Gaude elkarteko langileen borrokak aniztasun funtzionalaren sektorerako akordioa eta hobekuntzak lortu ditu

Nahia Martinez Gondra · Iker Rincon Moreno 2023ko uzt. 5a, 08:23

Gaude enpresako langileek borroka luzea egin dute akordioa lortzeko.

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Gaude elkarteko langileek akordioa lortu dute, eta, horri esker, aniztasun funtzionalaren sektorean lan egiten duten 150 beharginen soldatak % 20,85 igoko dira, eta zaintzaileenak, berriz, % 53. Era berean, lanaldiak murriztuko dituzte, eta, besteak beste, lanaldi jarraituak errazteko neurriak hartzeko konpromisoa ezarri dute. Sindikatuak akordio horren garrantzia nabarmendu du, "eztabaidaezina" delakoan: "Gaudeko langileek egindako mobilizazio, lanuzte eta greba-egun ugarien emaitza da".

Borroka luze baten ondoren, akordioa lortu dute Gaude elkarteko langileek arduradunakaz. Hori dela eta, LAB sindikatuak nabarmendu du argi geratu dela langileen arteko batasuna borroka-klabean jartzea eraginkorra dela eskubideak lortzeko eta lan baldintzak hobetzeko, "baita zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ere".

Gaudeko langile batzordeko Borja Lloninek adierazi duenez, lortutako akordioa aurrerapauso handia da langileentzako: "Gure helburua zen soldatak Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratzea, eta lortu dugu. Horretaz gain, ikastaro ofizialetako euskarazko ikasketen % 25a lanordutzat hartuko dira, eta matrikulen ordainketak elkarteak egingo ditu. Beraz, euskararen aldeko apustua oso handia da, hori beste lorpenetako bat. Beraz, oso pozik gaude, helburua lortu ez ezik, gainditu dugulako".

Akordioari esker, Gauden beharrean dauden 150 langilek euren lan-baldintzak hobetuko dituzte. Hala, eros ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak izango dituzte, % 20,85eko igoera finkoa dakartenak langile guztientzat. Gainera, berrikuspen-klausula bat izango dute, oraindino ezagutzen ez diren KPIak kopuru hori baino handiagoak izango balira.

Horrez gainera, zaintzailearen kategoria kentzea lortu dute, eta haien parekatzea ere. Horri esker, langileen % 20ri baino gehiagori dakarkie hitzarmenaren indarraldiaren amaieran % 53,5eko soldata-igoera izatea. "Soldata eskala bikoitz hori ezabatzea aurrerapauso handia da prekaritatearen aurka, eta balio handia ematen diogu", nabarmendu dute.

Lortutako beste puntuetako batzuk dira lanaldia murriztea, 1.592 orduak finkatu arte; 35 orduko lanaldi-murrizketa 10 hirurteko dituzten beharginentzat; lanaldi jarraituak erraztea; Bizkaiko Foru Aldundiagaz hitzartu gabeko zerbitzuetan lan egiten duten langileen lan-baldintzak parekatzea; antzinatasunean zegoen muga ezabatu eta kontzeptu hori inolako mugarik gabe handitzea; eta prestakuntzak areagotu eta hobetzea, besteak beste.

Langileek Bizkaiko Foru Aldundia egin dute erantzule zerbitzuaren kalitatea prekarizatu eta senideak eta langileak aurrez aurre gura dituen sistema bat inposatzeaz, zerbitzu publiko honen titular gisa duen erantzukizunari muzin eginez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun