Iaz, 2021ean, Soziolinguistika Klusterrak egindako azken ikerketaren arabera, zortzi lagunetatik bat –edo herritarren % 12,6a– euskaraz aritzen zen Euskal Herriko kaleetan. Gurean, aldiz, emaitzak bestelakoak izan dira, uribekostarren % 3,6 eta % 13,1 aritzen baitzen euskaraz, gunearen arabera. Azterlana eskualdez eskualde egin dute, eta Uribe Kostako udalerriak bi eremutan banatu dituzte: Bilbo Handian (Erandio, Leioa eta Getxo) eta Plentzia-Mungian (Sopela, Barrika, Urduliz, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz –Berangon ez dute neurketarik egin–). Hala, lehenengo eremuan, euskararen erabilera askoz txikiagoa zen bitartean (% 3,6), bigarrenean batez bestekoaren gainetik zegoen puntu erdiz (% 13,1).
Soziolinguistika klusterraren azterketa
1989az geroztik, Euskal Herrian egiten den zortzigarren hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak dira horiek. 7.637 orduz egindako behaketa zuzenaren bidez, 215.396 elkarrizketa eta 603.497 solaskide behatu zituzten lagintzat hartutako 145 udalerrietan, tartean, eskualdeko bederatzitan.
Soziolinguistika Klusterrak ondorioztatu duenez, azken bost urteetan ez da gorabeherarik egon euskararen kale erabileran orokorrean: "Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (% 12,6). Datu orokor hau 2016ko hizkuntzen erabileraren kale neurketan behatutakoaren berdina da". 2006an neurtu zuten baliorik altuena (% 13,7), eta hurrengo hamarkadan beherako joera izan ostean, azken bosturtekoan balioa mantendu da; halere, duela 33 urtetik hona, 1,8 puntuan hazi da erabilera.
Datu orokorretik harago, egoera ezberdina da eremu geografikoei erreparatuz gero. Gipuzkoa da euskara gehien entzuten den eremua (% 30,6), azken hamarkadan erabilerak bi puntu behera egin duen arren; behera egin dute balioak Nafarroan (% 5,9) eta Ipar Euskal Herrian (% 4,9) ere. Aldiz, duela bost urte baino euskara gehiago entzuten da Bizkaiko (% 9,4) eta Arabako (% 4,9) kaleetan. Ildo horretan, ikerlanaren zuzendari Olatz Altunak (Usurbil, 1971) azpimarratzen du Euskal Herria oso heterogeneoa dela lurraldeei eta eskualdeei dagokienez, "eta, ondorioz, erabilera maila oso ezberdinak ditugu.
Eskualde batzuetan erabilera oso urria da, eta horrek erakusten du oraindik ere oso zaurgarria dela euskara". Uribe Kosta horren adibide garbia da; halere, Altunak azaldu du ezinezkoa dela gure eskualdeko herriz herriko datu zehatzak ematea, hartutako laginak, orokorrean, oso txikiak direlako emaitza adierazgarriak emateko. Erandion eta Getxon, berriz, azterketa sakona egin dute, eta, lehenengoaren kasuan, emaitzen berri eman zuten azaroaren 17an; Getxon, aldiz, "Udalaren esku daude datuak, baina, momentuz, ez dute aurkezpenik aurreikusi".
Kontuak horrela, herriz herrikako datuen faltan, esan daiteke, orokorrean, Nerbioi ibaiaren inguruko udalerrietan euskararen erabilera nabarmen baxuagoa dela Plentzia-Mungia inguruko udalerriekikoakaz alderatuta. Halere, lehenengoen kasuan azken bost urteetan euskaraz aritzeko joera handitu den bitartean, bigarrenen kasuan erabiltzaileak galdu dira urtez urte.
Horren harira, Altunak azaltzen du eremu euskaldunenetan behera egin duela kale erabilerak bost urteotan, eta joera hori ez dela berria, aurreko edizioetan ere gauza bera nabarmendu baitzen.
Gorabeherak eremu eta adinaren arabera
Bizkaian, urbanistikoki eta demografikoki azken urteotan gehien hazi den eskualdeetako bat da Plentzia-Mungia, eta, horren eraginez, besteak beste, eremu horietako euskaldunen proportzioak behera egin du 10 urtetan, % 17,6tik % 13,1era, hain zuzen ere. "Azken urteetan gertatu diren aldaketa urbanistikoengatik eta demografikoengatik, eremu horietako euskaldunen proportzioak eta kopuruak behera egin dutela ikusi dugu, eta horrek isla izan du euskararen erabileran", azpimarratu du Soziolinguistika Klusterraren ikerketaren arduradunak.
Bilbo Handiko herriguneetan, aldiz, euskal hiztunen proportzioak gora egin du, gutxi bada ere, hein handi batean euskarazko hezkuntza ereduaren hedapenari eta helduen euskalduntzeari esker; "alegia, euskaltegien lanari esker", Altunaren esanetan; "hala ere, eskolan euskaldundu diren horiek gaztelaniaz hitz egiteko euskaraz aritzeko baino erraztasun dezente handiagoa dute, eta gauza jakina da erraztasun handiena duzun hizkuntzara jotzea dela ohikoa".
Adin-tarteei dagokionez, gurean, gazteenak dira euskaraz aritzen diren gehienak, bai Bilbo aldeko udalerrietan zein Plentzia-Mungiako inguruan. Lehenengoen kasuan, nabarmen gora egin dute azken bost urteetan 2-14 urte artekoen euskararen erabiltzaileek, duela 10 urteko emaitzak gaindituta; nagusien kasuan ere, gutxi bada ere, gora egin dute baita ere. Kostaldeko udalerrietan, aldiz, 15-24 urte arteko euskara-erabiltzaileak areagotu egin dira, 2016an ia-ia euskaraz berba egiteari utzi ziotenean; gainontzeko adin-tarteei dagokienez, berriz, euskara gero eta gutxiago entzuten da horien artean.
Adin taldeei dagokienez, Altunak azaltzen du zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta gehiago erabiltzen dela euskara kalean orokorrean. Hala ere, azpimarratzen du adin berekoen arteko elkarrizketen erabilerak behera egiten dutela, "hau da, harreman horizontaletan, haurra haurrarekin, gaztea gaztearekin edo heldua helduarekin ari denean, erabilerak behera egiten du". Aldiz, haurrak elkarrizketa batean egoten direnean, euskararen alde jotzeko joera dagoela nabarmentzen du, "eragin positiboa du. Helduen erabilerak gora egiten du haur bat tartean den elkarrizketetan. Lurralde guztietan antzeman dugu joera hori".
Horrez gainera, "generoari dagokionez, belaunaldi gazteenetan emakumeek euskara gizonek baino gehiago erabiltzen dute", nabarmendu du ikertzaileak, tartea oso handia ez den arren. Dena dela, joera hori leku guztietan errepikatzen dela-eta, uste du hor badagoela zer aztertu: "Generoek sozialki betetzen dituzten rol horiek euskararen erabileran duten eragina aztertu beharra dago".
Arnasguneen beharra euskara hauspotzeko. Euskararen erabilerari dagokionez, Altunak beste gako batzuk ere aipatzen ditu azterketaren irakurketan, hala nola inguruko euskaldunen kopurua. Horren harira, proportzioa txikia denean, euskaldun dentsitate handiko "gune erosoak" sortu beharko liratekeela uste du euskararen erabilerak nabarmen gora egiteko, "bestela, askok, euskara erabiltzeko aukerarik ere ez dute izango".
Ildo horretan, gurean euskarak kalean protagonismo handirik ez duen arren, badira horren erabilera hauspotzeko hainbat gune, proiektu eta egitasmo, nolabait, gure hizkuntzaren arnasgune direnak. Horietako asko tokiko euskara elkarteek bultzatutakoak dira, hala nola Getxoko Bizarra Lepoan, Albe, Sendi eta Egizu Getxo Euskaldun elkarteak eta Erandioko Berbots, baina baita herriko euskaltzaleek sortutakoak, Algortako Azebarri kultur elkartea eta Lemoizko Etzandarri euskal mendi taldea, besteak beste. Ikastolek eta ikastetxe publikoek ere bultzada handia ematen diote euskarari, baita inguruko udaletako kultur etxeek eta euskara zerbitzuek ere.
Eskualdeko kirol talde askok ere zeregin horretan euren aletxoa jartzen saiatzen dira, hala nola Uribe Kosta Saskibaloi Taldea, Armintzako Pilota Elkartea eta Barrikako Futbol Eskola, entrenamenduak euskaraz egiteko konpromisoa hartuta dutenak, edota apurka-apurka euren ibilbidean euskara txertatzen saiatzen direnak, berbarako, Urduliz eskubaloi taldea. Horiek guztiek euskaraz aritzeko gune "seguruak" bermatzen dituzte, aurrez aurre duguna gure hizkuntza ulertu eta erabiltzeko prest dagoela ziurtatuta.
Azkenik, euskaltegiek eta hizkuntza eskolek ere, nola ez, ingurua euskalduntzeko berebiziko lana dute, euskara ikasteko hamaika aukera eskaintzen baitituzte.
Euskaraldiaren papera
Euskararen erabilera-ohiturak iraultzeko hirugarren saiakera izango da aurtengoa, eta, apurka-apurka bada ere, gure hizkuntzaren erabileran aurrerapausoak ematen hasiak gara. Hala adierazten dute azken ikerketek, denbora bat pasatzen denean Euskaraldian lortutako aldaketa batzuk mantentzen direla frogatuta. Euskaraldia amaitu eta hilabete batzuetara, egoera ekimenaren aurretik baino hobea izan ohi da hainbat lekutan, eta, ondorioz, horrek esan gura du funtzionatzen duela eta erabilera maila bat igotzen duela. Oraingo honetan ere hala izango da? Ea hirugarrenean ere asmatzen dugun.