Euskal Herria urte luzez "anomalia" bat izan dela adierazi zuen Arkaitz Fullaondo zure lankideak 2018an egin genion elkarrizketa batean. Gaur egun errealitate multikultural horretatik hurbilago gaudela esango zenuke?
Euskadiko azken urteetako datuei erreparatzea besterik ez dago aniztasun soziokultural gero eta handiago baten aurrean gaudela ikusteko, eta horrek gora egingo du, atzerritar jatorriko etorkin gehienek Euskadin geratzeko asmoa dutelako. Gaur egun, INEren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen % 11,5 inguru atzerritar jatorrikoa da. Arkaitz Fullaondok esan zuen bezala, 2000. urtera arte, gutxi gorabehera, ez ginen hasi atzerritar jatorriko pertsonen etorrera ikusten. Oparoaldi horretatik eta hazkunde ekonomikoko garaitik gaur arte, atzerritar jatorriko pertsonen etorrera etengabea izan da, krisi garaietako jaitsiera logikoekin, dela ekonomikoa, dela azken pandemia hau. Hala ere, immigrazioa egitate estrukturala da, eta zantzuek adierazten dute immigrazioa jasotzen jarraituko dugula datozen urteetan, orain arte bezala.
Testuinguru horretan, nolakoa da gaur egun immigrazioaren egoera Uribe Kostan?
Erroldako azken datuen arabera (INE, 2022), gaur egun, Uribe Kostan 17.296 pertsona atzerritar jatorrikoak dira, hau da, biztanleria osoaren % 9,97. EAEn lehen aipatu dugun ehunekoa baino zertxobait txikiagoa da. Halaber, datuek erakusten dutenez, Uribe Kostan, oro har, Euskadin baino migrazio feminizatuagoa dugu; zehazki, atzerritar jatorriko pertsonen % 56,3 emakumeak dira. Horren arrazoia da, hein handi batean, lan feminizatuen eskaera handia dagoela, hala nola etxeko zerbitzua eta zainketa-lanak.
Udalerriei dagokienez, Getxok eskualdeko atzerritar jatorriko biztanleen % 47 biltzen du. Getxo, Leioa eta Erandio dira guztizkoaren ia % 85 duten hiru udalerriak. Immigrazioa Uribe Kostan kokatzen amaitzeko, eskualdeko etorkin gehienak latinoamerikarrak direla esango nuke, Boliviakoak (% 12,9) eta Kolonbiakoak (% 11,1) batez ere. Horien kasuan, ia % 60 emakumeak dira.
Etorkizuneko egoera. "Migrazioa fenomeno estrukturala da, ez koiunturala; 20 urte baino gehiago daramatzagu horri buruz hitz egiten eta egoera aztertzen. Ez dezagun ahaztu harrera, baina, batez ere, Euskadin geratzeko eta seme-alabentzat etorkizun hobea bilatzeko iritsi diren familiei buruz ari garela. Pertsona atzerritarrak iristen jarraituko dira, baina hemen urteak daramatzatenak dagoeneko finkatuta daude, gure gizartearen parte dira. Beraz, guztion erantzukizuna da euskal gizarte askotariko batean bizi garela sentiaraztea"
Pandemiak zer nolako eragina izan zuen eskualdeko joan-etorrien fluxuetan?
Denok dugu gogoan COVID-19aren pandemiak eta osasun-krisi gogorrak eragin dituen ondorioak. Immigrazioa ere ez da egoera horretatik kanpo geratu. Krisi guztietan, 2008koan edo azken honetan, gizarte-desberdintasunak areagotu egin dira, eta Euskadin bizi diren migratzaileak krisi horien ondorio ekonomiko eta sozialak pairatzeko arrisku handiena duten kolektiboetako bat dira, bai egiturazkoak, baita sanitarioak ere. Horrek ere eragin du atzerritar jatorriko pertsonen etorrera nabarmen murriztea, Euskadin % 73,4ko atzerakada izan baita pandemiaren aurreko urteekin alderatuta. Uribe Kostan ere geldialdia gertatu da etorreretan urteotan, eta atzerriko jatorriko biztanleria % 9,7-9,9an mantendu da. Azken urte honetan susperraldia eta gorakada nabaritu dira, % 10eraino iritsi baitira.
Ikuspegik argitaratu duen Zabaldu txostenean azpimarratzen denez, migratzaileen lanaren eta etxebizitzaren errealitatea ezagutzeak aurreiritziak eta estereotipoak berrikusteko eta sentsibilizazioa bultzatzeko lagun dezake. Nolakoa da gaur egun etorkinekiko dugun jarrera?
Bai, martxoan Zabaldu monografikoa aurkeztu eta topaketa bat egin zen. Bertan, hainbat zientzia-arlotako adituek desberdintasuna sortzen duten eta kolektibo, gizarte-talde eta pertsona jakin batzuei eragiten dieten ardatzei buruzko ondorioak aurkeztu zituzten. Lehen zenbaki honen helburua da Euskadiko aniztasunari buruzko hausnarketa soziologikoa egitea, zentzurik zabalenean. Kapitulu horrek aukera eman digu desberdintasuna zehazten duten hiru eremu nagusietan sakontzeko: lanekoa, bizitegietakoa eta hezkuntzakoa. Atzerritar jatorriko biztanleriak aurre egin behar dien zailtasun ekonomikoek –beren artean elikatzen diren zailtasunak– ondorio garrantzitsuak dituzte: bizileku-baimenak berritzea, familia berriz elkartzea, erroldan sartzea, pilatzea, etab. Atzerritarrek etxebizitza-jabetzan nahiz alokairuan eskuratzeko dituzten zailtasunak ere aztertu dira, eta lan-merkatuan, gainera, arazoa larriagotu egiten da emakumeak edo gazteak badira.
Gure gizarteak talde horien aniztasunari buruz dituen pertzepzio eta jarrerei dagokienez, azpimarratu behar da euskal gizarteak oso irekitasun-maila esanguratsua duela, bai talde horietako pertsonekin dituen harremanei dagokienez, baita aniztasuna sustatzearen alde agertzen denari dagokionez ere. Hala ere, oso deigarria da irekitasun-maila hori murriztu egiten dela beren seme-alabek azterlanean aipatutako taldeetako pertsonekin izan ditzaketen harreman sentimentalei buruz galdetzen denean.
"Enpleguarekin batera, hezkuntza integraziorako funtsezko tresna da, eta erakundeek ikasgeletako errealitateari hobeto erantzuteko ikuspegia duen hezkuntzaren alde egin dute, ezberdintasunak aberasgarriak baitira. Baina erronka asko daude aukera-berdintasuna bermatzeko"
Azken urteko inflazioak eragin nabarmena izan du eroste-ahalmenean, pertsona migratuei nola eragiten die horrek?
Gaur egun pairatzen ari garen inflazio ekonomikoa pertsona guztiok nabaritzen dugu, baina ez digu guztioi berdin eragiten. Batez ere, jatorrizko herrialdeei dirua bidaltzeko hilero aurrezten duten atzerritar jatorriko familiei prezio altuek birritan jotzen diete: Euskadin duten etxean eta jatorrizko herrialdean.
Zeintzuk dira etorkinek lan-munduan sartzeko dituzten aukerak?
Lan-sektoreen arabera. Gaur egun, EAEn lan egiteko adinean bizi diren atzerritar gehienak lanean ari dira edo lan bila daude. Hala ere, atzerriko biztanleriaren langabezia-tasa % 28 ingurukoa da, bertako biztanleriarena baino nabarmen handiagoa. Hori, neurri handi batean, atzerritar jatorriko pertsonak bilatzen dituen sektorearen araberakoa da. Euskadin, enplegu gehiago dago lanpostu kualifikatuetan, eta atzerritarrei kosta egiten zaie horrelako lanak lortzea. Migratzaile gehienak zerbitzu eta industrian sartzen dira; halaber, Espainian, eraikuntzaren eta ostalaritza-zerbitzuen sektoreek enplegu handia eskaintzen diete etorkinei. Hori batez ere gizonek egiten dute; izan ere, emakumeek zainketa-lanak eta etxeko sektoreko lanak nonahi aurkitzen dituzte, eta Euskadin enpleguen herena osatzen dute horiek. Uribe Kostan etxeko lanen eta zainketen sektorearen eskaintza oso handia da, bai biztanleriaren zahartzeagatik, bai horrelako enpleguak dituzten familien beharragatik.
Gurean, atzerritar gehienak Latinoamerikatik etorritakoak dira, batez ere, Bolivia, Kolonbia edo Paraguaitik. Zergatik?
Latinoamerikako emakumeek eskaera bat betetzen dute: etxeko zerbitzuan eta zaintza-lanak egitea. Jatorri gehiago daude, baina Uribe Kosta eremu erresidentziala eta maila sozio-ekonomiko altukoa da eta horrek eragin handia du; beraz, hemengo gizartearen eskariaren araberakoa da. Hori dela eta, Kolonbiako eta Boliviako emakume gehiagok dute migrazio-tradizio handiagoa hemen, eta horrek dei eta berrelkartzea ere eragiten du.
Udalerrien arabera ere aldatzen dira etorkinen jatorria; adibidez, Leioan eta Urdulizen marokoar gehien daude eta Barrikan europar asko dago. Zeintzuk dira horretan eragiten duten faktoreak?
Herri txikietan bizi diren atzerritarrei buruz ari gara. Komentatzen dituzun europarrei buruz, agian, maila sozioekonomiko eta hezkuntza ertain-altua dutenei eta lanpostu kualifikatuetan lan egiten dutenei buruz ari gara. Normalen, EAEko biztanleriaz ari garenean gure imajinarioan dugunarekin alderatuta, profil hori pixka bat desberdina da. Eta Leioan eta Urdulizen kasuetan, adibidez, enplegua da erakargarri nagusia; ondo komunikatuta dauden udalerriak dira horiek eta, ondorioz, lana aurkitzeko eta familiarekin eta familia-sarearekin egoteko aukera duten eremuetatik gertu daude.
Getxon, filipinarren kasua deigarria da...
Bai, hala da; duela urte askotatik Estatuko komunitate filipinarrik handienetako bat dago bertan. Esan bezala, Uribe Kosta osoan feminizazio-tasa handia dago atzerritar jatorriko biztanleen artean. Zehazki, Getxo bereziki nabarmentzen da zaintza-zerbitzuetan, adinekoen eta haurren zaintzaren lan-nitxoetan. Filipinetako emakumeak haurrak zaintzeko eta garbiketako lan horietan biltzen dira batez ere. Eskaria badago, eta leku sendoa dute herrian.
Etorkinek zeren arabera erabakitzen dute hemen errotu edo urte batzuen buruan euren jaioterrira bueltatzea? Zeintzuk datu maneiatzen dituzue horren inguruan?
Oro har, jatorrizko herrialdeetatik alde egiteko arrazoiaren araberakoa da. Baina EAEn bizi diren atzerritar jatorriko biztanle gehienek, bost urteren buruan galdetu zaienean, Euskadin biziko direla diote. Hortik epe luzeagora dezente jaisten da portzentajea. Baina familiarekin badaude eta seme-alabak hemen hazten ari badira, haien helburu nagusia da eurei etorkizun hobea ematea eta Euskadin ikastea eta lan egitea. Agian, zaharragoak direnean itzuliko dira; adibidez, Extremadurako jende asko, hemen bizitzen zena, erretiro-adinean euren jaioterrira bueltatu da. Azkenean, badu nolabaiteko paralelismoa.
Zerk baldintzatzen du etorkinen egoera erregularizatzeko prozesua, eta nolakoa da hemen dauden etorkinen batez besteko egoera?
Erregularizazio-prozesuan zenbait baldintza bete behar dira, hala nola hiru urtez egoera administratibo irregularrean egotea, eta hemen erroldatzea oso garrantzitsua da. Gizartean errotzea da ohikoena, eta orain ere prestakuntzan ari dira ahalegintzen asko. Halaber, lanpostu bat lortzea ere oso garrantzitsua da. 2018ko AEIren –Estatuko Ikerketa Agentzia– arabera, etorkinen % 5 baino gutxiago dago egoera irregularrean EAEn; ez gara ari irregularren poltsa handi bati buruz, eta, zentzu horretan, Latinoamerikako jatorria da bere migrazio-tradizioagatik erregularizazio handiena lortu duena.