Euskal Herri osoan gertatzen ari den bezala, aniztasun soziokulturala gero eta handiagoa izango da Uribe Kostan ere datozen urteetan. Gure ingurua "anomalia" bat izan da denbora luzez Europa mailan, bertoko atzerritarren biztanleria beste herrialdeena baino nabarmen txikiagoa izan baita orain gutxira arte. Oraindino ere portzentajea txikia da inguruko horiekaz konparatuta, baina, apurka-apurka, atzerritako jatorria duen auzokide gehiago egongo da gure inguruan etorkizunean.
Migrazioa fenomeno arrunt bat da; leku batetik bestera mugitzea gizon-emakumeen garapena bermatzeko ezinbesteko ekintza da, behar-beharrezkoa, mundu osoan ematen dena. Hala ere, fenomeno berria da gurean, baina gelditzeko etorri dena. "Immigrazioa egitate estrukturala da, eta zantzuek adierazten dute immigrazioa jasotzen jarraituko dugula Euskal Herrian datozen urteetan, azken bi hamarkadetan egin izan dugun bezala", azaldu du Irune Ruiz Ziarreta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko kideak —irakurri elkarrizketa osoa 25-27 orrialdeetan—.
Espainiako Estatistika Institutuak egindako erroldako azken datuen arabera (2022), atzerrian jaiotako gizon-emakumeak biztanleria osoaren % 9,97 dira Uribe Kostan (17.296 pertsona), orain 20 urte baino % 5,7 gehiago. Horien guztien ia erdia Getxon daude erroldatuta, eta Leioan eta Erandion bizi direnakaz batuta, eskualdeko atzerritarren % 85 osatzen dute.
Orokorrean, Euskal Herrira etorritako migratzailearen profila Hego Amerikakoa eta emakumea da, eta hori are nabarmenagoa da gurean; zehazki, atzerritar jatorrikoen % 56,8 emakumeak dira Uribe Kostan, eta kopurua are nabarmenagoa da latinoamerikarren kasuan: 10etik sei emakumeak dira. Zergatik? Bada, bertako lan-merkatuak hala eskatzen duelako: "Lan feminizatuen eskaera handia dago eskualdean, hala nola etxeko zerbitzuan eta zainketa-lanetan aritzeko".
Ildo horretan, Getxoko emakume migratzaileak batzen dituen Mujeres con Voz elkarteko kideek azaldu dutenez, "gaia asko sinplifikatzea bada ere", inolako sarerik gabe gurera datozen emakume migratzaile gehienek ezin izango dute egoitza-baimenik eskuratu sustraitze sozialak agintzen dituen baldintzak bete arte, eta horiek dira: gutxienez, hiru urteko aldi etengabeaz Espainiako Estatuan egon izana egiaztatzea, berbarako, errolda-agiri baten bitartez; lan-kontratu bat edukitzea eta horren iraupena gutxienez urtebetekoa izatea; eta Estatuan modu legalean bizi diren eta baimen egokia duten beste atzerritar batzuen senitartekoak direla egiaztatzea edo gizartean integratuta daudela ziurtatzeko txostena aurkeztea. "Hori guztia dela eta, etxeko langile gisa edo zaintza-lanetan arituko dira emakume migratzaile horiek, gutxieneko soldata jasota gainera".
Migratzaileen arteko sareen garrantzia nabarmendu dute aktibistek, horien bitartez, besteak beste, tokiko kode kulturalak ezagutu eta zerotik ez hasteko ahalbidetzen dutelako. Hori dela eta, gabezia horiek dituzten emakumeak lagundu guran, elkar zaintzeko guneak eskaintzen ditu Mujeres con Voz kolektiboak. "Hortik aurrera, elkartzeko eta bizikidetzarako ekintzetan parte hartzeko gonbita egiten diegu". Haientzako oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzte, hala nola lan-aholkularitza, arreta psikologikoa eta izapideak egiteko laguntza. "Baina ez hori bakarrik; eragile politikoa ere bagara, egoera ezberdinen inguruan hausnarketak bideratu eta, beharrezkoa denean, salaketak egiten ditugu, gainontzeko pertsonek bezala duten eskubideetarako sarbidea aldarrikatzen dugu", nabarmendu dute Mujeres con Voz taldeko kideek.
Lana eta hezkuntzaren garrantzia
Ikuspegiko Irune Ruizek azaldu duenez, Uribe Kostara datozen pertsona migratzaileak gurean geratzeko asmoz datoz, bizitza berri eta etorkizun hobe baten bila. Hori dela eta, tokiko datuen faltan, nabarmendu du EAEn lan egiteko adinean bizi diren atzerritar gehienak lanean edo lan bila ari direla. Hala ere, azaldu du horien artean langabezia-tasa % 28 ingurukoa dela, "bertako biztanleriarena baino nabarmen handiagoa". Azaldu duenez, gizonezko etorkinek, orokorrean, eraikuntzan eta ostalaritza-zerbitzuetan lan egiten dute, eta emakumeek, aldiz, zaintza-lanetan eta etxeko sektoreari lotutakoetan; "EAEn, enpleguen herena osatzen dute azken horiek, eta Uribe Kostan horren eskari asko dago, bai biztanleriaren zahartzeagatik, baita horrelako enpleguak dituzten familien beharragatik ere".
Lanaz gainera, hezkuntza ere integraziorako tresna garrantzitsua dela dio Ikuspegiko adituak. Izan ere, orain, gizartean errotzeaz gainera, prestakuntza errotzearen bitartez erregulariza dezake migratzaile batek bere egoera.
Ildo horretan, eta migrazio-datuak aztertuta, Xabier Aierdi Soziologian doktore eta immigrazioan adituak nabarmendu du badela momentua gizarte berri bat sortuko dela pentsatzeko, "jatorri ezberdinetako pertsonez osatutakoa". Hori dela eta, euskal gizartearen erronka pertsona horiei hiritartasun praktiko bat eskaintzea izango dela iragarri du: "Gizarte bat sortu behar dugu bizitzeko merezi duena. Denentzako aukera berdinak eskaini eta pixkanaka aukerak berdinduko dituena. Etorkizunera begira etekinak emankorrak izango direla pentsatu beharra dago. Azken finean, lortu behar duguna da goranzko mugikortasuna bermatzeko tresneria bat ipintzea, adibidez, migratzaileen seme-alabek berton ikas dezaten". Horren harira, Aierdik azpimarratu du migratzaileek eragin ekonomiko "ikaragarria" egiten dutela, "materiala zein afektiboa".
Tokikoak eta atzerrikoak, batera
Integrazio-bide horretan, Aierdik nabarmendu du oso inportantea dela kulturen arteko kontaktua ahalik eta handiena izatea; "nahastuta egotea gizarte bezala izan behar dugun helburuetako bat da berdintasuna lortzeko". Ildo horretan, askotariko iniziatibak sortu dira inguruotan, hala nola Bizilagunak izenekoa. Mota horretako egitasmoek elkarketarako aukera eskaintzen dute, "tokiko eta atzerritik etorritako auzokide berrien arteko elkarreragina hauspotzeko eta elkarbizitza baketsu bat bideratzeko aukera eskaintzen dutelako", azaldu dute Getxoko Bizilagunak proiektuko kideek.
Egitasmo hori 2004an sortu zen, Txekiar Errepublikan, "etxean otordu bat partekatzea bezain gauza sinple eta intimoa migratutako pertsonak eta bertakoak hurbiltzeko modu bat izan zitekeela pentsatuta". Ekitaldi hori urtero hasi zen errepikatzen, Europako hainbat herrialdetan hedatu zen, eta 2013an Euskal Herrira iritsi zen. Horri esker, hainbat elkartek eta udalerrik hartu zuten lekukoa, tartean Getxokoak, eta ordutik hala jarraitzen dute egiten gaur egun ere. "Urte batzuk igaro zirenean, ekimen horren potentziala topaketa sortzeko aukera gisa ikusi genuen, eta apur bat aldatu genuen, indartsuagoa izan zedin. Orain bertan, urteroko Bizilagunak jardueren programa bat dugu, eta, horren bidez, hainbat ekintza antolatzen ditugu urtean zehar, pertsonak elkartu, partekatu eta Bazkariak programaren ekitaldi arrakastatsuan parte hartzera animatzeko", azaldu dute antolatzaileek.
Metodologia
Erreportaje hau egiteko, EITBk eta Tokikomek Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako (INE) udal-erroldei buruzko datu demografikoak bildu, prozesatu eta aztertu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako datu guztiak deskargatu dira, eskualdeka eta udalerrika banatuta, 2002tik 2021era; azken urte hori erakundeak 2022ko urtarrilaren 1ean argitaratutako erroldei buruzko datuei dagokiena izan da.
Immigrantearen jatorria zehazteko, INEk pertsona horien jaioterriak jasotzen ditu, herrialde bakoitzeko komunitate handietan multzokatuta. Hala ere, kasu batzuetan ezin izan da identifikatu jaiotzaren leku zehatza, eta, beraz, jatorrizko kontinenteagaz batera katalogatu dira “Besteak” atala zehaztuta.
Datuak antolatu ondoren, immigrazioaren joerak eta bilakaerak identifikatzeko azterketak egin dira, nazio- zein toki-mailan. Prozesu horretan, hainbat bisualizazio egin dira balizko istorioak aurkitzeko. Gainera, informazio osoagoa lortze aldera, elkarrizketak egin dira askotariko adituakaz.