Amenabar Etxegintza Bizkaia S.L. enpresa eraikitzaileak babes ofizialeko 206 etxebizitza (BOE) eraikitzen ari da Berangoko Santa Ana auzoko Otxabene inguruan. Proiektu horrek hamaika tirabira sortu ditu Udalaren, enpresaren eta inguruko auzo-taldeen artean; azkena, enpresak Itxe errekaren ingurua porlanez bete izanagatik, Berango Lurraren Defentsan eta Getxoko Auzokideok elkarteek jakinarazi dutenez. Horren aurrean, salaketa formala jarri zuten atzo Getxoko ertzain-etxean. "Hau ez da Amenabarrek Berangon izan duen lehen irregulartasuna, eta horiek salatzeagatik Berangoko auzokide bati 50.000 euro eskatzen dizkio. Horregatik, Amenabarrek Berangon kalte ekologikoa eragiteaz gain, hau salatzen duten auzokideak mehatxatzen dituela ere salatu nahi dugu", diote Berango Lurraren Defentsan taldekoek.
Ekintzaileari jarri gura dioten isunari dagokionez, kontzentrazioa egin zuten dozenaka auzokidek eguaztenean, hilaren 23an, Amenabar enpresak Berangon duen bulegoaren aurrean, "auzotarrari elkartasuna adierazteko eta enpresaren mehatxuak arbuiatzeko".
Elkarretaratzean irakurritako oharra, osorik:
Iazko maiatzean jakinarazi genuenez, Amenabar enpresak salaketa bat jarri du Berango Lurraren Defentsaneko kide baten aurka, enpresaren trapu zikinen inguruan berba egiteagatik irratian. Duela gutxi jakin dugu enpresak prozesuarekin aurrera egitea erabaki duela, eta, beraz, kide honek epaitegira joan beharko du deklaratzera, 50.000 euroko balizko isunari aurre eginez. Espekulazio basatia, eremu naturalen suntsipena eta enpresa handien interesen aldeko herri baten eraikuntza salatzeari utz diezaiogula nahi dute, eta horretarako beti euren zerbitzura dagoen udalaren konplizitatea dute.
Jakingo duzuenez, gure kidearen izena irrati saio batetik hartu zuten. Gure kidea saiora joan zen Otxabene sektoreko pelotazoari buruz hitz egitera. Bertan Amenabar eta udaletxea Santa Ana auzoko naturagune bat suntsitzen dabiltza, hezegunea eta zelaiak betirako desagerraraziz. Bada, saio horretatik bere izena hartu eta, inolako oinarririk gabe, kalteak eta hertsapena leporatzen dizkiote.
Baina guk, mehatxuen gainetik Otxabene sektorearen eraikuntzaren irregulartasunak salatzen jarraituko dugu, duela aste batzuk Icaza jauregiaren trukearekin egin genuen bezala. Amenabarren Inmogroup enpresak 2,1 milioi euroko balioa eman zion jauregiari, barrualdearen egoera egiaztatu gabe sikiera, eta udalak ontzat eman zuen tasazioa, bigarren iritzirik eskatu gabe. Horrela, jabetza publikoko lursail batzuengatik trukatu zuten, eta, kasualitatez, prezio berdinarekin baloratu zituzten herri lur horiek. Bertan, 68 BOE salduko dira. Hori guztia alokairuko etxebizitza sozialak eraiki beharrean, Amenabarrek etxe horiek 10
milioi euroren truke saldu ahal ditzan. 200.000 euro balioko duten etxebizitza hauek ez dituzte herriaren beharrak asetzen, babespeko etxebizitzen beharra duten auzokideek ezin baitituzte etxe hain garestiak erosi.
HAPOak 10 urte baino gehiago daramatza eguneratu gabe, eta 2.300 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten du, herriaren tamaina bikoiztuz, eta ez da kezkatzen eskola edo kiroldegia bezalako beharrezkoak izango diren zerbitzuez.
Zementu-bolada horrek, gainera, 40 hektarea baino gehiago berdegune eta nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lur suntsituko lituzke. Finean HAPO hau eraikuntza-enpresa handien eta enpresa multinazionalen (Megaparken, esaterako) onurak gizentzeko pentsatuta dago, baita alkatearen anbizio pertsonala asetzeko ere. Ez die bizilagunen interesei eta beharrei erantzuten, eta horri buelta emateko borrokan jarraituko dugu.