Euskaraldiaren koordinatzaileek ekimenaren balorazio positiboa egin dute

Ander Zarraga 2022ko abe. 2a, 17:30

© EUSKARALDIA GETXON

Gaur, abenduak 2, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera, hirugarren Euskaraldiaren azken eguna da, eta Koordinazio Mahaiak "oso balorazio positiboa" egin du, jendartean finkatu eta egonkortu den ariketa soziala izatea lortu dutelako. Hala adierazi du Goiatz Urkijo Euskaraldiako koordinatzaileak Gasteizko Artium museoan eskaini duten prentsaurrekoan.

Azken 15 egunotan 161.099 pertsonek hartu dute parte ekimenean belarriprest zein ahobizi roletan. Aurtengo Euskaraldia "benetako Euskaraldia" izan dela azpimarratu du Urkijok, herritarrek modu hausnartuan egin baitute ariketa, beren helburuak lortzera bideratuta. Bingen Zupiria Eusko jaurlaritzako bozeramaileak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak urteotan euskararen normalizazioaren mesedetan eman diren aurrerapausoetan egin dute azpimarra.

Amonarrizek azaldu duenez, lau urteotan eman diren urratsei esker jendartean inoiz baino argiago ulertu eta txertatu dira Belarriprest eta Ahobizi rolak: "Urrats garrantzisuak eman ditugu rolen legitimiazioan". Halaber, txapa eramatearen garrantzia azpimarratu du Amonarrizek, euskaraz egiteko aukerak bistaratze aldera; izan ere, aurreko urteetan baino jende gutxiagok jantzi omen du bereizgarria. Txapak ikusterakoan babestuta sentitzen garela eta estres linguistikoa murrizten dela diote Euskaraldiaren ikerketek. 

Gauzak horrela, eguneroko bizimoduan eta gizartean errotuta dauden ohiturak aldatzeko helburua duen ekimenarekin aurrera jarraitzeko dei egin die Euskaraldian parte hartu duten herritar eta erakundeei, bihartik aurrera ere hizkuntza-ohiturak aldatzen jarraitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun