Idurre Eskisabelek Paul Bilbao getxoztarra ordezkatuko du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi gisa

Iker Rincon Moreno 2022ko aza. 30a, 19:34

Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria. © KONTSEILUA

Hamabi urteko ibilbide luze baten ondoren, Paul Bilbao Sarria getxoztarrak Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi izateari utziko dio, eta haren lekukoa hartuko du Idurre Eskisabel Larrañagak. Abenduaren 6an irudikatuko dute kargu-hartzea, Durangon, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian.

Kontseiluak ohar bidez azaldu duenez, Idurre Eskisabel Larrañaga Beasainen jaio zen 1970an. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da EHUn, eta kazetaritzan ibilbidea egin du, besteak beste, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian, baita kolaborazioak egin Euskadi Irratian eta Euskalerria Irratian, besteak beste.

Gaur egun, Jakin pentsamendu aldizkariko eta pentsamendu feminista euskaratzea xede duen Eskafandra bildumako kontseilu editoreetako kidea da, baita Ondas Saria jasotako Lokatza podcasteko egileetarikoa ere. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea da, zehazki Hizkuntza eta Genero atalekoa. Lanbidez EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da, eta bertan prentsa edizioa, irratigintza eta informazio generoak irakasten ditu.

2018an Goseak janak poema liburua plazaratu zuen, Susagaz. Eta 2019an, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariagaz batera, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara argitaratu zuen, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen duen liburua.

Hizkuntzaren, kulturaren eta gizartearen gaineko ezagutza zabalak ditu, eta bere gertukoek pertsona ireki, gertuko eta intelektualki zorrotz gisa definitzen dute, esperientzia eta solbentzia handikoa.

Askotariko eremuen arteko zubi lana

"Ilusio eta erantzukizun handiz" jaso du Eskisabelek Kontseiluko ardura nagusia betetzeko proposamena. "Euskalgintzak ekin dio askotariko eremuen arteko zubi lana egiteari, eta bide horretan sakontzen segitzeko asmoa dut", adierazi du, 2021etan abiatutako Batuz Aldatu dinamikari erreferentzia eginez.

Euskaran, kulturan, hezkuntzan, baita eremu sozioekonomikoan, eskubide sozialetan, migrazioan, feminismoan, LGTB+ mugimenduan, eremu digitalean, gazterian eta beste askotan aritzen diren eragileekin aliantzak sustatu eta hizkuntzaren gaia erdigunera eramateko lan egingo duela iragarri du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun