Amenabar enpresa-eraikitzaileak jarritako salaketa baten ondorioz, Berangoko bizilagun batek 50.000 euroko isuna jaso dezakeela deitoratu du Berango Lurraren Defentsan kolektiboak. Ekintzaileek azaldu dutenaren arabera, taldearen izenean irratsaio batean parte hartu zuen pertsona baten izena hartu eta, "beste azalpenik eman gabe", haren aurkako prozesu judiziala hasi zuen Amenabarrek. "Besteak beste, enpresaren irudia lausotzen duten kartelak eta pankartak jarri izana leporatzen diote", zabaldu du talde ekologistak. Horrez gainera, deitoratu du enpresak eskatu duela taldeko sareak eta posta elektronikoa erabiltzen dituzten pertsonak identifikatzeko, "haien aurkako salaketa zabaltzeko".
Egoera horren aurrean, Berango Lurraren Defentsan kolektiboak elkarretaratzea deitu du datorren otsailaren 23rako, Amenabar enpresak Berangon duen bulegoaren aurrean, "auzotarrari elkartasuna adierazteko eta enpresaren mehatxuak arbuiatzeko". Era berean, Otxabene sektorearen eraikuntzaren "irregulartasunak" salatzen jarraituko dutela ziurtatu du kolektiboak, Icaza jauregiaren trukearen kasua kasu.