurten uste dugu egokia izango dela bide horretan jarraitzeko eta hartutako konpromiso horiek betetzen joan daitezen.
Hitza eta ekintza aipatuta, gurera ekarrita, zeintzuk pauso eman daitezke Uribe Kostan hori lortzeko?
Alde batetik, garrantzitsua da jendea aktibatzea. Izan ere, herriak behartzen ditu makina handiak mugitzera; herriak mugiarazten ditu. Orduan, gure ustez gakoa beti dago herrian. Hala, garrantzitsua da jendearekin hitz egitea, gure antolaketan parte hartzea eta dinamiketan barneratzea; elkarlanean aritzea, azken finean.
Era berean, urte honek, hitzaren eta ekintzaren urteak, lehen puntu gisa kokatuko du agendan euskara, eta espero dugu, Euskaraldia nahiz Korrika gogotsu itxaron dituen herriak bultzatuko duela administrazioa, euskalduntzearen eta normalizazioaren bidean, neurri eta konpromiso berriak hartu eta betetzera.
"Garrantzitsua da jendearekin hitz egitea, gure antolaketan parte hartzea eta dinamiketan barneratzea; elkarlanean aritzea, azken finean"
Ildo horretan, zelan doaz Uribe Kostan Korrika igarotzeko prestaketa-lanak?
Ondo, lehenengo ekimena izango dugu otsailaren 26an, Getxon. Aurkezpen handia izango da, Euskaraldiarekin batera, Areetako Xake plazan. Ondoren, martxoaren 4an ere zer edo zer egingo dugu, xumeagoa, eta hor parte hartzen ari dira Getxoko euskalgintzan dabiltzan eragile guztiak eta elkarlanean beste hainbat elkarte.
Eskualdeari begira, bestelako ekimenik aurreikusten duzue?
Bai; herri batetik bestera errealitateak oso ezberdinak dira eta, batzuetan, Korrika batzorde indartsuak sortzen dira eta beste batzuetan ez dira sortzen eta Udalarekin batera antolatzen dugu zer edo zer. Adibidez, Sopelan nahiko egitarau zabala prestatzen ari dira, Erandion ere apur bat kontzentratuago, baina oso gauza politak aterako direla ematen du. Herri txikiagoetan oraindik ez da martxan jarri makinaria guztia, baina egongo dira gauza xumeagoak.